Prentsa-oharra

TECNALIAk %15 handitzen du enpresekin duen jarduera

2022ko uztailaren 6a
TECNALIA incrementa la competitividad de las empresas

TECNALIAk %15 handitzen du enpresekin duen jarduera, eta horrela eragin ekonomiko eta sozial handiagoa lortzen du

  • Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak 120 milioi euroko fakturazioa izan du iazko ekitaldian, aurreko ekitaldian baino % 5,63 handiagoa.
  • Emaitza horiek TECNALIAk enpresei I+Ga transferitzeko duen estrategiaren ondorio dira, zeinaren helburua baita bi alderditan eragitea: alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean. Estrategia horren ondorioz, 1.200 enpresarekin lankidetzan aritu da 2021ean, eta, guztira, 10 urteko ibilbidean, 9.000 enpresarekin (haietako % 73 ETEak).
  • Gainera, nabarmentzekoa da ezen, Deloittek egindako azterketak jasotzen duenez, gora egin dutela zentroaren jardueraren eragin-adierazleek: enpresa batek 2021ean TECNALIArekin I+Gan inbertitu duen euro bakoitzeko, 12 € euro gehiago fakturatu ditu (emaitza-kontuan sartu da diru hori), eta zentroko lanpostu bakoitzeko beste 6 mantentzen dira Euskadin. Halaber, Euskadiko erakunde publikoek TECNALIAn inbertitzen duten euro bakoitzeko, BPGko 24,32 euro sortzen dira une honetan, eta 2,96 €-ko itzulkin fiskala.
  • TECNALIAk bere Plan Estrategiko berria aurkeztu zuen duela hilabete gutxi batzuk. Haren bidez, 140 milioi euroko diru-sarrerak lortu nahi ditu datozen 3 urteetarako, eta 1.525 laguneko taldea osatu.
  • Plan berriaren helburua da inpaktu ekonomikoa eta soziala ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez indartzea, eta enpresen eta gizartearen eraldaketa-eragile izatea etorkizuneko erronketara egokitu daitezen, hau da, fabrikazio adimendunera, eraldaketa digitalera, trantsizio energetikora, mugikortasun jasangarrira, osasun pertsonalizatura eta hiri-ekosistemara.

2022eko uztailaren 6a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak 120 milioi euroko fakturazioa izan du 2021ean; hau da, aurreko ekitaldian baino ia % 5,63 gehiago fakturatu du, eta pandemia ondoko jarduera egonkortu egin da. Hala, TECNALIAk % 15 handitu du enpresekin duen jarduera azken ekitaldian.

Datu horiek eman dituzte Alex Belaustegi TECNALIAko lehendakariak eta Jesús Valero zuzendari nagusiak gaur goizean Donostian, eta zentroaren jarduerak gizartean duen eragina azpimarratu dute: “Enpresen eta gizartearen zerbitzura dagoen tresna bat gara. Zalantzarik gabe, gure lidergoa eta gure indarguneak lankidetzan eta konfiantzan daude. Horren erakusgarri da industria- eta enpresa-sarearekin batera aurrean ditugun erronka handi guztietan presente gaudela. Hala, 2021ean 1.200 enpresarekin baino gehiagorekin aritu gara lankidetzan; haietatik % 73 ETEak.

Testuinguru horretan, Deloittek TECNALIAren jarduerak duen eraginari buruz egindako azterketaren arabera, enpresa batek 2021ean I+Gan inbertitu duen euro bakoitzeko 11,89 euroko diru-sarrera egin da haren emaitza-kontuan; hau da, aurreko ekitaldian baino % 15 handiagoa. Zentroko lanpostu bakoitzeko, beste 6,3 lanposturi eusten zaie Euskadin. Gainera, EAEko erakunde publikoek TECNALIAn inbertitzen duten euro bakoitzeko, une honetan 24,32 euroko BPGa sortzen da, aurreko ekitaldian baino % 50 handiagoa. Horrez gain, zerga-itzulkina % 55 handiagoa da, eta 2,96 eurora iristen da. Jarduera-adierazle horiek asko hazi dira, eta erakusten dute TECNALIA eredua arrakastatsua dela.

Datu horiek TECNALIAko lantaldearen lanaren emaitza dira. Hain zuzen, 1.464 adituk osatzen dute lantalde hori, eta irtenbide teknologikoak garatzen eta eraikitzen dituzte sektoreko erronkei edo enpresen egoera espezifikoei erantzuteko,  I+Gko proiektuak garatuz inpaktu handiko aukerak sortzeko, zerbitzu teknologiko aurreratuak eskaintzeko teknologia transferitzeko eta emaitzekiko konpromisoa erakusteko, bikaintasun teknologikoarei esker. Lantalde horretaz gain, Tecnaliak 25 aliantza estrategiko baino gehiagoko sare gero eta handiagoa du, mundu osoko ikerketa-zentroekin eta erreferentziazko enpresekin ehundua.

