Prentsa-oharra

Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta TECNALIAren arteko lankidetza-hitzarmen estrategikoa Akitania Berriko ETEen lehiakortasuna bultzatzeko

2019ko apirilaren 8a

Alain Rousset Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko lehendakariak eta Emiliano López Atxurra TECNALIAko lehendakariak lankidetza estrategikoko esparru-hitzarmen bat sinatu dute Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta TECNALIAren artean, 2019ko apirilaren 8an, Bordelen, Eskualde Kontseiluaren egoitzan.

2019ko apirilak 8, astelehena. 

Ekitaldian izan dira, orobat, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburua, Gérard Blanchard Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko lehendakariordea eta goi-mailako ikasketen eta ikerketaren arduraduna, eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko zuzendari nagusia eta EARTOko lehendakariordea.

Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta TECNALIA Europako ikerketa eta garapen teknologikoko erreferentzia zentroaren arteko elkarlanak esparru-hitzarmen bat ekarri du, eta, haren bidez, Akitania Berriaren industria- eta ikerketa-ehunaren lehiakortasuna indartu ahal izango da TECNALIAren ahalmen zientifiko eta teknologikoaren laguntzaz.

Izan ere, hurbiltasun geografiko, kultural eta politikoari eta TECNALIAk Frantzian —eta, zehazki, Akitania Berrian— egin duen ibilbide sendoari esker, aukera izan da, batetik, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta ikerketa eta garapen teknologikoko zentroaren arteko harremana estutzeko eta, bestetik, elkarrekin Akitania Berriaren neurriko estrategia partekatu bat eraikitzeko. Azken urteetan pixkanaka egin den hurbilketa horretatik, lankidetzarako esparru-hitzarmen hau sortu da, datozen urteetako elkarlanaren ildoak ezartzeko. Hitzarmen hori 2019an jarriko da martxan, eta, hasieran, hiru urterako izango da.

Hitzarmenak sei alor zientifiko eta teknologiko biltzen ditu: itsas zabaleko energia berriztagarriak (olatuena eta eolikoa), robotika; materialak eratzeko prozesu aurreratuak eta gainazalen tratamendu aurreratuak; 4.0 mantentze-lanak; zibersegurtasuna; osasunerako teknologiak eta silver economy deritzona.

Proiektu batzuk Akitaniako enpresek aurrean dituzten zailtasun teknologikoak ebazteko izango dira; besteak beste, alor hauetakoak: 4.0 industria, energia berriztagarriak, zibersegurtasuna eta osasuna eta zahartzea. Beste proiektu batzuk egiteko, berriz, lankidetza-aliantzak egingo dira TECNALIAren eta tokiko zentro teknologikoen artean. Horrenbestez, elkarlan horretan, ekimen publiko eta pribatuak garatu ahal izango dira eragileen artean, Eusko Jaurlaritzaren eta Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren laguntzarekin, bi eskualdeen intereseko alorrak direnean.

Datozen hilabeteetan, TECNALIAk bulego berri bat irekiko du Bordelen, hitzarmeneko konpromisoak martxan jartzeko. Lankidetza hau aukera ona da mugaren bi aldeetako eta sektore estrategiko osagarrietako enpresen artean harremanak estutzen lagunduko duten ekimen bateratuak egiteko. Hitzarmen honekin, halaber, mugaz gaindiko lankidetza ere sendotuko da, eta, horrekin, euroeskualdeko integrazioa.

Akitania Berriko Eskualde Kontseiluaren eta TECNALIAren arteko harremana sendotu egin da denboran zehar, ekimen batzuen bitartez, hala nola Nobatek zentroa sortzea eta Bordeleko Unibertsitatearekiko lankidetza (euroeskualdeko Euskampusen esparruan). Testuinguru horrek elkarrizketa iraunkor bat ezartzen lagundu du, eta garbi ikusi da bi erakundeen arteko lankidetzak potentzial handia duela. 

Gaur goizeko topaketan, lankidetzarako esparru-hitzarmen hori aurkeztu dute, eta jarduera-ardatz nagusiak azaldu. Alain Rousset Akitania Berriko lehendakariak hau gogorarazi du: “lankidetza honek berrikuntza-ekosistemak indartzea du helburu, Akitania Berriko eragile guztientzat baitira interesgarriak lehiakortasuna hobetzeko baldintzak sortzeko, eta, bereziki, enpresa eta industria txiki eta ertainentzat. Lankidetza honek, gainera, aukera ematen du TECNALIAk ematen dituen abantailak eskualdeko berrikuntza-eragile guztiei helarazteko (enpresak, interfaze teknologikoko egiturak, laborategiak, etab.), Europako programen finantzazioa lor dezaten.” 

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburuak, berriz, beste hau azpimarratu du: “eskualdeen arteko lankidetza ezinbestekoa da Europa indartsuago eta lehiakorrago bat eraikitzeko. Euskadik, berrikuntza-maila handiko eskualde gisa sailkatua egonik, jauzi kualitatibo bat eman nahi du, eta liderren artean kokatu. Seguru gaude gaurko hitzarmenak horretan lagunduko duela”.

Emiliano López Atxurra TECNALIAko lehendakariak, azkenik, hau nabarmendu du: “TECNALIA korporazio teknologiko bat da eta, laugarren industria-iraultzan murgilduta egonik, bere ahalmenak horretara egokitzen ari da. TECNALIAren bikaintasun teknologikoak bi zutabe nagusitan hartzen du oinarri: batetik, balio-kate batean oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua txertatzeko ahalmena, eta, bestetik, balio-kate hori industriako lehiakortasunaren zerbitzura dagoen balio teknologiko bihurtzekoa. Akitania Berria eskualde esanguratsuarekin hitzarmena sinatzeak aukera historikoa ematen digu eskualdeko indargune teknologikoen eta industrialen garapenean lan egiteko.