Prentsa-oharra

TECNALIA katedra berria Granadako Unibertsitatean

2019ko irailaren 17a

Pilar Arandak —Granadako Unibertsitateko errektoreak— eta Jesús Valerok —TECNALIAko Teknologiako zuzendariorde nagusiak— lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Granadako Unibertsitatean (UGR) Adimen Artifizialeko TECNALIA katedra sortzeko. Katedra horren bidez, adimen artifiziala askotariko merkatuetan erabiltzea sustatu nahi da, ezagutza eta bikaintasun zientifiko eta teknologikoa oinarri hartuta.

Datuen Zientziako eta Adimen Konputazionaleko Andaluziako Ikerketa Institutura adskribatua dago katedra, eta Francisco Herrera Triguero eta Óscar Cordón García izango ditu zuzendari, biak ala biak Granadako Unibertsitateko Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedratikoak. TECNALIAri dagokionez, hauek izango dira katedraren arduradunak: Javier del Ser Lorente, Artificial Intelligence plataformaren arduraduna, eta Alberto Diez Olivan, Smart Systems plataformako ikertzaile nagusia.

Katedra berriari esker, lotura formal eta estrategiko bat sortu da UGRko eta TECNALIAko adimen artifizialeko ikerketa-taldeen artean, bere izaera eraldatzailea beste sektore batzuetan garatzeko asmorekin, hala nola eraikuntzan eta hiri-ingurunean: biki digitala, zibersegurtasuna, garraio-sistema adimenduna (ITS) eta logistika, eta 4.0 industria.

Horretarako, honelako jarduerak egingo ditu katedrak, besteak beste: trebakuntza, ikasleentzako bekak, hitzaldiak eta mintegiak, zientzia eta teknologia dibulgatzeko jardunaldiak enpresetan, gaiarekin lotuak dauden baterako argitalpenak eragina duten aldizkarietan, ezagutza zabaltzearekin eta transmititzearekin zerikusia duten proiektuetan parte hartzea eta adimen artifizial aplikatuan oinarritutako aktiboak garatzen eta gidatzen laguntzea.

http://canal.ugr.es/noticia/catedra-tecnalia-inteligencia-artificial-ugr/