Prentsa-oharra

Industria 4.0ko digitalizazioaren aldeko ekimena Transfiere Forora eramango du TECNALIAk

2018ko otsailaren 13a

Málaga, 2018ko otsailaren 13a. Ikerketa eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroak industria 4.0rako digitalizazioaren esparruan egindako azken berrikuntzak erakutsiko ditu TRANSFIEREn, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Europako Foroan, Málagan, otsailaren 14an eta 15ean. Azpiegiturak digitalizatzeko sistema bat, makina-erremintarako monitorizazio-plataforma bat eta industria-alorrerako errealitate areagotuko teknologiak aurkeztuko ditu zentroak Foroan.

Teknologia berrien etorrerak eta haien etengabeko hazkundeak sakon aldarazi du pertsonekin, makinekin eta produktuekin erlazionatzeko gure modua. Enpresak aro digitalean murgildu dira, eta digitalizazioak dakartzan aukerez baliatzen ari dira, teknologia berriak ezarriz, negozioa sortzeko eta lehiakorragoak izateko.

Azpiegituren digitalizazio- eta sentsorizazio-sistemak dira horren adibide. Sistema horiei esker, adimendun bihurtzen dira azpiegiturak, eta mantentze-prozesuak, optimizatu. Teknologia hori aurkeztuko du TECNALIAk TRANSFIEREn, eskalako zubi-prototipo baten bidez, non egiaztatu ahal izango baitira egituraren kaltea hautemateko diseinatutako zenbait algoritmoren ahalmenak. Sistema hori CEMOSA (Málaga) eta MAGTEL (Kordoba) enpresekin lankidetzan ari dira garatzen.

Printzipio hori bera makina-erremintari aplikatuz gero, hutsegiteak iragartzeko monitorizazio-sistemak lortzen dira. Hala, enpresa berri bat, VIXION, sortu du TECNALIAk SPYROrekin batera, industria 4.0ko soluzioak sortzeko eta makinen fabrikatzaile eta erabiltzaileentzako zerbitzu aurreratuak eraikitzeko; adibidez, hodeiko monitorizazio-sistema bat, fabrikazioko makinen kontroleko datuak makinetatik hartu eta automatikoki erregistratzen eta analizatzen dituena.

Industria-alorreko errealitate areagotuari eta errealitate birtualari dagokienez, berriz, TECNALIAk aplikazio bat aurkeztuko du, zeinak, teknologia horien bidez, diesel motorretan erabiltzen den iragazki zentrifugo bat muntatzeko eta desmuntatzeko prozesua gidatzen baitu urratsez urrats.

Energiaren, osasunaren eta material jasangarrien alorretako beste ekimen batzuk

TECNALIAk energiaren, osasunaren eta material jasangarrien inguruko beste ekimen batzuk ere erakutsiko ditu. Energiaren alorrean, ikerketa-zentroak bioerregaiak edo balio erantsi handiko produktu kimikoak egiteko mikroerreaktore bat aurkeztuko du, industria kimiko eta petrokimikoetarako eta biofindegietarako.

Osasungintzan, TECNALIAren helburuetako bat da elikagaigintzaren bidez elikagai osasuntsuagoak sortzea, bizi-kalitate hobea eta zahartze aktibo eta osasungarria izaten laguntzen dutenak. Horretarako, osagai naturalen alorreko zenbait garapen teknologiko aurkeztuko ditu; besteak beste, koloratzaile, proteina, polifenol eta karotenoide antioxidatzaileak eta funtzionalak.

Material jasangarriei dagokienez, aerogelezko superisolatzaile termiko bat garatu du, Frantziako KEEY Aerogel konpainiarekin batera. Isolatzaile horrek Europako Business Ideas Competition for Innovation saria jaso du, nabarmen urritzen duelako energia-kontsumoa eta baliabideak hobeto aprobetxatzea lortzen duelako.