Prentsa-oharra
ASPAPELek eta TECNALIAk berrikuntza sustatzen dute paper-industrian
Prentsa-oharra
Donostia, 2021eko uztailaren 6a. Lantaldearen ahalegina eta enpresek I+G+Brekiko duten konfiantza eta konpromisoa funtsezkoak dira TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak pandemiari aurre egin ahal izan diezaion eta aurreikusita zituen helburuak eta kudeaketa-planak bete ahal izan ditzan. Hala, pandemiak sortutako zailtasunak gorabehera, 2020an 113,6 milioi euroko diru-sarrerak lortu ditu. TECNALIAk, orain dela 10 urte sortu zenetik, I+Ga enpresetara transferitzeko estrategiari jarraitzen dio, eta horren fruitua da emaitza hori.
Hori jakinarazi dute gaur goizean Donostian Alex Belaustegui TECNALIAko lehendakariak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak. Azaldu dutenez, “aurreko urteko negozio-zifrari eutsi diogu ia, eta, beraz, egoera konplexua izan dela kontuan hartuta, oso positiboa da emaitza. Gainera, bezero-kopurua % 5 hazi da, eta horrek erakusten du krisialditik lehiakorrago izanez ateratzeko berrikuntza-tresna gisa ikusten dutela TECNALIA. Horrenbestez, 750 enpresarekin baino gehiagorekin lan egin dugu 2020an, eta haien % 75 ETEak izan dira”.
Ziurtatu dute emaitza horiek TECNALIAko lantaldearen ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza direla. Lantaldea 31 nazionalitatetako 1.472 adituk baino gehiagok osatzen dute —haietako % 44 emakumeak dira—, eta soluzio teknologiko integralak aurkitu eta garatzen dituzte enpresa bakoitzaren lehiakortasuna hobetzeko. “Haiei esker, ekoizpenari eutsi ahal izan zaio; ez da atzerapenik izan proiektuetan, eta krisi garai hauetan enpresek dituzten beharretara egokitutako soluzio teknologiko berriak sortu ditugu”, adierazi dute. “Laborategi guztiek lanean jarraitu zuten pandemiaren fase gogorrenetan, haietan lan egiten duten pertsonen ahalegin eta konpromisoari esker. Laborategi horietako batzuk, sendagaiak fabrikatzeko Gasteizko laborategia barne, herrialdeko jarduerari eusteko funtsezko jarduera deklaratu zituzten”.
Lantaldeari gehitu behar zaizkio mundu osoan erreferentziazko enpresa eta ikerketa-zentroekin TECNALIAk dituen aliantza estrategiko bakoitzaren ahalmenak, handitzen ari den 25 aliantza baino gehiagoko sare bat sortu baita. Izan ere, lankidetzaren esparruan, 2020 urtea bereziki emankorra izan da, eta hainbat eragilerekin zituen akordioak sendotu ditu: CTAG Galiziako Automobilgintzako Teknologia Zentroarekin, Ibercaja Fundazioarekin, Hidrogenoaren Zentro Nazionalarekin (CNH2), EHUrekin, Euskampusekin, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Campusarekin (IMH), Laztanekin, ONU-Habitatekin, Reachlawekin…
Lehendakariaren hitzetan, “2020an, ziklo estrategiko bat amaitzeari ekin genion TECNALIAn, I+G+Bko gure jardueraren inpaktua maximizatzeko gure xedearen ildoan: “Teknologia BPGd bihurtzea”. Ziklo horretan, gure jarduerak zenbait dimentsiotan duen inpaktu positiboaren hazkundea egiaztatu ahal izan dugu, hala nola inpaktu ekonomikoa, zientifiko-teknologikoa, soziala edo ingurumenekoa. Eta, 2020 honetan, nahiz eta COVIDaren krisiak egoera zaildu duen, kudeaketa-plana betetzea lortu dugu, erresilientzia- eta egokitzapen-gaitasun eta malgutasun handiz”. Nabarmentzekoa da 113,6 milioiko diru-sarreren erdiak enpresekin egindako proiektuei dagozkiela, eta beste erdiak, inbertsio propio lehiakorrari.
