Prentsa-oharra

AVSk eta TECNALIAk ITER fusio-erreaktore esperimentala martxan jartzen parte hartuko dute

2021ko otsailaren 25a
AVS y TECNALIA participan en la puesta en marcha del reactor experimental de fusión ITER

2021eko otsailak 25. Mende honetan, energia garbi eta berriztagarria modu masiboan eskuratzeko energia-iturri nagusia izan beharko luke fusio-energiak, eta hori lortzeko giltzarrietako bat da ITER fusio-erreaktore esperimentala garatzeko proiektua. Energia-arloko historiako ikerketa-proiektu zientifiko handiena da, eta haren helburua da, teknologiaren bidez, Eguzki txiki bat eraikitzea Lurrean, ikuspegi ekonomikotik energia-iturri garbi, seguru, sendo, eta kalitateko gisa balio lezakeen egiaztatzeko. Erreaktorean hidrogeno-atomoak fusionatuz energia sortzeko, gailu ahaltsuak behar dira, plasma —erregaia— 150 milioi gradu zentigraduraino berotzeko (Eguzkiaren nukleoa baino hamar aldiz beroago).

 

Testuinguru horretan, AVS enpresa eta TECNALIA zentro teknologikoa elkartu egin dira, ITER proiektuko plasmaren berotze-sistema garatzen laguntzeko, behar den tenperatura har dezan. Hain zuzen, F4E (Fusion for Energy) erakundeak, Europak ITERi egiten dion ekarpena kudeatzen duenak, aukeratu ditu, MITICA proiektuan parte hartzeko. Proiektu horren helburua da plasma berotzeko atomo neutroen talken bidezko berokuntza-sistema garatzea eta baliozkotzea. MITICAk 1:1 eskalako prototipo bat eraikitzea proposatu du, milioi bat volteko energia eta 16,5 MW-eko potentzia duen partikula-injekzioa egiteko. Sistema hori, zeinak inoiz eraiki den tamaina eta potentzia handienak baititu, ezinbestekoa da ITERek behar dituen 150 milioi graduak lortzeko.

 

AVS eta Tecnaliaren zeregina da erreaktore esperimentalaren eta haren bero-iturriaren artean dauden elementu garrantzitsuenak garatzea —neutralizadorea, hondar-ioiak deskargatzeko sistema eta kalorimetroa (target)—, berotze handi horren 16,5 MW-eko potentzia prestatzeko, doitzeko, neurtzeko, eta xurgatzeko. Azken diseinua, eta fabrikazioa, muntaia eta probak Gipuzkoan egingo dira, AVSren Elgoibarko instalazioetan, Tecnaliaren laguntzarekin. Aurten bertan hasiko dira lanak, eta 2023an amaitu. Aurreikuspenen arabera, urte horretan instalatu eta probatuko dira, RFX partzuergoak (PRIMA) Paduan, Italian, dituen instalazioetan.

Partzuergoak arlo honetan duen esperientzia aitortzen du proiektuak. Alde batetik, megazientziako eta espazioko instalazioen merkaturako ekipo konplexuak diseinatzen eta garatzen enpresa liderra da AVS mundu osoan, eta zortzi urte daramatza ITERentzat lanean, hainbat proiektutan. TECNALIA, berriz, erreferentziazko zentro teknologikoa da Europan, eta ITER proiektuan parte hartzen ari da, hainbat proiektutan; hauetan, besteak beste: ITERen barne-hormako materialak eta osagaiak karakterizatzen, osagaiak lotzeko eta konpontzeko metodoak garatzen, eta zenbait sentsore eta neurgailuren prototipoak fabrikatzen.

AVSri buruz

Teknologiaren punta-puntan dago AVS, gizateriaren erronka zientifiko handiak ebazteko sistema garrantzitsuak kontzeptualizatzen eta egiten. Egoitza bat baino gehiago ditu Europan, eta filialak Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan. Partikulen fisikaren arloan, fusioarenean, astrofisikan eta espazioarenean kualifikazio handia duten profesionalen nazioarteko taldeak ditu.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.

Informazio gehiago:

  • TECNALIA: Itziar Blanco (681 273 464)
  • AVS: Silvia Iriarte (943 821 841)