Prentsa-oharra

Europako Berrikuntzaren Saria jaso du TECNALIAk, 4.0 Industriarako NEM Solutions-ekin elkarlanean akatsak aurreikusteko garatutako sistemagatik

2017ko urriaren 10a

Berrikuntzaren eremuan Europan aitzindari den EARTO erakundeak eman du saria

Berrikuntzaren arloan Europan ematen den sari nagusia jaso du TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, akatsak aurreikusteko 4.0 industriarako garatutako teknologiagatik. NEM Solutions enpresarena da teknologia horren patentea. TECNALIAri eta NEM Solutions-i —biei batera— eman die Europako Berrikuntzaren Saria EARTO erakundeak, alor horretan Europan dagoen aitzindariak, "Impact Delivered" atalean, hau da, teknologia-transferentziarik onena aitortzen duen atalean. Bart gauean jakin da horren berri, Bruselan, Berrikuntza Sarien banaketa-ekitaldian. Hain zuzen ere, Bruselako metroan ere erabiltzen da teknologia hori.

Big Data aplikazioaren bidez aurreikusten dira akatsak 4.0 Industrian. Datu-bolumen handien kudeaketa eraginkorra eta analisi adimentsua egiteko aukera ematen du aplikazio horrek; horri esker, produktibitatea eta lehiakortasuna areagotu egin daitezke, maila orokorrean. AURA deritzon teknologia horrek lagundu egiten du aurreikusten enpresen portaera, bai eta enpresetako aktibo nagusien akatsak detektatzen ere; adibidez, turbina eolikoetakoak eta trenen azpisistemetakoak. NEM Solutions-ek industrializatu eta patentatu du teknologia, TECNALIArekin elkarlanean ikerketaren eta garapen teknologikoaren fasean. Teknologia hori energia eolikoaren sektorean eta trengintzan ari da aplikatzen jada mundu osoan.

Sari-banaketako ekitaldian TECNALIAko ikertzaile den Alberto Diez Olivánek adierazi zuenez, "harro egoteko modukoa da ikustea emaitza bikainak ari dela izaten teknologia hori zenbait sektoretan; adibidez, trengintzan eta energia eolikoan, NEM Solutionsen produktu eta zerbitzuen bitartez. Eta hasieratik jardun da TECNALIA teknologia hori bultzatzen".

NEM Solutionsen sortzaile eta zuzendari nagusi den Alberto Conde Melladok, berriz, hau azpimarratu du: "Kolaboratzaile estrategikoa izan da guretzat TECNALIA, eta hala izaten jarraitzea nahi genuke. Duela hamar urte, DATA artean BIG ez zenean, ikerketa bati ekin genion, elkarrekin, ideia batetik abiatuta negozio-lerro iraunkor eta mailakatu bat eraikitzeko. Hamar urte geroago, hilero ari gara bezero berriak gureganatzen, eta merkatuak harrera beroa egiten digu".

Merkatuan duen aplikazioa

Energia eolikoan eta trengintzan ari da erabiltzen AURA, eta 80 milioi ordu baino gehiagoko jarduera metatu du dagoeneko mundu osoan konektatuta dauzkan 63.000 aktiboetan. Besteak beste, 18.000 tren-gurpil baino gehiago aztertzen ditu, egunero, bost kontinenteetan.

Energia eolikoaren arloan, mantentze-lan prediktiboko estrategiak planifikatzen laguntzen die enpresei, bai eta planifikatu gabeko geldialdiek eragindako eragiketa- eta mantentze-kostuak gutxitzen ere. Hori dela eta, areagotu egiten du aerosorgailuen energia-ekoizpena, eta luzatu haien bizi-zikloa. Zenbait adibidek argi erakusten dute nolako arrakasta lortu den AURAren ikuskaritzapean dauden milaka aerosorgailuen artean, akats batzuk urtebete lehenago ere detektatu izan baitira. Sektore horretako arrakasten historiak erakutsi duenez, ehunka mila euro aurreztu daitezke akats katastrofiko bakar bat garaiz hautemanda. Ikuskatzen diren aktibo guztiez biderkatuta, milioika eurokoa da aurrezpena.

Trenaren sektorean, berriz, bidaiarien segurtasuna hobetzen du sistemak, eta zerbitzuen puntualtasuna areagotzen: trenen gurpiletako gorabeherak kontrolatzen ditu; erosotasuna hobetzen du, aire egokituaren ekipoek etorkizunean izango dituzten akatsak aurreikusten baititu... Teknologia horri eta NEM Solutionsen zerbitzu osagarriei esker, % 35erainoko hobekuntzak izan dituzte beren aurrekontuetan NEM Solutionsen bezeroek, eta % 30eraino handitu dute beren aktiboen bizitza baliagarria.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

TECNALIAren webgunea: www.tecnalia.com

NEM Solutions-i buruz

NEM Solutionsek esperientzia bakar, iraultzaile eta gogoangarri bihurtzen ditu mugikortasunaren eta energiaren sektoreetako datuen digitalizazio eta analisi aurreratuko prozesuak. AURA teknologia patentatuaren bitartez, hurbileko lankidetza-ingurunea eskaintzen du, oso lagungarria eragiketen eta mantentze-lanen arloetan erabakiak hartu behar direnerako. Helburua: bezeroei laguntzea beren aktiboak kontrolatzen eta etorkizunean izango dituzten premiei aurrea hartzen.

NEM Solutionsen webgunea: www.nemsolutions.com

EARTO European Association of Research and Technology Organisations-i buruz

Ikerkuntza- eta teknologia-alorretako erakundeak biltzen ditu EARTO erakunde europarrak. 1999an sortua da, eta 20 herrialdetako 350 erakunde baino gehiago ditu bazkide. 2009az geroztik, urtero ematen du Berrikuntzaren EARTO Saria, erakundeko partaideen berrikuntza-proiektu onenak saritu eta Europako ekonomian (modernoa eta berritzailea) duten garrantzia azpimarratzeko.

EARTOren webgunea: www.earto.eu