Berria

TECNALIAk sari bat jaso du Europan zementua gogortzeko eta sektoreko ekoizpena hobetzeko aditiboari esker

2019ko urriaren 8a

EARTOk hirugarren saria eman digu Impact Expected kategorian: teknologiak, aplikatu ostean, gizartean izan dezakeen proiekzioa aitortzen du

TECNALIAk sari bat jaso du Europan, zementua % 35 azkarrago gogortzeko garatu duen aditiboari esker. Sari honen bidez, EARTOk aitortzen du saritutako berrikuntzak aplikatu edo martxan jarri ondoren gizartean izan dezakeen proiekzioa eta benetako inpaktua.

Enpresen lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko helburuaren bidean garatu dugu teknologia hori, eta munduan indar handia duen sektore batean aplikagarria da. Hain zuzen ere, 4.650 milioi tona zementu kontsumitzen da urtean munduan, eta 350 bilioi euroko negozioa mugitzen du (Espainian 14 milioi tona, eta Europan 25 bilioi euro).

Horregatik, belaunaldi berriko aditibo bat sortu dugu, hormigoien eta morteroen merkaturako prestazio handiak eskaintzen dituena. Zementuaren gogortze-prozesua bizkortzen du, eta, era berean, azken produktuaren kalitatea bermatzen.  Hori gertatzen da aditiboak hazi bat balitz bezala jarduten duelako, zementuaren hasierako hidratazio-prozesua bizkortuz, hau da, hasierako faseetako gogortzea bizkortuz, eta prestazio mekanikoak hobetuz.

Ondorioz, gogortze-denbora % 35 murrizten da, eta erresistentzia % 400 handitzen da lehen zortzi orduetan. Gainera, aditibo hori hondakin industrialetatik sortuta dagoenez, ekonomia zirkularra dakar, eta murriztu egiten du teknologiaren kostua: kaltzio oxidoak (karea) eta silizio oxidoak (errauts hegalariak) ingurune akuoso batean duten erreakzioaren ondorioa da. Erreakzioa erreaktore hidrotermiko batean gauzatzen da, ura, presioa eta tenperatura konbinatuz. Adibidez, 100 °C eta 350 ºC bitarteko tenperaturan, erreakzioak 30 minutu soilik iraun dezake.

Azken batean, teknologia jasangarri eta eskuragarri bat garatu dugu, aurrefabrikazioaren, mortero proiektatuaren eta oil&gas industriarako, besteak beste, produktibitatea handitzeko.

EARTO, European Association of Research and Technology Organizations

1999an sortu zuten EARTO, Europako Ikerketa eta Teknologiako Erakundeen Elkartea. 350 erakunde baino gehiago ditu, hogei herrialde baino gehiagotakoak. Berrikuntzaren EARTO saria ematen du urtero 2009tik, bere kideen berrikuntza onenak aitortzeko eta Europako ekonomia moderno eta berrikuntzakoan duten garrantzia agerian jartzeko.

EARTO Innovation Awards 2019 sariak Fraunhofer eta  CEAri eman dizkiete gaur, Bruselan egindako ekitaldi batean.

Fraunhofer alemanak Impact Delivered category saria jaso du, software Multi-Criteria Optimisation (MCO) erreminta garatzeagatik. Minbizia erradioterapia bidez tratatzeko euskarri batean erabiltzeko da, eta biziraupen-tasa igotzen, efektu negatiboak gutxitzen eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du.

Bestalde, CEA frantziarrak Impact Expected category saria kaso du Smart Energy Hub sistemaren garapenagatik. Energia-kogenerazio eta -metaketako sistema hibrido bat da, eta aukera ematen du eraikinetan energia garbia, propioa eta tokikoa erabiltzeko.