Prentsa-oharra

SHYNE sortu da, hidrogeno berriztagarria bultzatzeko Espainiako partzuergorik handiena

2022ko urtarrilaren 26a
Socios S

SHYNEk hainbat proiektu abiaraziko ditu hamar autonomia-erkidegotan, eta 3.230 milioi euroko inbertsioa izango du teknologia lehiakorragoak garatzeko eta Espainiako industria eta haren azpiegiturak deskarbonizazioaren bidean jartzeko; 13.000 lanpostu baino gehiago sortuko dira, halaber.

  • Aurkezpen-ekitaldian, Energiako estatu-idazkari Sara Aagesen eta Industria eta ETE-etako idazkari nagusi Raúl Blanco izan dira. Repsolek energiaren hainbat sektoretan dihardu, eta bere egoitzan, Campus Repsolen, ekimenaren ekosistema osatzen duten 33 entitateen ordezkariak bildu ditu.
  • Repsol da partzuergoaren liderra, beste sei konpainiarekin batera, haietako bakoitza bere sektorean erreferentzia dela: Alsa, Bosch, CELSA Group, Enagás, Scania eta Talgo. Haiek guztiak ekimenaren sustatzaile dabiltza. Gainerako 26 bazkideek (elkarteak, konpainia publiko eta pribatuak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak), berriz, kolaboratzaile jardungo dute proiektuetan.
  • Partzuergoaren helburuetako bat da 500 MW-eko kapazitate instalatua edukitzea 2025ean, eta 2 GW-ekoa 2030ean; hau da, Espainiako Gobernuak argitaratutako hidrogenoaren ibilbide-orriko helburuaren erdia.
  • Bestalde, proiektuak sustatuko dira balio-kate osoan, baita sorkuntza berriztagarriaren instalazioa eta hidrogenoaren erabilera industrialak bultzatzea ere, integrazio sektorial sendo baten bidez. Era berean, garraioaren sektore guztietan hidrogenoa erabiltzea bultzatuko da; horretarako, erregai sintetikoak ekoitziko dira, eta gutxienez 12 hidrogeno-hornitegiz osatutako azpiegitura bat sortuko da 2025erako.
  • Partzuergoa elkarlan nazionaleko sare bat izango da, proiektu guztiei babesa emango diena eta teknologia aitzindarien ezagutza eta ikerketa kudeatuko dituena, lehiakortasunaren eta kalitate oneko enpleguaren mesedetan. Entitate parte-hartzaileen konpromisoaren bidez, eta haien guztien gaitasunek bat eginda, Espainia abangoardia teknologikoan kokatuko da, hidrogeno berriztagarriaren ekonomiaren potentzia gisa Europan.

SHYNE proiektua (Spanish Hydrogen Network), hidrogeno berriztagarriaren Espainiako partzuergorik handiena, zenbait sektoretako 33 entitatek osatua, Campus Repsolen aurkeztu da gaur, energiaren hainbat sektoretan diharduen enpresaren egoitzan. Zehazki, 22 enpresak eta 11 elkarte, zentro teknologiko eta unibertsitatek bat egin dute proiektuan, Repsol buru dela. Helburua hidrogeno berriztagarriaren proiektuak sustatzea da Espainiako ekonomiaren alor guztietan, eta, orobat, deskarbonizazio bizkorra eta eraginkorra bultzatzea bektore energetiko horren bidez, trantsizio energetikoaren gakoetako gisa proposatzen ari baita.

SHYNEren erronka Europan erreferentziako proiektua izatea da, eta balio-kate osoan zehar aukera berriak egituratzea du xede. Horretarako, helburu komun bat, bere jarduera deskarbonizatzea, duten konpainien arteko elkarlana da bidea; eta, hori lortzeko, ahaleginak eta inbertsioak bateratzea. Horretarako, Repsol ez ezik, beste sei bazkide sustatzaile ere baditu proiektuak. Guztiak ere punta-puntako konpainiak dira, bakoitza bere sektorean: Alsa, Bosch, CELSA Group, Enagás, Scania eta Talgo.

SHYNEn bildu diren proiektuetan, guztira, 3.230 milioi euroko inbertsioa egingo da. Hala, hidrogeno berriztagarria ekoitzi, banatu eta erabiltzeko ekimenak abiarazi ahalko dira, nola industriaren sektorean hala garraioan eta beste aplikazio batzuetan ere; gainera, teknologia aitzindariak garatu ahalko dira eta, hala, gas hori hedatzeko planak azkartu. Proiektuak, guztira, 13.000 lanpostutik gora sortzea espero da.

