Berria

Zahartze aktiborako berrikuntza eta teknologia

2023ko azaroaren 10a
Innovacion-tecnologia-envejecimiento-activo-Tecnalia

"Zahartze aktibo eta osasungarriaren esparruan, gure helburua da teknologia osasunaren zerbitzura jartzea"

Prebentzio-, diagnostiko- eta tratamendu-etapetarako produktu eta zerbitzu pertsonalizatuak garatzea bultzatzen dihardugu, zahartze aktibo eta osasuntsura bideratutako ikuspegi integral baten bidez.

Pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko soluzio teknologikoak garatzen dihardu TECNALIAk bide hauen bidez: arriskuak eta gaixotasunak prebenitzea, gaitasun fisikoak eta kognitiboak mantentzea eta pertsonen jarduera eta parte-hartze soziala mantentzea.

Hala erakutsiko dugu egun hauetan,Adinberri Silver Forum-en, Euskadin egiten den zilarrezko ekonomiaren nazioarteko lehen foroan. Bertan, ikusgai izango ditu monitorizazio- eta diagnostiko-biosentsoreak: gaixotasunak bahetzen, prebenitzen eta goiz detektatzen laguntzen dute, bai eta tratamenduari jarraipena egiten zein tratamenduaren aurrean nola erantzuten den iragartzen ere.

Zahartze aktiborako berrikuntza eta teknologia

Gure helburua da ingurune osasungarriak sustatzea, haien bidez pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea zaintzeko eta hobetzeko. Horregatik, epe luzeko zaintza- eta osasun-sistemak, elikadura, garraioa, etxebizitza, hiria eta lantokia eraldatzera bideratzen dugu gure jarduera teknologikoa”. Hala, TECNALIAk badauzka pertsonaren zahartze osasuntsura bideraturiko konponbide teknologiko batzuk, hiru arlo hauetan oinarrituak: arriskuak eta gaixotasunak prebenitzea, gaitasun fisiko eta kognitiboak mantentzea eta jarduera eta ekintza sozialak mantentzea.

Elikadura osasungarriaren esparruan, TECNALIAk osagai aktiboak garatzen ditu elikagai osasungarriago, orekatuago eta nutrizio-balio handiagokoak sortzeko (koipe gutxiagoko elikagaiak, zuntz ugarikoak, omega 3 dutenak eta abar). Konposatu aktibo horiek (esterolak, probiotikoak, bitaminak, prebiotikoak, sinbiotikoak…) eragina dute intzidentzia handiko gaixotasunak prebenitzen, hala nola sindrome metabolikoa, minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta abar.

Entrenamendu optimizaturako gailuak

TECNALIAk pertsonen gaitasun funtzionalaren balorazioari eta entrenamenduari laguntzeko gailuak garatzen dihardu; zehazkiago, pertsonaren jarrera-kontrola edo oreka kontrolatzeko, erortzeko arriskua murriztearren. Horretaz gain, adineko pertsonentzako indarra entrenatzeko programak pertsonalizatzeko eta optimizatzeko soluzioak eskaintzen ditu.

Helburua da pertsona eta muskulu-talde bakoitzerako entrenamendu-maiztasun egokiena zehaztea, seinale elektrofisiologikoak neurtzeko teknologiak, estimulazio elektrikoa eta adimen artifizialeko algoritmoak konbinatuz. Entrenamendu fisikorako soluzioen osagarri, entrenamendu kognitibo eta sentsoriala ere egiten da, VR eta/edo AR teknologia erabiliz eduki pertsonalizatuak sortzeko plataforma baten bidez.

Biosentsoreak eta osasunaren monitorizazioa

Diagnostikorako biosentsoreen arloan (in vitro eta in vivo diagnostikatzeko eta monitorizatzeko gailu eramangarriak), sentsore elektrofisiologiko eta elektrokimiko ez-inbaditzaileen bidez osasuna monitorizatzeko soluzioak eskaintzen ditu. TECNALIAk elektrodo anitzeko adabaki batean oinarritutako biosentsoreak garatu ditu honako hauekin loturiko biomarkatzaileak detektatzeko: estresa (kortisola), nekea (laktatoa), hidratazioa (sodioa), bihotz-maiztasuna edo tenperatura.

Adineko pertsonen arrisku-faktoreak detektatzeko aplika daitezke soinean eramateko soluzio horiek. Halaber, eremu anitzeko elektrodoen teknologia erabiltzen dute gaitasun fisikoa hobetzeko; adibidez, aukera ematen dute muskuluak aktibatzeko eta ukimenezko atzeraelikadura eskaintzeko, baita elektrodoak ehunetan integratu eta hala soinean eramateko gailuak sortzeko ere.

Medikamentu berriak

Bestalde, TECNALIAk adinekoei bereziki zuzendutako medikamentu berriak diseinatu eta garatu ditu, eta haiek hartzea eta tratamenduekiko atxikimendua erraztu du farmazia-formatu atseginagoen bidez. Esparru horretan, medikamentuak 3Dn inprimatzeko teknologia sartzen da, laguntzen baitu medikazio pertsonalizatuagoa sortzen, adibidez, polimedikazioaren kasuetan.

Ingurune osasungarriak

Eta beste jarduera-eremu bat “hiri atseginak” dira: TECNALIA adinekoentzat atseginak diren hiriak lortzeko hiri-plangintzako tresna bat garatzen ari da, biki digitalaren teknologian oinarritua. Ildo horretan, aipatzekoa da adinekoentzako ibilbide atseginen planifikatzaile bat, ingurunean mugitzen errazteko.