Prentsa-oharra
ASPAPELek eta TECNALIAk berrikuntza sustatzen dute paper-industrian
Prentsa-oharra
Donostian, 2018ko otsailaren 15ean. Fabrikazioaren sektorea Europaren motor nagusietako bat da; bi milioi enpresa baino gehiago ditu, eta ia 30 milioi pertsonak lan egiten dute zuzenean sektore horretan. Hala ere, sektorea goitik behera aldarazten ari dira merkatuaren eta gizartearen behar berriak, aurrerapen teknologiko bizkorrak eta ingurumen- eta jasangarritasun-baldintzak. Sektorea lehiakorragoa, jasangarriagoa eta produktiboagoa izaten laguntzeko sortu da EIT Manufacturing, 4.0 fabrikazioko Europako berrikuntza-sare handiena. Europako Batzordearen laguntza du, eta Europako 17 herrialdetako 50 enpresa eta zentro teknologikok baino gehiagok parte hartuko dute, xedetzat harturik Europa mundu osoan berrikuntzaren erreferentzia bihurtzea eta enpresei laguntzea teknologia berriak bizkorrago eta modu eraginkorragoan barnera ditzaten.
Ekimenak Euskadin, Alemanian, Suedian, Austrian eta Italian izango ditu egoitzak, eta aste honetan eman ditu lehen urratsak, Donostian. Izan ere, atzo hasita, otsailak 14, osteguna, eta gaur arte, otsailaren 15a, ostirala, Europako 150 aditu baino gehiago bildu dira, lehen egitekoak adosteko eta martxan jartzeko. I+Gko lankidetza, trebakuntza eta negozio berriak sortzea oinarri dituzten proiektuak sustatzea eta laguntzea da helburua, jarduera-ardatzak izanik robotika, digitalizazioa, “0 akatseko” fabrikazioa eta fabrikazio aditiboa.
Mendebaldeko nodoa Euskadin egongo da, eta erakunde hauek jarriko dute martxan: Aernnova, Mondragon Korporazioa, IK4 Research Alliance, ITP Aero eta Tecnalia. Haiek koordinatuko dituzte Frantziako, Portugalgo eta Espainiako erakundeak eta sustatuko erakunde horien parte-hartzea.
Klaus Beetz EIT Manufacturingeko CEOak eta Rikardo Bueno Mendebaldeko nodoko (Euskadi) CEOak aurkeztu dute ekimena, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, gaur goizean, Gipuzkoako hiriburuan.
Rikardo Buenok azpimarratu duenez, “egoitza hori Euskadin izateak berrikuntza-aukera berriak ekarriko dizkio euskal industriari, eta aukera emango digu profesionalen prestakuntza indartzeko, teknologia berriak merkaturatzeko eta erakunde berritzaileak inbertitzaileekin harremanetan jartzeko”. Nabarmendu nahi izan du, halaber, egoitza Euskadin duen nodoak zer paper izango duen Europako ekimenean, “izan ere, are gehiago sendotuko ditu euskal berrikuntza-ekosistemari egiten diogun ekarpena eta hark kanpoan duen aintzatespena, bereziki fabrikazioaren alorrean, non oso ibilbide positiboa egin baita Europako proiektuetan parte hartzen eta halako proiektuak gidatzen”.
Klaus Beetz EIT Manufacturingeko CEOak, berriz, hau esan du: “EIT Manufacturingek konpromiso sendoa du, batetik, etorkizuneko curriculuma sortzeko ikasle, profesional eta liderrentzat eta, bestetik, berrikuntzan eta enpresan sortzen bultzatzaile izateko, Europako produkzioaren sektorea (32 lanpostu, Europako biztanleria aktiboaren % 16) ekonomia digitalerantz aldaraziz”.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak zorionak eman dizkie nazioarteko partzuergo honetan ordezkapena duten euskal eragileei, eta azpimarratu du Europa industrialago bat sendotzeko politikak eta estrategiak indartzeko beharra dagoela. “Horretarako, ezinbestekoa da elkarlana, bai barrukoa, bai nazioartekoa. Eusko Jaurlaritzak eskualdeko lobby bat partekatzen du Vanguard nazioarteko sarearekin, zeinaren bidez eragin nahi baita Europako Batzordearen estrategietan, Europako industria sendoa eta aurreratua izan dadin. EIT Manufacturing norabide horretan doa, eta aukera ematen digu Basque Industry 4.0 estrategiak aurrera egin dezan eta euskal enpresek errentagarri bihur ditzaten —modu lehiakorrean eta ongi merezita— proiektura bideratutako baliabide publikoak. Gai izan behar dugu ekimen hau lehiakortasuna hobetzeko gune bihurtzeko, eta, halaber, gainerako eragile europarrei balioa emateko gaitasuna dugula frogatzeko”.
Urtean 80 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du sare horrek, eta, aurrekontu horretatik, 15 milioi Euskadin egongo den mendebaldeko nodorako izango dira. Diru hori enpresei laguntzeko da, bai produktu berriak sortzen eta garatzen, bai lehendik dauden teknologiak aplikatzen, eta aurreikusten da Euskadiko industria-enpresen erdiek baino gehiagok horretaz baliatzeko aukera izango dutela.
Sareak erronka hauek ditu: industriaren digitalizazioa bultzatzea eta ekoizpen arinagoa, malguagoa eta ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik iraunkorragoa lortzen laguntzea. Hala, kalitatezko lanpostuak sortzen lagunduko du, eta orobat ikasleak prestatzen, talentudun pertsonak erakartzen eta enpresek, zentro teknologikoek, unibertsitateek eta inbertitzaileek parte hartzen duten “berrikuntza-ekosistemak” sortzen.
Horretarako, euskal sareak eragileen arteko harremanak sustatzeko mekanismo berriak jarriko ditu martxan EIT Manufacturingen lehen 7 urteetan, 100 produktu berritzaile baino gehiagoren merkaturatzea bizkortzeko, 200 enpresa berri baino gehiago sortzeko eta 10.000 pertsona baino gehiago trebatzeko.
EIT Manufacturing 50 erakundek baino gehiagok egindako lanaren emaitza da. Erakunde horiek dira, besteak beste, Volkswagen, Volvo, Vienako Unibertsitate Teknikoa, CEA (Frantziako Energia Atomikoko Komisarioa), Siemens, Eslovakiako Unibertsitate Teknologikoa eta Whirlpool Europe. Sareak bultzatzaile eta babesle du Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutua (EIT), zeinak sustatzen baititu prestakuntza ematen duten, I+G+Ba egiten duten eta negozio berriak sortzen dituzten berrikuntza-sareak. EITk dagoeneko sortu ditu halako komunitateak beste sektore batzuetan, hala nola energia, ingurumena, sektore digitala, lehengaiak, elikadura eta hiri-mugikortasuna.
Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutua (EIT) 2008an sortu zen, Europako berrikuntza-gaitasuna bultzatzeko. EIT aparteko ekimen bat da, enpresa, hezkuntza eta ikerketa osorik integratzen dituen bakarra. Europa osoko unibertsitate, ikerketa-laborategi eta lehen mailako enpresen arteko elkarte dinamikoak sortzea sustatzen du institutuak; halako elkarteei berrikuntza-komunitate deritze, eta bakoitzak mundu mailako erronka jakin bati erantzuten dio.
Informazio gehiago: www.eit.europa.eu
Harremanetarako: Itziar Blanco (681 273 464)