Energiako estatu-idazkari Sara Aagesenek aurkezpen-ekitaldian parte hartu du eta, haren hitzetan, “hidrogeno berriztagarria herrialde-proiektu bat da. Ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egiteko eta 2050ean klima-neutraltasuna lortzeko falta zitzaigun pieza da, bai eta aurrerapausoak emateko ere ezagutzaren garapenean, 'made in Spain' teknologian eta enpresa-ehuna zein balio-kate industrialak sendotzeko bidean”. Horrez gain, estatu-idazkariak nabarmendu du hidrogenoak funtsezko zeregina duela Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarriaren eta Biltegiratzearen Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoan (PERTE ERHA). Adierazi du SHYNE ekimena “Gobernuak herrialdearentzat duen proiektuaren barruan” dagoela, “planteamendu integratzaile bat” duela, eta “PERTE ERHAren helburuekin bat, hidrogeno berriztagarriaren klusterrak sustatuko direla”. Eta hau erantsi du: “trakzio-proiektu bat da ehun industrial eta teknologikorako, eta haren ikuspegi globalean enpresa handi, ertain eta txikiak sartzen dira”.

Industria eta ETE-etako idazkari nagusi Raúl Blancok, bere aldetik, hau azpimarratu du ekitaldia ixteko: “Espainiak aukera paregabea eta erabateko ahalmena du hidrogenoaren balio-kate industrialaren liderra izateko Europan. Horretarako, SHYNE proiektua adibide aparta da. Proiektu hau abiaraztea eta hartan 22 enpresak eta 11 elkarte, zentro teknologiko eta unibertsitatek parte hartzea ospatzeko modukoa da; haiek guztiek aditzera ematen dute Espainiak egundoko ahalmena duela alor industrialean eta teknologikoan”.

Proiektuen bazkide kolaboratzaileak 11 elkarte, zentro teknologiko eta unibertsitate dira. Hona hemen: Hidrogenoaren Espainiako Elkartea (AeH2), Hidrogeno Teknologien eta Erregai Pilen Esperimentazio Zentro Nazionala (CNH2), Zeramikaren eta Beiraren Espainiako Elkartea, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia (CSIC), Galiziako Automozio Zentro Teknologikoa (CTAG), Hidrogenoaren Teknologia Berriak Aragoin Garatzeko Fundazioa (FHa), Kataluniako Energia Ikerketaren Institutua fundazioa (IREC), TECNALIA, Cidetec eta Gaztela-Mantxako eta Alacanteko unibertsitateak.

Partzuergoan hainbat sektoretako 22 konpainiak ere parte hartzen dute, hala nola Iberia eta Baleària, aireko eta itsasoko garraioan erreferentziak, hurrenez hurren; Navantia konpainia publikoa; PYMAR, Espainiako ontziola txiki eta ertain pribatuak biltzen dituen elkartea; altzairugintzako konpainiak (adibidez, Sidenor, AMES Group eta Tubacex); Calvera, hidrogeno-hornitegiak eta gasak biltegiratu eta banatzeko sistemak diseinatzen eta egiten dituena; elektrizitatea ekoizten duten enpresak (BBE, esate baterako); mugikortasun elektrikoan diharduten ingeniaritza-enpresak (EPowerlabs, adibidez); produktu hoztuen garraioan espezializatuta dagoen Primafrío konpainia; Wartsila, itsas soluzioetan buru den ingeniaritza-enpresa; Zigor korporazio teknologikoa, potentzia-elektronikako sistemak garatzen dituena; eta industriarako soluzio berritzaileetan espezializatuta dagoen Magrana enpresa. Partaideen artean dago, halaber, DYPAM; Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen abaroan sortutako spin-off bat da, material aurreratuak diseinatzen etaprozesatzean diharduena. Entitate horien arteko sinergiak SHYNE partzuergoaren bitartez gauzatuko dira, eta garapen industrial koordinatuak bultzatuko dituzte hidrogenoaren balio-kate osoan zehar.

Gobernuaren helburuekin bat datorren herrialde-proiektu bat

Beste herrialde batzuen aldean, Espainiaren egoera pribilegiatua da hidrogeno berriztagarriaren ekonomia berriak dakarren aukera baliatzeko: eguzki- eta haize-baliabide oparoak daude, eta bertako industriak gaitasun handia du hidrogenoaren balio-katearekin lotutako ekonomia berri batera egokitzeko.

SHYNE proiektuaren bitartez, ekosistema bat sortu nahi da, hidrogenoaren harira eskualdeetan abiarazten ari diren ekimen handiak konektatzeko; esate baterako, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C), Kataluniako Hidrogenoaren Harana eta Murtziako Eskualdeko Hidrogenoaren Harana. Horrez gain, SHYNEk bi berrikuntza-huben sorrera sustatuko ditu Gaztela-Mantxan eta Madrilen. Helburua garapen bidean dauden teknologia lehiakorrak garatzea izango da, hala nola fotoelektrokatalisia eta oxido solidoen elektrolisia (SOEC), aukera emango bailiokete herrialdeari teknologikoki burujabe izateko energia-bektore berri horretan.

