Prentsa-oharra

Europako berrikuntza- eta jasangarritasun-eredu berria

2023ko otsailaren 28a
Eraikune y TECNALIA implantarán en más de 130 empresas vascas de construcción el nuevo modelo de innovación y sostenibilidad europeo

Eraikunek eta TECNALIAk Euskadiko 130 eraikuntza-enpresatan baino gehiagotan ezarriko dute Europako berrikuntza- eta jasangarritasun-eredu berria

  • Euskadiko eraikuntza-sektorea Europan erreferentea izango da Europako Bauhaus Berriaren inplementazioarekin. Europako Batzordeak hasi du mugimendu hori arkitektura eta hiri eta lurraldeetako bizi-kalitatea hobetzeko duen balioa bultzatzeko
  • Ekimena osatzeko, berrikuntzaren Europako lehenengo metaklusterra jarriko da martxan Euskadi eta Akitania artean, ingurune eraiki jasangarri eta pertsonetan zentratu baterako eraldaketa bizkortzeko
  • Onuragarria izango da kluster berri horretako enpresentzat, soluzio berritzaileak inkubatuko baitituzte, eta, hala, merkatu berrietara iritsiko dira lankidetzaren eta irisgarritasunari, diseinu lagunkoiei, jasangarritasunari, efizientzia energetikoari eta beste gai batzuei buruzko ezagutzen transferentziaren bidez

2023ko otsailaren 23a. Eraikuntza iraultza bat bizitzen ari da, eta berrikuntza-eredu baterantz doa, teknologiaren eta gizartearen arteko oreka bilatu nahian, Europako Bauhaus Berriarekin (NEB) bat etorriz; Europako Batzordeak hasi zuen mugimendu hori arkitektura eta herri eta hirietako bizi-kalitatea hobetzeko duen balioa bultzatzeko. Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra eta TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroa arduratuko dira berrikuntzari eta jasangarritasunari buruzko Europako NEB ekimena Euskadiko 130 eraikuntza-enpresatan baino gehiagotan ezartzeaz. Hala, Euskadi Europako erreferentea izango da sektorean.

Europako Bauhaus Berriak irizpideak proposatzen ditu, ingurune eraikian ongizatea, osasuna eta irisgarritasuna bermatuko dituzten eta sektorearen etorkizuna bermatuko duten prozesuak ezar ditzaten enpresek. Tresna digitalak modu adimendunean erabiliz material jasangarriagoak eta zerbitzu berritzaileago eta pertsonengan zentratuagoak landu nahi dira, besteak beste hauek lortzeko: irisgarritasuna, diseinu lagunkoiak, inklusibitatea, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa.

Proiektua osatzeko, eraikuntzaren sektoreko berrikuntzaren Europako lehenengo metaklusterra jarriko da martxan Euskadi eta Akitania artean, ingurune eraiki jasangarri eta pertsonetan zentratu baterako eraldaketa bizkortzeko. Eraikunek eta TECNALIAk Euskaditik zuzenduko dute esperientzia pilotua Nobatek zentro teknologikoarekin eta Odeys eraikuntzako klusterrarekin batera (biek dute egoitza Akitanian), eta martxoan hasiko da.

Hala, kluster berri honetako enpresek (250 enpresa baino gehiago) lankidetzan aritzeko aukera izango dute soluzio berritzaileak inkubatu ahal izateko, eta, horri esker, merkatu berrietara iritsiko dira, lankidetzaren bidez eta irisgarritasunari, jasangarritasunari, osasunari eta efizientzia energetikoari buruzko ezagutzen transferentziaren bidez.

Kultura-ondarea, ekonomia zirkularra eta ingurune atsegin eta irisgarriak

Ekimena NEBULA proiektuan sartzen da, zeina Build4People eraikuntzako Europako plataformak eta Europar Batasunak bultzatzen baitute. Euskadin Eraikune eta Akitanian Odeys hautatu ditu Europako Bauhaus Berria Europan hedatzeko erreferentzia izan daitezen Europa mailan eraikuntzaren sektorean. Bestalde, TECNALIAk, Europako Itun Berdearen estandarte gisa, ondare kulturalari, ekonomia zirkularrari eta ingurune lagunkoi eta irisgarriei buruz duen ezagutza handia, adituen mailakoa, partekatuko du jasangarritasunaren, estetikaren eta inklusioaren printzipioak Euskadiko eraikuntzaren sektoreko garapenetan aplika daitezen.

Eraikune eta Odeys berrikuntzako eskualde-ekosistema bilakatuko dira eraikuntzaren sektorean, berrikuntza teknologikoa bermatzeko ez ezik, jasangarritasuna, inklusibitatea eta zirkulartasuna ere bermatzeko sektoreko berrikuntzaren bizi-ziklo guztian zehar.

Berrikuntza-klusterren sarea

Aurreikuspenen arabera, proiektuari esker 15 kluster abiaraziko dira datozen bost urteetan berrikuntzako klusterren sare bat sortzeko, Europa guztiko ingurune eraikian berrikuntza jasangarriak konektatuz eta eskalatuz. Hona zein diren helburuak: berrikuntza komertzializatzeko denbora bizkortzea sektorean; nazioz gaindiko lankidetza eta klusterreko kideen artean ezagutza transferitzea bultzatzea; eta finantziazioari, enpresa-plangintzari, klusterraren funtzionamendu eraginkorrari eta beste funtsezko gai batzuei buruzko orientazioa eta baliabideak ematea.

Eraikunez eta TECNALIAz gainera, Europako bazkide hauek parte hartzen dute proiektuan: Dowel (proiektuaren koordinatzailea), European Construction Technology Platform, Eraikuntzaren Europako Plataforma Teknologikoa (ECTP), Nobatek, World Green Building Council, Eraikuntza Ekologikoko Kontseiluen Eskualde Sarea (WorldGBC), R2M eta Architects’Council of Europe (ACE).

Eraikuneri buruz

Eraikunek, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak, Euskadiko eraikuntza publikoaren eta pribatuaren eraikuntza-ekosistema ordezkatzen du. Klusterraren helburua da eraikuntzaren industriako balio-kateko enpresa guztien lehiakortasuna bultzatzea sektoreko lankidetzaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen bidez.

Atxikitako 145 erakundeen artean daude administrazio publikoak, eragile finantzarioak, aseguru-etxeak, elkarte enpresarial eta profesionalak, ezagutza-eragileak eta sustapenaren, diseinuaren, fabrikazioaren, eraikuntzaren, azpiegituren eta eraikuntzaren ustiapenaren, balorizazioaren eta smart-aholkularitzaren azpisektoreko enpresak. Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: Birgaitze energetikoa, industrializazioa, digitalizazioa eta eraikuntza jasangarria.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen, eta teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori. Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema, osasun pertsonalizatua eta ekonomia zirkularra.