Prentsa-oharra
2.000 lagunek hartu dute parte Portugaleten egindako jarduera zientifikoetan
Prentsa-oharra
2021eko ekainaren 16a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beste urrats bat egin du smartizazio-estrategian: lehen 4.0 laborategiak jarri ditu martxan, zeinek aukera ematen baitute enpresekin 360º-ko komunikazioa izateko. Hala, aurrera jarraitzen du bere laborategiak digitalizatzeari dagokionez, eta sarean bidez komunikatzeko eta lan egiteko modua goitik behera aldatu du, onlineko zerbitzu berriak martxan jarrita, bere laborategiak eta adituak enpresetara hurbiltzeko.
Gaur egun, 140 enpresak baino gehiagok egiten dute lan TECNALIArekin plataforma aitzindari horren bidez, zeinak aukera ematen baitu proiektuak urrunetik kudeatzeko, zentroko azpiegitura teknologikoetara on line sartzeko, bezeroaren instalazioetan urrunetik saiakuntzak egiteko eta errealitate areagotuaren bidez aholkularitza, ikuskaritza eta ikuskapenerako zerbitzu digitala eskaintzeko. Enpresa batzuk zentroko 4.0 laborategi-sare berriari lotuta daude dagoeneko, adibidez: eraikuntzako fabrikazio industrialaren sektoreko enpresak, hala nola Lanik (Euskadi) eta Aluman (Galizia), eta Euskadin egoitza duen Aclara multinazionala, sektore elektrikoan espezializatua.
Konexio digitaleko tresna berriak erabiliz, bezeroen sarera konektatzen da haiekiko konektagarritasuna handituta, eta laborategiak eta adituak bezeroengana hurbiltzen ditu. Laborategi-zerbitzuen arloan, TECNALIA da estatuan hori egin duen lehen erakundea.
Zerbitzu digital berriak
Eraldaketa digital horren lehen fasea 2020an hasi zen, myTecnalia komunikazio-plataforma martxan jarri zenean. Onlineko plataforma bat da, enpresei aukera ematen diena beren proiektuen jarraipena egiteko, eta aldebiko proiektuetara bideratuta dago, hau da, TECNALIAren eta enpresa baten artean garatutako proiektuetara. Erabilera digitalizatzeko bidean emandako urrats horrekin, indartu egiten dira langile teknikoekiko zuzeneko komunikazioa, lanak efizientziaz kudeatzea, eta proiektuak garatzean eta saiakuntzak egitean sortutako informazioa noiznahi eta era seguruan ikusteko aukera.
2021eko ekainean tresna osatuko da, hiru zerbitzu berri sartuta: onlineko sarbidea zentroko azpiegitura teknologikoetara, bezeroaren instalazioetan urrutitik egindako saiakuntzak eta TECNALIAko adituen aholkularitza-, ikuskaritza- eta ikuskapen-zerbitzu digitala, errealitate areagotuaren bidez emana.
Lehenik eta behin, laborategietarako sarbide digitalari esker, enpresek streaming bidez monitorizatu ahal izango dituzte saiakuntzak, eta, informazio hori gordeta, errazago analizatuko dituzte datu historikoak eta konparatuko egindako saiakuntzen emaitzak. Hala, produktua hobeto garatu ahal izango dute. Gainera, errealitate areagotuaren bidez, saiakuntza-laginen urruneko muntaketa gainbegiratu ahal izango da, eta saiakuntzen ondoren laginak bistaratu ahal izango dira.
Bigarrenik, urruneko saiakuntza- eta ziurtapen-zerbitzuari esker, enpresen laborategietara konektatzeko aukera izango dute TECNALIAko profesionalek, laborategi digitalizatuetan egindako saiakuntzak gainbegiratzeko, eta haien ikuskaritzak eta ikuskapenak egiteko.
Hirugarrenik, aholkularitza-, ikuskaritza- eta ikuskapen-zerbitzu digitalari esker, TECNALIAko aditu teknikoak digitalki hurbilduko dira enpresetara errealitate areagotuaren bidez, ikuskaritzak eta aholkularitza tekniko digitala urrutitik eta eraginkortasunez egiteko.
Azken batean, eraldaketa digital horrek enpresekin komunikatzeko bide berri bat irekitzen du, eta, hala, proiektuen kudeaketa errazten; informazio-fluxua sustatzen du, eta TECNALIAren instalazio teknologikoetan egiten dituzten proiektuen jarraipen birtuala egiteko aukera ematen die enpresei. Ondorioz, harreman osatuagoa lortzen da, eraginkorragoa eta enpresen beharretara egokituagoa, eta joan-etorriak gutxitu eta elkarren arteko interakzioak areagotzen dira, hala behar duen guztietan.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.
Informazio gehiago nahi izanez gero:
Itziar Blanco (681 273 464)