Halaber, ezagutza kudeatzeko zentro bat sortuko da Madrilen; zeharkako jarduketak koordinatuko dira han eta, gainera, zentro teknologikoak eta unibertsitateak erreferentzia-zentro gisa ezarriko ditu Europan. Hala, sare eraginkor bat sortuko da, polo ekoizleen, zentro industrialen eta beste hidrogeno-kontsumitzaile batzuen arteko sinergiak bereganatuko dituena eta gas berriztagarriaren lehiakortasuna ziurtatuko duena, kostu gehigarriak azken erabiltzaileen bizkar geratzea saihesteko.

SHYNE proiektua zeharo bat dator nola Europar Batasunak hala Espainiako Gobernuak finkatu dituzten helburuekin. Gobernuak 2020ko urrian plazaratu zuen hidrogenoaren ibilbide-orria, eta 2030erako 4 GW-eko kapazitatea lortzea dago haren helburuetan. Bestalde, Espainiak Ahal Du Planak babestu egiten du horrelako partzuergoak sortzea, batik bat hainbat sektore biltzen dituztenak, balio-kate osoa integratzen dutenak eta, orobat, elkarlan publiko-pribatua, enpresa txiki eta ertainekiko elkarlana eta ikerketa-zentroekiko elkarlana sustatzen dutenak, hidrogenoaren ekonomia bultzatze aldera.

Hari horretatik, SHYNE proiektua bat dator Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarriaren eta Biltegiratzearen Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoarekin (PERTE ERHA), joan den abenduan Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak abian jarritako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustu estrategikoa

Hidrogeno berriztagarria Repsolen oinarrietako bat da 2050erako emisio garbirik eza lortzeko duen estrategian. Konpainiak hidrogeno berriztagarriaren estrategia aurkeztu zuen urrian: ekoizpenaren liderra izan nahi du Iberiar penintsulan, eta lidergoari heldu Europan. Asmo hori gogoan, eskura dauden teknologia guztiak erabiliko ditu, eta, Enagásekin batera, fotoelektrokatalisia garatzen ari da: teknologia propio bat da, hidrogenoa ekoitz dezakeena uretatik eta eguzki-argitik abiatuta.

Repsolen industriaguneak energia anitzeko polo bihurtzeko eraldaketa-prozesu batean daude gaur egun; garrantzi handikoak dira hidrogeno berriztagarriaren ekimenetan, eta funtsezko zeregina izango dute SHYNE proiektuan. Haietan, gas honen ekoizpena eta erabilera uztartuko dira, karbono-aztarna baxuko produktu bilakatzeko, baita karbono-aztarnarik gabeko eta karbono-aztarna negatiboko produktu ere bilakatzeko ere; besteak beste, erregai jasangarri eta eraikuntzarako edo osasungintzarako material gisa.

SHYNEren barruan elkarlanean ari diren enpresen arteko sinergiak lagungarriak izango dira garapen industrial koordinatuak bideratzeko hidrogenoaren balio-kate osoan, eta inbertsioak egiteko ahalmena maximizatu egingo da modu horretan. Premisa hori giltzarri izango da deskarbonizazioa modurik efizienteenean eta ahaliik eta kosturik txikienean erdiesteko, batez ere gaur egun elektrifikazio-soluziorik ez duten sektoreetan; adibidez, altzairugintzan (hori da CELSA Groupen jarduera) eta garraioaren segmentu batzuetan (abiazioa eta itsas garraioa, trenbidekoa edo ibilbide luzeko gai astunen garraioa (erreferentziak dira hor Iberia, Baleària, Talgo eta Alsa). Hala, deskarbonizazioaren erronka egundoko aukera bihurtzen da aberastasuna eta garapen teknologiko eta industriala sortzeko Espainian, hidrogeno berriztagarriaren ekonomia berria baliaturik.