Zentroko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “azken urte honetan, berriz ere, gehien behar zutenean enpresekin lankidetzan jardutea izan da gure zeregina, eta COVIDari aurre egiteko hogeita hamar bat proiektutan parte hartu dugu. Proaktiboak izan gara gure ahalmen teknologikoak pandemiaren kontrako borrokan erabiltzean, baina oso argi izan dugu non jarri behar genuen arreta benetan efizienteak eta baliagarriak izateko, eta enpresa txiki eta ertainetatik bereziki gertu egongo gara. Gaur egun, lankidetzan dihardugu I+G+Bko jarduerak egiten dituzten EAEko enpresen bi herenekin, bai eta IBEXeko 35 enpresetako 25ekin ere.
2021erako proiektuak
Biek azpimarratu dute helburua dela 2021ean % 30 haztea enpresekiko proiektuetan. Hala, etorkizunari buruz adierazi dutenez, “hurrengo ekitaldirako honako erronkak hauek izango ditugu: enpresekiko lankidetza areagotzea; jabetza intelektualaren salmentan zenbatekoari eustea eta, ahal bada, handitzea; eta Europan dugun posizionamendua eta lidergoa sendotzea”.
Aurtengo proiektuen artean, nabarmentzekoa da mugikortasun jasangarrian eta fabrikazio aurreratuan TECNALIAk tripulaziorik gabeko aire-ibilgailuen esparruan lan egiten duela, eta horretan aitzindaria dela Estatuko lehen aerotaxia garatu baitu hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko; aerotaxiak garatzen jarraitzen du, laster industrializatzeko.
Energiaren arloan, gas naturalaren sarean hidrogenoa segurtasunez injektatzeko ikerketa aurreratuko lehen proiektu estrategikoan parte hartzen du, soluzio teknologiko aurreratuen esparruan ikertuz. Nortegas buru duen H2Loop ikerketa-plataforma da; horri esker, ikertu ahalko da nola portatzen diren materialak eta osagaiak hidrogenoarekin eta hidrogenoaren eta gas naturalaren nahasketekin kontaktuan daudenean.
Osasungintzaren arloan, TECNALIAk buru-belarri jardungo du produktu biomedikoetarako biomaterialen fabrikazio aditiboan. Hala, fabrikazio aditiboaren industria dibertsifikatzen laguntzeko eta sektore biomedikoan industria-sarearen lehiakortasuna hobetzeko, honelako produktuak ikertu eta garatuko ditu: fabrikazio aditiboaren bidez prozesatzeko biomaterial berriak, biomaterial horietara egokitutako bioinprimagailu berriak eta 3D inprimagailuetan inprimatutako produktu biomediko berriak.
Digitalizazioaren esparruan, zibersegurtasuneko teknologien belaunaldi berri baten ikerketa bultzatu du, eta horretan laguntzen ari da, industriak zibereraso konplexuetatik babesteko; horrela, zibereraso horien aurrean erresilientzia hobea izango dute, eta, ondorioz, baita jasangarritasun, lehiakortasun eta eraginkortasun hobeak ere.
Halaber, aurten, bere laborategiak eta adituak enpresekin digitalki konektatzen dituen lehen zentro bihurtu da TECNALIA; hala, beste urrats bat egin du bere digitalizazio- eta konektibitate-estrategian, bezeroekin 360°-ko komunikazioa izateko aukera ematen duten lehen 4.0 laborategiak abiarazi baititu.
Bestalde, 2021erako, Bizkaiko lehen korridore kooperatiboa abian jartzeko erronka du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Haren bidez, batetik, Bizkaiko errepideetako erabiltzaileek informazio eta segurtasun handiagoak izan ahalko dituzte, eta, bestetik, eskala errealeko saiakuntza-banku bat jarriko da bide-segurtasunaren arloan berritzen ari diren enpresen eskura, eta haien garapen teknologikoa sustatuko da.
