Prentsa-oharra

Inguratzaile Arkitektonikoen VIII. Nazioarteko Batzarra

2018ko ekainaren 19a

4.0 fatxadak diseinatzeko eta sortzeko robotikaren, adimen artifizialaren eta material berritzaileen aplikazioa aztertzeko foro bat
egingo da Kursaalen, bihartik ostiralera arte

Donostian, 2018ko ekainaren 19an. Digitalizazioa oldarka sartu da fatxaden munduan, energiaren eta ekoizpenaren aldetik diseinu eraginkorragoak egiten laguntzeko. Joera horren ondorioak dira 4.0 fatxadak, ICAE 2018 edo Inguratzaile Arkitektonikoen VIII. Nazioarteko Batzarreko protagonistak, hain zuzen ere. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak antolatuta egingo da batzarra, bihartik ostiralera arte, Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Nazioarteko 70 aditu baino gehiago bilduko dira, 4.0 industria arkitekturako inguratzaileei aplikatzeak zer aukera dakartzan aztertzeko.

Nazioarteko batzar horrek hiru egun iraungo du, eta gai hauek jorratuko dira: material berritzaileen erabilera fatxadetan, fatxadak roboten bidez instalatzeko metodo berriak eta birgaitzearen alorreko soluzio teknologiko berritzaileak. Orobat landuko dira beste gai hauek ere: energia berriztagarriek arkitekturako inguratzaileetan duten erabilera, suteen aurkako segurtasuna fatxadetan, leiho adimendunak, fatxada konektatuetarako sentsore-mota berriak eta fabrikazio-modu berriak (hala nola 3D inprimaketa).

Aurkeztuko diren berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da TECNALIAk Eusko Jaurlaritzaren VISESA sozietate publikoarekin lankidetzan diseinatu dituen eta eraikin osasungarriagoak eraikitzeko “ekomaterialen” merkaturatzea. Material horiek, zeinen % 60 baino gehiago lehengai natural berriztagarrietatik baitator, helburu bikoitza dute: batetik, eraikinen barruko airearen kalitatea hobetzea, hezetasunen edo substantzia kimiko kaltegarrien eraginez sortzen diren gaixotasunak ekiditeko, eta isolamendu termikoa areagotzea, energiaren % 25 aurrezteko. Gaur egun, hiru eraikinetan daude prototipoak. Haietako bi Euskadin: Kubiken, TECNALIAk erakusketetarako erabiltzen duen eraikinean, Derion, eta VISESA Donostiako Morlans auzoan eraikitzen ari den etxebizitza-eraikin batean. Hirugarren prototipoa, berriz, Tartu hirian dago (Estonia), kirol-instalazio baten ondoko eraikin batean. 

Nazioarteko hizlariak

Hizlariei dagokienez, fatxaden sektorera enpresa teknologiko handien jarduerak zer aldaketa ekarriko dituen azalduko du Norbert Praillek (Züblin AG); Ger Gizjzenek (UNStudio), berriz, nola eragiten dieten teknologia berriek etxe orratz baten diseinuari, eta Jorge Beroizek (Callison RTKL) zer garrantzi duen inguratzaileak etxe orratzen diseinuan; Anna Wendtek (BuroHappold) azalduko du nola diseinatzen den estaldura bakan bat, hala nola Abu Dhabiko Louvre berriarena, eta Erik Raskerrek, azkenik, (Reynaers) aro digitalak fatxadetan duen eraginari buruz hitz egingo du. Carlos Ferraterrek (OAB) eta Manuel Aires Mateusek (Aires Mateus e Associados) ere erakutsiko digute beren ikuspegia fatxaden munduari eta hark arkitekturarekin duen loturari buruz.

Batzarraren osagarri, erakusketa bat egingo da, non azken garapenak erakutsiko baitituzte sektoreko hogei enpresak baino gehiagok, hala nola Alucoilek, Grupo Alumánek eta Heidelbergcement Hispaniak.

TECNALIAk antolatu du Inguratzaile Arkitektonikoen VIII. Nazioarteko Batzarra, erakunde hauekin batera: ASEFAVE (Fatxada Arinen eta Leihoen Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea), Fatxaden Europako Sarea, FAECF (Leiho eta Fatxaden Europako Fabrikatzaileen Elkarteen Federazioa), Fatxada Arinen Masterra, Arkitektoen Madrilgo Kontseilu Gorenaren material-galeria eta Eusko Jaurlaritza.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com