Prentsa-oharra

TECNALIAk eta BECSAk startup bat sortu dute trenbide-azpiegituren inpaktu akustikoak murrizteko

2021ko martxoaren 11a
ECNALIA y BECSA crean una start-up para mitigar los impactos acústicos producidos por las infraestructuras ferroviarias
  • Enpresa berriak Acustrain du izena eta Bizkaian dago. Garaiera txikiko sistema modularrak egin eta instalatuko ditu, hormigoian eta material xurgatzaileetan oinarrituak, hiri-inguruneetako trenbidearen errodadura-zarataren pantailatze akustikorako.
  • TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroaren eta Becsa (Simetría taldeko enpresa) azpiegituretan eta eraikuntzan espezializatutako enpresaren helburua soluzio berritzaile bat merkaturatzea da. Jotzen da haren merkatu-bolumena, Espainian soilik, 400 milioi eurotik gorakoa dela.
  • Helburua pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, Europako biztanleen % 6ri eragiten dion arazo bati konponbidea emanez.
  • ETS Euskal Trenbide Sarearen Ermuko geltokian ezarria du jada bere lehen instalazioa Acustrainek, eta zenbait sari jaso ditu, Quality Innovation Awards ospetsuen sektore publikoko berrikuntzaren nazioarteko saria barne.

Derion, 2021eko martxoaren 11ean. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Becsa (Simetría taldeko enpresa) azpiegituretan eta eraikuntzan espezializatutako enpresarekin batera, startup berri bat sortu du trenen maila akustikoa gutxitzeko hirietan. Enpresa berriak Acustrain du izena, eta Bizkaian dago. Hormigoian eta material xurgatzaileetan oinarritutako hesi akustikoak diseinatu, fabrikatu eta instalatuko ditu, hiri-inguruneetako trenbidearen errodadura-zarata murrizteko.

TECNALIA Ventures deep tech venture builderen laguntza izan du azkartzeko, eta soluzio berritzaile bat da, egungo merkatuak estaltzen ez duen eskari bati erantzuten diona. Jotzen da Espainian urtean 400 milioi eurotik gorako negozioa sor dezakeela. Acustrainen azken helburua pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, eta Europako biztanleen % 6ri eragiten dion arazo bati irtenbidea ematea, konfort akustikoa hobetuz; hala, zarata-maila handien ondoriozko patologiak gutxituko dira.

ETS Euskal Trenbide Sarearen Ermuko estazioan du jada bere lehen instalazioa enpresa berriak. Garaiera txikiko hesi akustiko bat da, 2020an egina, eta 310 metro luze da. Zirkulazioaren bi noranzkoak estaltzen ditu, tarte bereziki konplexuetan (sestrak, bihurguneak, trenbide bikoitzak, espazio txikia, etab.), hain zuzen ere pantaila-soluzio konbentzionalak instalatu ezin diren tokietan. Instalazio horren emaitzak, arduradunen arabera, “oso onak dira inpaktu-azterketari dagokionez, ez baitira inoiz gainditu hiri-inguruneetarako kutsadura akustikoaren arauzko mailak”. Nabarmentzekoa da trenen zarata minimizatzea sektorearen lehentasunen artean dagoela eta trenbide-kudeatzaile nagusiak dagoeneko ekintza-planak egiten ari direla konponbideak ezartzeko.

Enpresa berria Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago, eta, hasieran, 2 pertsonako taldea izango du. Laugarren urtea baino lehen 5 milioi eurotik gorako fakturazioa lortzea aurreikusten du.

Soluzio teknologiko aitzindaria

Garapen berria garaiera txikiko hesi akustikoko sistema modular bat da, 1,5 metrotik beherakoa, hormigoizko egitura batean oinarritua. Soinua xurgatzeko gaitasuna du aurrealdeko plakaren diseinu geometrikoaren bidez eta gehitzen zaion material xurgatzailearen bidez. Diseinatuta dago trenaren beheko elementuen eta trenbidea osatzen duten elementuen arteko kontaktuak eta bibrazioak sortzen duten zarataren hedapena murrizteko, zirkulazio-abiadura 150 km/h-ko baino txikiagoa den zatietan.

Azken 4 urteotan ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloan espezializatutako TECNALIAko ikertzaileek Simetría taldeko Becsa enpresako I+Gko taldearekin lankidetzan egindako lanaren emaitza izan da; hala, garapen teknologiko bat merkaturako balio erantsia duen produktu bihurtzea lortu da.

Acustrainen soluzioak abantaila hauek ditu, besteak beste: ez du zimendatze gehigarririk behar, soluzio propio baten bidez ainguratzen baita, eta trenbidetik hurbil kokatzen diren elementuek bete beharreko trenbide-arauak betetzen ditu; bihurguneetan eta sestra-aldaketak dituzten tarteetan instalatzeko konplexutasuna konpontzen du; fokutik urrutiago ezarritako pantaila akustiko baten bidez lortzen den soinu-indargabetze berdina edo handiagoa lortzen du; eraginkortasun bereko hesi konbentzional batek baino kostu txikiagoa du, ikusizko inpaktu txikiagoa du, eta ez du haize-kargen inpaktuaren arazorik, bere pisuagatik. Hala, operadoreek ezarritako galiboak errespetatzen ditu soluzioak, eta ez du zailtzen ebakuazioa gorabeheraren bat izanez gero.

Hurrengo urratsei dagokienez, bere negozioa estatuko merkatuan finkatzen saiatuko da Acustrain, eta, ondoren, nazioarteko estrategia hedatzeari ekingo dio, lehentasuna Europako merkatuan jarrita. Horretarako, startupak dagoeneko baditu harremanak tokian tokiko preskriptore eta aurrefabrikatzaileekin, eta akordioak egingo ditu haiekin. Aldi berean, produktuaren I+Ga garatzen jarraituko du, egungo bazkideen laguntzarekin eta balio erantsi handiagoko soluzioak gauzatzeko helburuarekin. Adibidez, tokiko sorkuntza berriztagarria, sentsorika —smart city (hiri adimenduna) kontzeptua zabaltzeko—, edo aireko kutsatzaile espezifikoak (adibidez, CO2-a) xurgatzeko gaitasuna ere baduten material xurgatzaile akustikoak erabiltzea.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentro bat da, erreferentea Europan; 30 nazionalitatetako 1.400 aditu ari dira han lanean, teknologia BPGra eraldatzeko lanean, hala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, eta negozio-aukerak sortuz enpresetan. Zentroak, TECNALIA Venturesen bitartez, merkaturatzeko aukera duten negozio-aukerak identifikatu eta hedatzeko lanean laguntzen du, aktibo teknologikoak inkubatzea azeleratzeko programaren barruan.

BECSAri buruz (Simetría taldea)

Becsa erreferentziako eraikuntza-enpresa da Simetría taldean. 80 urtetik gorako esperientzia du azpiegituren eta eraikingintzaren sektorean, eta 3.600 langile ditu guztira. Duela 10 urte baino gehiago ezarri zen Becsan I+G+B Saila, eta harrezkero gizarteari balioa eman diezaioketen irtenbide berritzaileak bilatzeko lan egiten du, jasangarritasuna sustatuz eta azpiegituren ingurumen-inpaktua murriztuz.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

  • Itziar Blanco (681 273 464)