Prentsa-oharra

Hirietako joan-etorriak era autonomoan egiteko lehen aerotaxia garatu du TECNALIAk

2019ko uztailaren 11a
  • Ibilgailua pertsona bakar bat garraiatzeko diseinatu dute, baina lau pertsona ere garraiatzeko eskalatu liteke, eta 15 kilometro egiteko
  • Kabina aerodinamiko bat da, eta, guztira, lau drone ditu, goiko eta beheko aldean jarriak; era koordinatuan mugitzen dira droneok, eta barruan dagoen bidaiariak automobilean ibiltzean sentitzen duen konfortaren antzekoa sentitzen du

Donostian, 2018ko uztailaren 15ean. Etorkizuneko hiri-mugikortasuna zerura begira dago. Izan ere, iragarpenen arabera, hegan dabiltzan ibilgailuak izango dira mundu osoko hirietan, lurreko garraioaren alternatiba gisa. Porsche Consultingen ikerketa baten arabera, 2035ean 32.000 milioi eurora iritsiko da aireko taxien negozioa.

Gaur egun, mundu osoan, 6 prototipo daude, eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Espainiako lehena aurkeztu du gaur, Donostian. Ibilgailu hau hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko da. Prototipo hau pertsona bat edo 150 kg-ra bitarteko kargak garraiatzeko diseinatua dago, eta hirian 15 bat minutuko distantziak egiteko (gehienez ere 15 kilometro). Hala, munduko hiri guztietako hiriguneetako garraio-beharren % 85 beteko lirateke. Joan-etorriak 90 km/h-ko abiaduran egingo lirateke, baina 190 km/h-ra arteko abiadurak ere har litzake; hegaldiaren garaiera, berriz, 100-300 metrokoa izango litzateke, indarrean dagoen legediaren bilakaerak ebatziko duenaren zain.

Agustín J. Sáenz TECNALIAko Merkatuko zuzendariordeak adierazi duenez, “mugarri bat da aireko hiri-mugikortasunaren alorrean; aitzindariak gara Europan, Alemaniarekin batera, eta erreferentzia mundu mailan”. Halaber, esan du aireontzi-kontzeptu berri bat dela, eta lau bidaiarira ere eskalatu daitekeela hiri eta zerbitzu bakoitzaren beharren arabera.

TECNALIAren aerotaxiak 1,8 × 2 metroko kabina aerodinamiko bat du, ate eta leiho eta guzti, eta lau drone ditu, aireontziaren goiko eta beheko aldean jarriak, hura mugiarazteko. Hortxe dago haren berrikuntza nagusia: kontrol aurreratuko sistema bati esker, era independente baina koordinatuan mugitzen dira droneak; hala, egonkortasuna, efizientzia, doitasuna eta kabinaren kontrolagarritasuna hobetzen dira, eta, ondorioz, baita kabinako konforta ere.

Joseba Lasa izan da garapenaren arduradunetako bat, eta hauxe azaldu du: “TECNALIAren aireontziaren berritasun nagusia haren arkitekturan datza, zeinari esker kabinak bere orientazioari euts baitiezaioke, abiadura gorabehera. Hori abantaila nabarmena da ohiko droneekin eta gaur egungo “air taxi” erako aplikazioekin alderatuta. Ezaugarri horri esker, hegaldiaren esperientzia hobea da; dinamikaren ikuspegitik, automobil edo autobus batean ibiltzearen antzekoa”.

Autonomoa eta interaktiboa

Azken produktua autonomoa izango da, eta gainerako ibilgailu autopilotatuen posizionatze- eta komunikatze-teknologiak izango ditu. Espazio estuetan lur hartzeko eta aireratzeko gai ere izango da, hala nola aparkaleku batean, eta ingurune-baldintza txarrak jasan ahal izango ditu, hala nola haize eta euri bortitzak; halaber, aireratzean eta lur hartzean eragiten den aire-fluxu deserosoa minimizatuko du.

Aireontziarekiko interakzioari dagokionez, erabiltzailearen eta hiriaren eguneroko bizitzan ahalik eta hobekien txertatzeko diseinatu da. Mugikorraren bidezko interakzioa egongo da; aireontziari kalean bertan antzemango zaio; bidaiariak atzetik sartuko dira kabinara, erraz eta eroso, eta nahiko toki izango dute barruan, eroso egoteko.

Agustín J. Sáenzek zera azaldu du: “halako ibilgailuak ustiatzeko aukera posible bat zerbitzu partekatu bat da, non aireontziak erabiltzeko aukera izango bailitzateke hiriko beste puntu batera era autonomoan joan behar denean. Horretaz gain, salgaiak hirian garraiatzeko edo larrialdietara erraz iristeko ere erabil daitezke”. Erabilera-aukera oso zabala da, prototipo hau egiteko askotariko garapenak egin direlako eta garapen horiek guztiak bai batera eta bai partzialki erabil daitezkeelako droneetan oinarritutako mugikortasunaren esparruko beste aplikazio batzuetarako.

TECNALIA, gaur egun, azken produktuaren garapena eta industrializazioa negoziatzen ari da zenbait bazkide industrialekin, eta aurreikusten du bost urte barru halako aireontziak errealitate izango direla merkatuan eta zenbait hiritako zeruetan. Horrekin paraleloan, hori lortzeko egin behar diren lege-aldaketetan eskumena duten agintariekin ere ari da lanean. Hala ere, herrialde batzuk, hala nola Alemania eta Frantzia, dagoeneko ari dira posizionatzen proiektu pilotuekin, eta 2020an lehen hegaldi esperimentalak egingo dira Los Angeles, Dallas, Dubai, Singapur eta Tokio hirietan.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

2018. urtean % 12 areagotu du enpresekiko elkarlana, eta, hala, 7.000 enpresatik gora izan ditu lankide orain dela zortzi urte sortu zenetik; enpresa horien % 75 ETEak dira. Horrez gain, % 6 handitu du fakturazioa aurreko urtearekin alderatuta, eta 110,3 milioi euro fakturatu ditu; azken zazpi urteetako gehiena.  www.tecnalia.com

Informazio gehiago: Itziar Blanco (681 273 464)