- Mugikortasunean zerbitzu integralak eta aitzindariak eskaintzea da bi zentroen arteko aliantzaren helburua
- Robotika, ibilgailuen automatizazioa eta automobil elektrikoen garapena dira lankidetza-esparru hurbilenetako batzuk
2020ko ekainak 9a. Espainiako bi zentro teknologiko nagusiek akordio bat lortu dute beren gaitasunak elkartzeko eta zenbait erronkari erantzuteko, hala nola automobilgintzaren arloko fabrikazio aurreratua, 4.0 industria eta robotika. Galiziako CTAG automobilgintzako zentro teknologikoak eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beren lankidetza adostu dute gaur goizean, birtualki sinatuz hitzarmen bat Oscar Fernandez Besteiro CTAGko lehendakariak eta Emiliano López Atxurra TECNALIAko lehendakariak.
Automobilgintzaren sektorea inflexio-puntu batean dago. CO2-emisioen muga berriak, hirietako mugikortasun-eskakizunak eta COVID-19ak eragindako egoerak izugarri eragin dute sektorean, eta etorkizuna jasangarria izan dadin teknologia berrien alde egitera eta sektorea berrasmatzera behartu dute. Hori dela eta, konektagarritasuna, elektrifikazioa eta gidatze autonomo eta automatizatua dira orain sektoreko protagonista berriak.
Hitzartutako lankidetza horretan, zentro bietako 1.500 ikertzailek baino gehiagok lan egingo dute batera. Sektoreko enpresen eskaintza eta gaitasunak osatzeko zerbitzu ahaltsuagoak eta integralagoak proposatzea izango dute helburu. Horretarako, CTAG eta TECNALIA zentroek soluzio eta emaitza berriak jarriko dituzte sektoreko enpresen eskura, I+G+Bko proiektuak gauzatuz mugikortasunaren eta fabrikazio aurreratuaren eremuetan, eta oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzea sustatuko duten jarduerak martxan jarriz. Gainera, zentro bakoitzaren abangoardiako instalazioak partekatuko dituzte, eta zerbitzu aurreratuak eskaintzeko elkarrekin lan egingo dute; batez ere, materialen analisian, akatsen analisian, ingurumen-alorrean eta ikuskapenen digitalizazioan.
Zenbait ekimen nabarmenduko ditugu. Batetik, zentro biek robotikaren eta exoeskeletoen arloan duten ezagutzaren eta esperientziaren ondorioz, langileen baldintza ergonomikoak hobetzeko soluzio berriak garatuko dituzte. Bestetik, ibilgailu bereziak automatizatzeko garapen berriak sustatuko dituzte; batez ere, portuetan, aireportuetan, industriaguneetan eta halako ingurune berezietan erabiltzeko ibilgailuetarako. Era berean, automobil elektrikoa eta haren osagaiak garatzeko estrategia bateratua jarriko dute martxan.
Gainera, lankidetza horren bidez, erakunde biek beren talentu-bolumena sendotu eta sustatzeko aukera izango dute zenbait espezializazio-arlotan, hala nola automobilgintzan, fabrikazioan eta digitalizazioan, eta, hala, arlo horien ikerketan Estatuko eta Europako erreferente izatera iritsi.
CTAG eta TECNALIA, Espainiako bi zentro teknologiko pribatu nagusiak
CTAG zentroak I+G+Baren bidez automobilgintzaren sektoreko enpresen lehiakortasuna sustatzea du helburu. Bertan, 800 ikertzaile eta profesional baino gehiago ari dira lanean, eta haiei esker da zentroa garapen eta berrikuntza teknologikoan erreferente eta gidaria, eta orobat dago abangoardian material berrien ikerketan, erosotasun-sistemen garapenean, ibilgailuen elektrifikazioan eta gidaritza lagunduan. Ikertzaile eta profesional horiek izango dira CTAG zentroak lankidetza hori egiten dion ekarpena. CTAGk gutxi gorabehera 2.500 proiektu eta zerbitzu teknologikotan parte hartzen du urtean inguru hurbilean, estatuan eta nazioartean, 400 erakunde baino gehiagorekin (startup-etatik hasi eta multinazional handietara). Europako I+G+Bko proiektu askotan ere parte hartzen du.
TECNALIA zentroak, BRTAko kide izanik (Basque Research and Technology Alliance), 30 nazionalitatetako 1.400 aditu baino gehiagoko lantaldea du, gaur egun. Soluzio teknologiko integralak aurreikusten, identifikatzen eta garatzen jarduten du bere bezeroekin elkarlanean. Bezeroen artean, 7.500 enpresa baino gehiago ditu, haietatik % 75 ETEak, eta sortu zenetik aritu da haiekin elkarlanean. Lantalde horrez gain, Tecnaliak 25 aliantza estrategiko baino gehiagoko sare gero eta handiagoa du, mundu osoko ikerketa-zentroekin eta erreferentziazko enpresekin ehundua.
Hitzarmena sinatu ondoren, Oscar Fernandez Besteiro CTAGko lehendakariak esan du adostutako lankidetzak “CTAGren estrategia sendotuko duela, garapena, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa sustatu nahi baititugu, etorkizuneko mugikortasuna eraikitzeko gakoak dira eta. Gainera, lankidetzarako dugun bokazioa sendotzeko aukera ematen digu, beste aliantza bat lortuz nazioartean ospe handia duen zentro teknologiko handi batekin”.
Emiliano López Atxurra TECNALIAko lehendakariak, bere aldetik, hitzarmenaren “garrantzia” azpimarratu du, “Espainiako automobilgintza-sektoreko industriak gai izan behar baitu automobilgintzaren munduko balio-katean erreferente izaten jarraitzeko besteko abiadaz teknologikoki eboluzionatzeko. Horretarako, epe laburrean eta malgutasunez, posizio egokia lortu behar du, bai mugikortasunaren euskarriei dagokienez —konbentzionaletik hasita hidrogenoraino, elektrikotik pasatuta—, bai mugikortasunaren automatizazioari eta dagozkion zerbitzuei dagokienez, epe ertain eta luzean. CTAGn eta TECNALIAn osagai teknologikoak ditugu hori lortzeko, eta, indarrak batuta, sektoreak behar duen behin betiko bultzada eskaini ahal izango dugu. Denon ongizatea lortzeko, teknologiaren eta industriaren aldeko apustua egin beharra dago. Berrikuntza irekirik eta bikaintasun teknologikorik gabe, ez dago industria jasangarririk. Eszenatoki berriak behartzen gaitu enpresei kalitate gorena ematera gure zerbitzu teknologiko guztietan. Espainiako birkapitalizazio teknologiko-industrialean laguntzea ezinbestekoa da gaur egun. Batzea da aukera bakarra, Europako ligan egon nahi badugu Europako lehiakide/kolaboratzaileekin batera”.
CTAGri buruz
CTAG zentro teknologiko pribatu bat da, automobilgintzari soluzio teknologiko aurreratuak eskaintzeko sortua. 800 profesional baino gehiagoko lantalde bati esker, automobilgintzari laguntzen dio, produktuak eta prozesuak modernizatzen eta teknologia berrietara egokitzen. CTAGk berrikuntza eta proiektu industrial handiak garatzen ditu. Garraioaren arlo hauek jorratzen ditu, besteak beste: fabrikazio-prozesuak, materialak, segurtasuna, balidazioa, elektronika eta sistema adimendunak.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.