Berria

SHCity, finalista Europako ILUCIDARE sarietako berrikuntzaren kategorian

2020ko ekainaren 5a

SHCity plataforma teknologiko bat ezartzen ari da, Ávilan, hiriko multzo historikoaren kudeaketa eta kontserbazioa errazteko, Mundu Ondare izendatua baitu UNESCOk

Smart Heritage City ekimena (SHCity), zeinak balio izan baitzuen Ávila ondare-hiri adimendun bihurtzeko, finalista geratu da Europako ILUCIDARE sarietan. Antolatzaileak zen bereko partzuergoa, Europako Batzordea eta Europa Nostra dira.

Sariak ondare esparruko proiektu nabarmenen balioa aitortzen du, eta udazkenean emango da irabazlearen berri. SHCityrekin batera, beste bi lankidetza-proiektu dira lehian berrikuntzaren kategorian, Herbeheretan eta Estonian garatuak.

Diagnostikoa eta erabakiak hartzea erraztea

Sentsoreek jasotako datuak gehitzen zaizkie lehendik dauden beste sistema batzuetatik lortutakoei, eta informazio-fluxua sortzen da hala, ondare-kudeatzaileen lana errazteko. Ordenagailu batetik, kontrol-panel batera sartzen da, eta, hiriaren 3D eredu baten bidez, monitorizatutako eraikin bakoitzaren informazioa eskuratu daiteke online.

Horrela, eraikin bakoitzean zer gertatzen den jakinda, informazio objektibo eta zehatzarekin, diagnostikoa eta erabakiak hobetu daitezke. Gainera, plataformak alerta bat igortzen du arriskuren bat edo kontrolik gabeko parametroren bat atzemanez gero, berehala erantzun ahal izateko.

Turistentzako eta panel interaktiboetarako aplikazioa

Ondarearen kudeatzaileentzako plataformarekin batera, SHCityk turistentzako aplikazio bat garatu zuen, QR kode baten bidez deskarga daitekeena. Kode horrek monitorizazio-sistemek bildutako informazioa aprobetxatzen du, eta ikuspegi dibulgatzaileagoa ematen du.

Aplikazioak aukera ematen dio bisitariari hirian zehar bere ibilbideak diseinatzeko, eta, horretarako, honako hauek baloratzen ditu: zenbat denbora duen, zer gune interesgarri dituen gertu, edo zeinetan itxaron beharko duen denbora gutxiago, une horretan bisita gutxiago daudelako. Gainera, panel interaktiboak jarri ziren, itsuek zenbait datu interesgarri eskuratzeko aukera izan dezaten.

“Kudeaketa adimenduna eta kode irekia ebaluatzeko tresna bati lotutako sentsore-sare bat garatzean, ondarean oinarritutako berrikuntza teknikoaren adibide bikaina da proiektu hau”, argudiatu dute ILUCIDARE sarietako epaimahaikideek. “Irtenbide adimentsua eta originala da; eta ondarea kudeatzeko hainbat alderdi lantzen ditu modu holistikoan, ingurumen- eta segurtasun-kontuak barne, eta horrek erabakiak hobeki hartzea dakar”. Sarietako epaimahaiak nabarmendu du proiektuak ahalmen handia duela “Europa osoko hiri-ondareko beste testuinguru batzuetan aplikatzeko”.

Erreplikagarritasuna zen SHCityren erronketako bat, eta horregatik eman ziren prototipoak Sintra-Cascais (Portugal) eta Ribarroja de Turia (Valentzia, Espainia) hirietan garatzeko.  1.194.333 euroko inbertsioa egin zen, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) esparruan, Interreg V Sudoe programa europarraren barruan.

Espainiako, Frantziako eta Portugalgo profesionalez osatutako diziplina anitzeko talde batek hartu du parte. Erakunde hauetakoak dira ikertzaileak: Santa María la Real Fundazioa, AIDIMME Institutu Teknologikoa, CARTIF Zentro Teknologikoa, Universidade Nova de Lisboako Zientzia eta Teknologia Fakultatea, NOBATEK eta TECNALIA.

ILUCIDARE sariak

“ILUCIDARE Sari Bereziek erakusten dute kultura-ondareak nola lotzen dituen gure iragana, oraina eta etorkizuna. Agerian uzten dute Europako ondare partekatuak ahalmen itzela duela berrikuntza sustatzeko eta nazioarteko kultura-lankidetzaren bidez EBk munduan duen zeregin positiboa bultzatzeko”, azaldu du Mariya Gabrielek, Europako Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako komisarioak.

“Garai zail hauetan, inspirazio handia dira guretzat ILUCIDARE Sari Berezi sortu berrietarako hautatutako proiektuak. Talentuaren Europako benetako txapeldunak dira. Orain, inoiz baino gehiago, kulturaren, ondarearen, berrikuntzaren eta ikerketaren munduak mobilizatu eta elkartu behar ditugu, eta gure nazioarteko lankidetzak indartu. Zorionak eman nahi dizkiet hautatutako proiektuei, kultura-ondarea Europa berreskuratzeko eta berpizteko katalizatzaile ahaltsua dela erakusteagatik”, adierazi du amaitzeko.

ILUCIDARE Sari Berezien bi irabazleak 2020ko udazkenean jakinaraziko dira. Bata, ondarean oinarritutako berrikuntzaren bikaintasunaren arloan, eta bestea, berriz, ondarean oinarritutako nazioarteko harremanetan bikaintasunaren arloan.
ILUCIDARE Sari Bereziek Europar Batasuneko Horizonte 2020 Ikerketa eta Berrikuntza programaren laguntza dute, eta orobat Kulturarako eta Europar Batasuneko ikus-entzunezko sektoreetarako Europa Sortzailea Programarena, zeinak babesten baititu Europako Ondarearen Sariak / Europa Nostra Sariak.