Berria

Udalerriek tresna berri bat dute klima aldaketara egokitzeko kudeaketari laguntzeko

2019ko uztailaren 12a

Arrakastaz ezarri da Nafarroan, Bartzelonan eta Kantabrian

HADAS-PACT kudeaketa-tresna integratu bat da, tokiko politika gakoak eta adierazleen transferigarritasuna klima aldaketara egokitzen laguntzeko; alkateek klimarako eta energiarako sinatu duten hitzarmenerako kudeaketa- eta erantzun-eredua

Segida analitiko egituratu baten bidez, udalerriak mehatxu klimatiko nagusien aurrean duen zaurgarritasun eta arriskuaren hurbilketa bat egin daiteke ereduarekin. Klima aldaketara egokitzeko planak egiten ari diren edo dagoeneko egokitzapen-plan bat baduten udalerriei ere laguntzen die kudeaketan.

HADAS-PACTen proba pilotu bat arrakastaz egin da Nafarroako Foru Erkidegoan, udaletan erantzukizun teknikoa eta politikoa duten pertsona-talde zabal batekin eta klima-aldaketara egokitzeko politikak sustatzen dituzten udalaz gaindiko erakundeekin.

Ondoren, beste bi autonomia erkidegotan probatu da tresna, tokiko beste testuinguru batzuetara transferigarria den edo ez aztertzeko. Batetik, Bartzelonako diputazioarekin eta Bartzelonako Metropolialdearekin (AMB): erakunde horiek laguntza teknikoa ematen diete beren udalerriei, Klima eta Energia Jasangarriko Ekintza Planak (PACES) sustatzeko eta kudeatzeko. Eta bestetik, Kantabriako Gobernuaren Ingurumena Ikertzeko Zentroarekin (CIMA) eta Kantabriako Jasangarritasun Sare Lokalarekin; erakunde horiek Kantabriako udalei laguntzen diete jasangarritasun- politikak sustatzen erkidegoan.

Ariketa horri esker, hurbilagotik ezagutu ahal izan dira beste testuinguru batzuk eta klima-aldaketara tokiko eskalatik egokitzeko politikei heltzeko beste modu batzuk. Halaber, egokitzapenak egin zaizkio tresnari, beste udalerri-mota batzuetan ere erabilgarria izan dadin.

HADAS-PACT tresnak arreta berezia jartzen du klima eta energiaren aldeko alkateen hitzarmena sinatu duten udalerrietan. Haiei planekin lortutako aurrerapenak kudeatzen eta aurrerapen horien txostenak egiten laguntzea da asmoa, eta, orobat, egindako aurrerapenen eta lortutako emaitzen ikuspegi orokor bat ematea.

HADAS PACT tresna TECNALIAk eta Eneak garatu dute elkarlanean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren laguntzarekin. HADAS-PACT tresna e-ADAPTA tresnan oinarritzen da, zeina lantalde berak garatu baitzuen Eusko Jaurlaritzaren Klimatek 2017-2018 deialdiaren esparruan; deialdia Euskadin klima aldaketara egokitzeko lanekin lotutako berrikuntza- eta demostrazio-proiektuetarako zen.