Eta, azkenik, hiri adimendunen (Smart Cities) aurrerapena bultzatzeko, TECNALIA Inkolanekin elkarlanean ari da biki digitala ezartzeko hirietako azpiegituretan, datuak adimentsu erabil daitezen hiri-plangintza digitalizatu eta efizienteago batean erabakiak hobeto hartzeko.
Digitalizazioaren, fabrikazioaren, energiaren eta osasunaren aldeko apustua
2020ko diru-sarreren % 65,6k fabrikazio-proiektuekin lotura du; % 22,4k, energiarekin, eta % 9,2k, osasunarekin. Aldi berean, digitalizazioak protagonismoa irabazi du zeharka; dagoeneko, zentroaren diru-sarreren % 27,5 esparru horretako proiektuei zor zaie, eta, gaur egun, digitalizazioari lotutako sektoreak dira hazkunderako giltzarri. Dena den, Valerok ziurtatu duenez, “gero eta zailagoa da enpresak sektore bakar bati egoztea. Enpresa guztiak ari dira eraldaketa digitala txertatzen beren negozioetan. Paradigma-aldaketa hau areagotu egingo da etorkizunean, adimen artifizialaren zein zibersegurtasunaren eskutik. Beste erronka eraldatzaile nagusia trantsizio energetikoa da, eta sektoreko enpresei ez ezik, manufaktura-sektore guztietakoei ere eragiten die. Bi prozesu handi horiekin batera, aukera handiak izango ditugu hiri-ingurunearen, mugikortasun jasangarriaren, fabrikazio adimendunaren zein doitasunezko osasungintzaren arloetan”.
Gainera, azken 3 urteetan 13 milioi euro inbertitu dira instalazioak egokitzen eta laborategi eta sistema teknologiko berriak abian jartzen, zentroak enpresei eskaintzen dizkien ikerketa eta zerbitzuen bikaintasuna sustatzeko. Hauek nabarmendu behar dira: su-saiakuntzetarako azpiegitura egokitzea; Harslab laborategi flotagarria abian jartzea; interakzio aurreratuko laborategia diseinatzea eta baliozkotzea, zeinak abangoardiako sistemak baititu hala nola mugimendua atzemateko sistema optikoa eta ikus-entzunezko aplikazioetarako sistema robotikoa.
Jabetza intelektualaren salmentaren atalean, 4,4 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen joan den ekitaldian —TECNALIAren diru-sarreren % 4 ia—, eta 777 patente ditu zorroan. Europako Patente Bulegoaren 2020ko txostenaren arabera, TECNALIA da Europako patente gehien eskatu duen Espainiako hirugarren erakunde pribatua. “100 ikertzaileko 2,5 patente eskatu ditugu; antzeko ezaugarriak dituzten beste erakundek baino gehiago”, Valerok esan duenez.
Gaur egun, zentroak oinarri teknologikoko 13 enpresa berritan (OTEB) mantentzen du bere partaidetza, baina aktibo dauden 20 OTEB sustatu ditu TECNALIAk: haiek, guztira, 213 lanpostu sortu zituzten, eta 28,4 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2020an.
Europako Batzordearekiko proiektuen esparruan, Espainiko erakunde pribatu nagusi gisa finkatu da TECNALIA, Europako Batzordearen HORIZON 2020 Programako proiektuen kontratazioan, parte-hartzean eta lidergoan, eta 13. postuan dago Europako 2.900 ikerketa-erakunderen artean. Programak abian daraman zazpi urtean, 451 proiektu lortu ditu guztira, eta haietako 68an izan da buru. Proiektu horietan, TECNALIAk 524 enpresari egin die lagun, eta, hala, bere garapen estrategikoenak enpresen behar eta erronketara bideratu ditu.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta doitasunezko osasungintza.
Informazio gehiago nahi izanez gero:Itziar Blanco (681 273 464)