Prentsa-oharra

Berrikuntza soziala Santa Ana auzoa bultzatzeko

2023ko urtarrilaren 13a
El Ayuntamiento de Ermua y TECNALIA ponen en marcha un plan de innovación social y tecnológico para impulsar el barrio de Santa Ana

Ermuko Udalak eta TECNALIAk berrikuntza sozial eta teknologikoko plan bat jarri dute martxan Santa Ana auzoa bultzatzeko

  • Ekimenean, auzoaren garapen sozial eta ekonomikoa bultzatuko duen metodologia bat garatuko da —exekutatzen ari dira gaur egun—. Bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna hobetu eta efizientzia energetikoko neurriak nahiz digitalizazio-tresnak inplementatuko dira.
  • Horretarako, auzoaren beharrak, erronkak eta aukerak identifikatzen ari dira herritarren parte-hartzearen bidez.
  • Santa Ana auzoan aplikatuko da metodologia, eta helburua da eredu hori eskualde, estatu nahiz Europa mailako antzeko beste testuinguru batzuetan ere erabili ahal izatea

Bilbon, 2022ko abenduaren 27an. Ermuko Udala eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa elkarlanean ari dira Santa Ana auzoa bultzatzeko berrikuntza sozial eta teknologikoko plan bat martxan jartzeko. Premia berriak direla eta, jasangarritasun-, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-estandar modernoetara eta herritarren eskakizunetara egokitu behar dira auzoak.

Udalak eta TECNALIAk plan bat jarri dute martxan auzoaren garapen sozial eta ekonomikoa bultzatuko duen metodologia bat diseinatzeko —exekutatzen ari dira gaur egun—. Bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko, irisgarritasuna hobetu eta efizientzia energetikoko neurriak nahiz digitalizazio-tresnak inplementatuko dira. Horretarako, auzoaren beharrak, erronkak eta aukerak identifikatuko dira herritarren parte-hartzearen bidez.

Ermuko esperientzia osatzeko, antzeko beste bi hartuko dituzte kontuan: Elva hiriko esperientzia —Estonian—, digitalki aurreratutako hiri gisa, eta Matera hirikoa —Italian—, kultura- eta sorkuntza-industrietan erreferentzia.

Metodologia 2023ko otsailetik aurrera aplikatuko da Santa Ana auzoan. Helburua da eskualdeko, Espainiako eta Europako antzeko beste testuinguru batzuetan erabiltzea metodologia bera, eta, Ermuko auzoaren azterketatik lortutako emaitzei esker, udalerri adimendunak, integratzaileak, energetikoki efizienteagoak eta irisgarriagoak sortu ahal izatea.

Ermuko Udalaren eta TECNALIAren arteko lankidetza

Ekimen honekin, lankidetzan jarraituko dute Ermuko Udalak eta TECNALIAk. Duela urtebete hasi ziren elkarrekin lanean Izarra Centre-ko Gauzen Interneteko laborategiko enpresetarako eta inguruko beste batzuetarako esperimentazio-ingurune bat sortzeko, soluzio teknologikoen aplikazioak simulatu eta probatu ahal izateko, benetan martxan jarri eta merkaturatu aurretik.

Proiektuak Europar Batasuneko Horizon Europe programaren laguntza jaso du (GA-zk: 1080025), eta hauen lankidetza du: Ermuko Sustapen Ekonomikoa (Promosa), Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Estoniako Etxebizitza Kooperatiben Batasuna (EKYL), Ikasketa Baltikoen Institutua, Kultura eta Sormen Industriaren Materahub Partzuergoa, Housing Europe, eta Elva (Estonia) eta Matera (Italia) hiriak.

Ermuko Udalari buruz

Izaera proaktibo eta ekintzailea duen toki-administrazioa da, eta mugan egoteak asko baldintzatu du haren izaera. Berrikuntza-estrategia bat du, eta, horri esker, Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiri izendatu du Ministerioak. EAEko lehen herria izan da abiadura handiko etxerainoko zuntz optikoko (FTTH) udal-sare neutroa hedatzen.

Nahi duten operadore guztiek erabil dezakete sare hori, kuota baten truke (kanona). Gainera, Izarra zentroa eraiki du, enpresa-haztegia ere baduena, ekonomia-sare berria garatzeko, talentua erakartzeko eta gure ekonomia digitalizatzeko. Zentro horretan dago Euskadiko eta Espainiako Gauzen Interneteko lehen laborategi erakuslea ere. Espazio horrek zenbait soluzio eskaintzen dizkie hiriei eta enpresei beren baliabideak kudeatzen lehiakorragoak eta efizienteagoak izaten laguntzeko.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen; teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori.

Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema, osasun pertsonalizatua eta ekonomia zirkularra.