TECNALIAko lehendakari Álex Belaustegiren arabera: “TECNALIAk bezeroekiko harreman- eta hurbilketa-eredu oso bereizia proposatzen du, enpresa bakoitzaren beharretara egokitua, berrikuntza-mailaren espektroa betetzen duena eta enpresa handi eta ETE oso berritzaileen neurrira egindako harreman estrategikoko ereduak garatzen dituena. Testuinguru horretan, 2021aren amaierarako, 9.000 enpresa bezero izatera iritsi da; haiekin guztiekin egin dugu lana gure bizitzako hamar urteotan”.

Jabetza Intelektualaren Salmentaren (JIS) atalean, 2021ean, zentroak 5 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu; hau da, % 13,6ko igoera izan da 2020ko ekitaldiaren aldean. Gainera, 827 patente ditu zorroan, eta 14 OTEB edo Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritan; haietako bi 2021ean sortu ziren. Partaidetzapeko 14 enpresak % 23 egin dute gora sortutako zuzeneko lanpostuetan eta % 40 fakturazioan.

Bestalde, bosgarren urtez jarraian, Espainian Europako patente gehien eskatu dituzten erakundeen artean dago TECNALIA. Zehazki, Europako patente-eskaeretan, Espainiako hirugarren erakunde pribatua da.

Hain zuzen, Europako esparruan, Espainiako erakunde pribatu nagusi gisa finkatu da TECNALIA, Europako Batzordearen HORIZON 2020 Programako proiektuen kontratazioan, parte-hartzean eta lidergoan, eta 13. postuan dago Europako 3.600 ikerketa-erakunderen artean. Programak abian daraman 7 urtean, 472 proiektu lortu ditu guztira, eta haietako 68tan izan da buru. Proiektu horietan, TECNALIA Espainiako 660 enpresarekin lankidetzan aritu da.

Hazkunde-helburuak

TECNALIAk duela hilabete gutxi aurkeztu zuen bere Plan Estrategikoa, eta han zehaztu zituen hurrengo urteetarako hazkunde-helburuak. Helburua modu adimentsuan haztea da, 2024an 140 milioi eurora iritsi arte; 1.525 pertsonako taldea finkatzea; urtean, batez beste, 5 startup sortzea; eta jabetza intelektualaren salmentatik 8 milioi euroko diru-sarrerak lortzea. Horretarako, zentroak ekimen berriak jarriko ditu abian, hala nola ETE-entzako eta mikroETE-entzako jarduera-plan bat, jabetza intelektuala transferitzeko funts bat sortzea eta inpaktu-aliantzen eredu berri bat ezartzea.

Testuinguru horretan eta helburu horiekin, 2022an 11,6 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da.

Gainera, zentroak bere irudia berritzeko aprobetxatu zuen Plan Estrategikoaren aurkezpena, eta zentroaren lidergoa islatzen duen marka sendo bat plazaratu zuen, “i” letra osatzen duten bi puntuen bidez TECNALIAren jomuga diren bi esferak grafikoki irudikatzen dituena: arlo ekonomikoa eta soziala.

2021eko ekimenak

TECNALIAk 2021ean garatutako ekimenen artean, aipatzekoak dira mugikortasun jasangarriaren, fabrikazio adimendunaren, trantsizio energetikoaren eta osasun pertsonalizatuaren arloetan lortutako arrakasta-kasuak; gainera, TECNALIArentzat proiektu bereziki garrantzitsuak eta estrategikoak izaten jarraitzen dute, eta ekitaldirako bikaintasun- eta hazkunde-zutarri nagusien artean daude.

Mugikortasun Jasangarriaren kasuan, TECNALIA aitzindaria izan da tripulaziorik gabeko hiri-ibilgailu jasangarriei buruzko kontzeptu berriak garatzen, bai airekoak, bai lurrekoak. Horren adibidea da lehen aerotaxia, modu autonomoan hirietan ibilbide laburrak egiteko. Gaur egun, UMILES Nextek jarraitzen du garatzen, gero industrializatzeko. Gainera, ekitaldian zehar jarduera nabarmenak egin dira, hala nola propultsio garbiko (hidrogenoa eta elektrizitatea) sistema berriak garatu dira zenbait ibilgailu-segmentutarako eta ibilgailu autonomoak jarri dira martxan, baita bidaiari-ahalmen handiko garraiorako ere.

