Berria
Datu-espazioetan berrikuntzak egiten ditugu segurtasuna hobetzeko
Berria
Esparru-hitzarmen estrategiko bat sinatu dute, eremu hauek nabarmenduz: fabrikazio aurreratu eta aditiboa, neuroteknologia eta material aurreratuak
Bordeleko Unibertsitateak (BU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak harremanak sendotu dituzte esparru-hitzarmen estrategiko bat sinatuta. Hitzarmen horren azken xedea da soluzio teknologikoak garatzea elkarrekin Akitania Berria- Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko enpresen merkataritza-beharrak asetzeko eta haien lehiakortasuna handitzeko. Gaur sinatu dute hitzarmena, Euskampus Fundazioaren Patronatuaren bileran, bi erakundeak Patronatu horretako kide baitira.
Eremu hauek ditu ardatz hitzarmenak: fabrikazio aurreratu eta aditiboa, neuroteknologia, material aurreratuak eta Euskampusen ezagutza-poloak (itsas energia berriztagarria, material berriak, uretako eta lehorreko ekosistemak, 4.0 industria, osasun-zientziak eta -teknologiak, eta datuen zientzia eta digitalizazioa). Horrez gainera, eta ezagutza BPG bihurtzeko xedez, hitzarmen horrek hainbat jarduera aurreikusten ditu: enpresen garapena, balio bateraturako proposamena, ikerketa-programa bateratuak, negozioen eta ekintzailetzaren arloko programak eta ekimenak, eta abar.
Hitzarmen hori dela eta, TECNALIAK eta BUk proiektuz eta jarduerez betetako 2019a dute aurrez aurre. Enfasi berezia jarriko zaie industria-teknologiaren transferentzia-proiektuei, baliabide teknologikoen ikerketa eta garapen bateratuari, eta negozioak batera garatzeko jardueren sistematizazio eta sustapenari.
Ikuspegi hori gauzatzen duten fabrikazio aurreratuaren eta aditiboaren arloko bi proiektu detektatu dira dagoeneko. Lehen proiektuak fabrikazio aditiboko prozesuen in situ analisiak jorratzen ditu. Analisi horiek aldizka egin behar izaten dira, eta, industriaren behar horrek bultzatuta, BUk neurketa-kanpaina bat egin zuen, TECNALIAk kasu-azterketa baterako egindako muntaketa bat oinarri hartuta. Bigarren proiektuak industriaren beste eskaera bat du oinarri: muturreko baldintzak jasateko gai diren material iraunkorren garapena. BUk lehengai jakin batzuen garapenari buruz duen ezagutza aplikatuko da ingurune industrial batean, bai eta TECNALIAK kasuan kasuko propietateei buruz eta parametroen konfigurazioei buruz duen jakintza ere.