- H2SITE enpresa berria Bizkaian kokatuko da, eta TECNALIAren, Frantziako ENGIE enpresaren eta Eindhoveneko Unibertsitatearen (TUe) arteko lankidetzari esker sortu da; ENGIE New Venturesek (utilityen sektoreko munduko funts handienetako bat) Espainiako start-upetan egingo duen lehenengo inbertsioa izango da
- Hidrogenoaren eskala txiki eta ertaineko sorkuntza banaturako teknologia bat garatzea da H2SITEren berrikuntza nagusia; purutasun handikoa da hidrogeno hori, kostu txikia du, eta mintz-erreaktore aurreratuak erabiliko dira prozesuan
Derio, 2020ko martxoaren 5a. Gertuko etorkizun batean energia, industria eta mugikortasuna deskarbonizatzeko, eta karbono gutxi erabili beharko duen ekonomia baterako energia-trantsizioa bizkortzeko, funtsezko elementu bat da hidrogenoa. Alde batetik, energia-eduki handiko gas bat da, energia jaso eta beharrezkoa den uneetan askatzeko gaitasuna duena; hala, energia berriztagarria sortzearen erronka nagusietako bat gainditzen da: eskaritik banandutako ekoizpen ez-jarraitua. Gainera, hidrogenoaren erabilera oso hedatuta dago industrian. Haren ekoizpenaren jatorria ez da berriztagarria, eta gas naturala instalazio zentralizatu handietan eraldatuta lortzen da; beraz, hidrogenoa konprimatu eta erabilera-puntuetara garraiatzeak kostu handiak ditu, bai ekonomikoak, bai ingurumenekoak.
Testuinguru horretan, TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroa eta Eindhoveneko Unibertsitatea, azken hamar urteetan, lankidetzan aritu dira purutasun handiko hidrogenoa ekoizteko prozesuaren inguruan. Frantziako ENGIE enpresa –energiaren sektoreko erreferente bat da mundu mailan– oraintsu sartu da lankidetza horretan, eta, emaitza gisa, H2SITE izeneko start-up industrial bat sortu da, zeinaren helburua baita purutasun handiko hidrogenoa teknologia eraginkor eta errentagarriago batekin ekoiztea bultzatzea. Gainera, ENGIE Venturesek, mundu guztiko utilityen sektoreko funts handienetako batek, Espainian egiten duen lehenengo inbertsioa da.
Paraleloki, hidrogenoaren alorrean lankidetza egonkorrean aritzeko hitzarmen bat sinatu dute hiru erakundeek (ENGIE, TUe eta TECNALIA), eta horrek, hidrogenoaren ekoizpenaren gai estrategikoan, goi-mailako adituak eta funtsak erakarriko ditu EAEra.
H2SITE, enpresa aitzindari bat
H2SITE enpresa berria Bizkaian dago, eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu du hasieratik. Lehenengo jarduera-urtean hiru laguneko lantaldea izango du. H2SITEk purutasun handiko hidrogeno banatua emango du, kostu txikiarekin, eskala txiki eta ertainean, eta, besteak beste, hauetan erabiltzeko: aplikazio estatikoetan (industrian, elektrizitatea eta beroa modu konbinatuan sortzeko…), energia behar duten eremu bakartuetan (uharteak, sare elektrikorik gabeko eremuak…) eta mugikortasunean. H2SITEk mugikortasun elektriko % 100 berdea hedatzea erraztuko du, eta ibilgailuetan bertan joango diren hidrogenoa sortzeko sistemak garatzeko aukera emango du. H2SITEk, hidrogenoaren plataforma teknologiko gisa, hidrogenoa sortu ahal izango du zenbait konposatutatik, hala nola biometanotik, amoniakotik eta bioetanoletik.
Horretarako, TECNALIAk eta TUe-k garatutako teknologia bat ustiatuko du H2SITEk: prozesuen intentsifikazioan oinarritzen da, eta mintz-erreaktore aurreratuak erabiltzen ditu; hidrogenoa ekoizteko prozesuaren eraginkortasuna maximizatzen du, eta baliabideak (energia, tokia, lehengaiak…) minimizatzen.
H2SITEk hidrogeno-kontsumoari lotutako egungo kostuak % 40 bitarte jaitsiko dizkie bezero industrialei, eta, era berean, ingurumen-inpaktuak murriztuko dira, eta hidrogenoa gordetzearen ondorioz sortzen diren araudi- eta segurtasun-arazoak saihestuko dira, hidrogenoa in situ eta eskariaren arabera ekoitziko baita.
Hala, hidrogenoaren sorkuntza berdearen inguruan estatuko eta Europako erreferente bihurtzea eta, horrenbestez, egin beharreko energia-trantsizioko palanka garrantzitsu bihurtzea da start-uparen negozio-helburu nagusia. Horretarako, lehentasunezko industria-sektoreetako aplikazio estatikoetarako in situ ekoitzitako hidrogenoaren hornitzaile nagusia izatea da erronka. Hona zein diren lehentasunezko industria-sektoreak: sektore kimikoa, elikagaigintza, sektore metalurgikoa, beiraren sektorea eta sektore elektronikoa (autonomia-erkidegoko eta estatuko PBGren zati handi bat osatzen dute).
Lankidetza: arrakastaren gakoa
Unibertsitate baten, zentro teknologiko baten, energiaren alorreko enpresa aitzindari baten, lehen mailako inbertitzaile baten eta teknologo eta kudeatzaileek osatutako lantalde ekintzaile baten lankidetzaren emaitza da H2SITE, haiei esker sortu baita enpresa berria.
Kasu honetan, teknologian duen jakintza ekarri du TECNALIAk, zeina hamar urte baino gehiagoan garatu baitu: TECNALIA Venturesen bitartez (zentroko negozio-azeleragailua), hiru patente-familiatan ematen dio jakintza hori enpresa berriari. TECNALIAk TECNALIA VENTURESen bitartez sortu duen industria-orientazioko 12. enpresa da H2SITE. Gainera, enpresa berri hori sortzeko, funtsezkoa izan da TECNALIAk gasak bereizteko mintzen inguruan garatu duen estrategia. Bikaintasun teknologiko horretaz gainera, funtsezkoa izan da Eindhoveneko Unibertsitatearekin mintz-erreaktore aurreratuak garatzeko hitzartutako lankidetza estrategikoa.
TECNALIAri buruz
TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentro bat da, erreferentea Europan; 30 nazionalitatetako 1.400 aditu ari dira han lanean, teknologia BPGra eraldatzeko lanean, hala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eta negozio-aukerak sortuz enpresetan. Zentroak, TECNALIA Venturesen bitartez, merkaturatzeko aukera duten negozio-aukerak identifikatu eta hedatzeko lanean laguntzen du, aktibo teknologikoak inkubatzea azeleratzeko programaren barruan.
ENGIE New Venturesi buruz
ENGIE New Ventures (ENV) ENGIEren inbertsio korporatiboko adarra da. Energiaren eta zerbitzuen Frantziako hornitzaile globala da ENGIE. ENV 180 milioi euroko funts bat da, errendimendu handiko start-upetako inbertsio minoritarioetara bideratua. ENVk 125 milioi euro inbertitu ditu 25 inbertsiotan. Parisen, Singapurren, Tel Aviven eta San Franciscon ditu bulegoak.