Fabrikazio Adimendunari dagokionez, epe luzeko egitura-lankidetzak nabarmentzen dira. Haietako batzuk beren sektoreetan aitzindari diren fabrikatzaileekin bideratu dira, hala nola Ibarmia, Zayer eta MTorresekin, haien lehiakortasuna optimizatzeko, TECNALIAk industria-enpresa berria errealitate bihurtzeko soluzioak garatzen duen esperientziatik abiatuta. Aipatzekoa da Zientziaren Industriako proiektu garrantzitsuetan parte hartu duela TECNALIAk, AVS eta hura bezalako beste enpresa batzuekin lankidetzan, ITER fusio-erreaktore esperimentalaren plasma berotzeko sistema garatzeko. Azkenik, nabarmentzekoa da ingurune industrialetan adimen artifizialean oinarritutako soluzioak hedatu izana, bai makina-fabrikatzaileen eta ekoizpen-bitartekoen eremutik negozioen serbitizaziorantz, bai prozesuak eta fabrikak optimizatzeko soluzioen garapenean.

Trantsizio Energetikoari dagokionez, hidrogenoa eskala handian eta modu jasangarrian sortzeko erronkari erantzuteko, H2SITE startupa sortu zuten duela urtebete, lankidetzan, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, TECNALIA Ventures deep tech venture builderaren bidez, ENGIE Frantziako enpresak eta EINDHOVENeko UNIBERTSITATEAk. Haren helburua da teknologia eraginkorrago eta errentagarriago bat merkaturatzea purutasun handiko eta kostu txikiko hidrogenoa ekoizteko, mintz-erreaktore aurreratuen bidez. Azken asteetan, gainera, H2SITEk jakinarazi du amoniakoa hidrogeno bihurtzeko munduko lehen instalazio deszentralizatua garatuko duen ekimena jarriko duela abian. Proiektuak, Erresuma Batuko Gobernuaren laguntzarekin, Birmingham hiriko autobus-flota elikatzeko balioko du.

Hiri-ekosistemaren kasuan, TECNALIAk datuen kudeaketa adimendunaren aldeko apustua egin du, hiri jasangarriak sortzeko. Zentro teknologikoa lankidetzan aritu da energia-efizientzia, ekonomia zirkularra eta klima-aldaketarako egokitzapena hobetzeko eta hiri osasungarri eta integratzaileak garatzeko, bai enpresekin (Viuda de Sainz, Uxama, Inkolan eta Lezama Demoliciones), bai erakundeekin (Eraikiune eta Ihobe).

Testuinguru horretan, honako hauek nabarmentzen dira: Bilboko Euskalduna Jauregian ezarritako biki digitalaren teknologia; eraikinak energia-sorgailu bihurtzea, sare termiko adimendun bat instalatuz, Viuda de Sainzekin lankidetzan, eta zenbait azpiegiturari adimen artifiziala gehitzea, haien bizi-zikloa eta mantentze-lana optimizatzeko. Aipatzekoa da, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera eginiko Bizkaia Connected Corridor proiektua, eta, hari esker, errepide adimendunak sortzea.

Osasun Pertsonalizatuaren arloan, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera egindako lanari esker, industria farmazeutikorako Euskadiko lehen 4.0 laborategia jarri du martxan TECNALIAk Arabako Parke Teknologikoan. Gainera, esparru horretan FES teknologia exoeskeletoei aplikatzea nabarmentzen da; Gogoa eta IHS enpresekin lankidetzan egin dugu, pazienteen errehabilitazioa nabarmen hobetzeko. Eta elikadura osasungarriaren arloko garapena ere garrantzitsua da: infusio polifenoldunak, ondorio antiinflamatorioko osagaiekin aberastutako galletak eta azukrerik gabeko marmeladak, probiotiko mikrokapsulatuekin gozatuak. Horiek dira, besteak beste, zentroak inguruko enpresa batzuekin (Bizkarra, Egia Foods eta Delafruit) batera landu dituen adibide batzuk.

Eraldaketa digitalaren ardatz nagusia, berriz, enpresen balio-proposamena digitalizatzea da, prozesuak eta, batez ere, negozio-ereduak berriro diseinatuz. Enpresetan aldaketa hori bultzatzeko,TECNALIAK zenbait teknologia digital garatzen ditu negozio-eredu berri bat bultza dezaketenak eskaintzen dituzten gaitasun berriekin zuzenean loturik. Halaber, digitaltasun txikia baina eskalatzeko edo dibertsifikatzeko potentzial handia duten balio-proposamenei ekarpenak egin diezazkiekete, edo halakoetan eraldaketak eragin. Apustu horren ondorioz, 2021ean CAF, Sener, Gestamp, Maser eta Norbolsa enpresekin lankidetzan aritu da, prozesuak birdiseinatzeko eta digitalizazioaren bidez lehiakortasuna handitzeko.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen gara, beren lehiakortasuna hobetzeko, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko. Teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen dugu hori. Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasun pertsonalizatua eta hiri-ekosistema.