Adierazpenak

  • Repsolen kontseilari delegatua, Josu Jon Imaz: “Espainiak rol garrantzitsu-garrantzitsua eduki dezake hidrogeno berriztagarriaren Europako alorrean, eta SHYNEk aukera emango digu geure ahalmenak batzeko eta behar ditugun beste batzuk enpresa txiki zein ertainetatik erakartzeko, Espainiako ekonomiaren deskarbonizazioa elkarrekin azkartzearren”.
  • Alsa Groupeko presidentea, Jorge Cosmen: “Alsarentzat oso pozgarria da Repsol liderra den SHYNE proiektuaren bazkide sustatzaile izatea, gure uste sendoa baita hidrogenoaren ekonomia garatu eta bultzatu behar dela, etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren teknologia giltzarri izango den aldetik. Alsaren barnean, lider izan nahi dugu emisiorik gabeko flotetarako trantsizioan, eta, prozesu horri dagokionez, aurreikusten dugu hidrogenoz higiarazitako lehen autobusa gure lineetako batean modu egonkorrean txertatuko dugula hil honetan. Gizarte osoak, administrazioek eta operadoreek mugikortasun jasangarriagoa lortzeko dugun helburu komun horren lehen urratsa da, gure hirietan kalitate hobeko ingurunea lortzen laguntzeko”.
  • Bosch taldeko Estrategia eta Negozio Berriko zuzendaria Espainian eta Portugalen, Emma Nogueira: “Hainbat aktoreren arteko elkarlan-akordio hau bereziki interesgarria da bai Boschentzat enpresa gisa bai Espainiarentzat herrialde gisa, eta energia berriztagarria sortzeko potentzial handia du”.
  • CELSA Groupeko kontseilari delegatua, Francesc Rubiralta: “CELSA Group altzairu zirkularra ekoizten liderra da Europan eta ikusi dugu hidrogeno berriztagarria giltzarri dela 2040an net positive izateko helburu estrategikoa erdiets dezagun. Orain, emisio baxuko enpresa gara gure sektorean, baina lanean dihardugu karbono-emisio garbien zero maila lortzeko gure jardueran. Proiektu honetan parte hartzea horretarako aukera aproposa da, bai eta beharrezkoa dugun ekosistema garatzen laguntzeko aukera ere, Espainia Europako lider izan dadin hidrogeno berdea ekoizten eta kontsumitzen”.
  • Enagáseko kontseilari delegatua, Marcelino Oreja: “Enpresek aldaketarako motorra izan behar dugu, ekonomia deskarbonizatzeko prozesuan aurrera egiteko eta trantsizio bidezkoa eta inklusiboa izateko. Hidrogeno berriztagarriaren hedapenari benetan bultza egiteko hasierako une honetan, ezinbestekoa da enpresen, erakundeen eta administrazioen arteko elkarlana. Ildo horretan, Enagásek Espainiako lurralde osoan hidrogenoarekin lotutako 30 proiektutan baino gehiagotan parte hartzen du beste bazkide batzuekin batera.
  • Scania Ibéricako Marketin eta Komunikazio zuzendaria, Sonia García: “Akordio hau Scaniaren konpromisoaren beste froga bat da, garraio jasangarrirako aldaketan engaiaturik baikaude hainbat fronte teknologikotatik. Scaniak eragile garrantzitsutzat du hidrogeno berdea, epe ertain eta luzeko elektrifikazioaren barruan. Scanian argi daukagu zeinen garrantzitsua den partzuergo indartsuekin eta beste enpresa batzuekin lan egitea, klima-aldaketa gelditzeko”.
  • Talgoko presidentea, Carlos Palacio: “Talgorentzat, SHYNE proiektuan egoteak sendotu egiten du gure apustua: mugikortasun deskarbonizatua, hidrogenoan oinarrituta. Eta hori guztia lidergoa izan dezakegun eta mundu osora esporta dezakegun teknologiarekin eta industria-gaitasunarekin. Hidrogenoaren teknologia Talgo trenei aplikaturik muntaketa-fasean dago tren laborategi batean, eta trenbideko probak aurtengo martxotik aurrera egingo ditugu. Enpresa gisa, gure herrialdea hidrogeno berriztagarriak eskaintzen digun mundu berriaren abangoardian ipintzeko konpromisoa dugu, ene iritziz”.

SHYNEn dauden enpresak

Bazkide sustatzaileak

  • Repsol
  • Alsa
  • Bosch
  • CELSA Group
  • Enagás
  • Scania
  • Talgo

Bazkide kolaboratzaileak

  • Hidrogenoaren Espainiako Elkartea (AeH2)
  • Hidrogeno Teknologien eta Erregai Pilen Esperimentazio Zentro Nazionala (CNH2)
  • Zeramikaren eta Beiraren Espainiako Elkartea
  • AMES Group
  • Baleària
  • BBE
  • Calvera
  • DYPAM
  • EPowerlabs
  • Iberia
  • Magrana
  • Navantia
  • Primafrío
  • PYMAR
  • Sidenor
  • Tubacex
  • Wartsila
  • Zigor
  • Ikerketa Zientifikoetarako Goi Kontseilua (CSIC)
  • Galiziako Automozio Zentro Teknologikoa (CTAG)
  • Hidrogenoaren Teknologia Berriak Aragoin Garatzeko Fundazioa (FHa)
  • Kataluniako Energia Ikerketaren Institutua fundazioa (IREC)
  • TECNALIA
  • Cidetec
  • Gaztela-Mantxako Unibertsitatea
  • Alacanteko Unibertsitatea