Prentsa-oharra
ASPAPELek eta TECNALIAk berrikuntza sustatzen dute paper-industrian
Prentsa-oharra
2019ko maiatzaren 22a. Bordeleko Unibertsitateak (BU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak harremanak sendotu dituzte esparru-hitzarmen estrategiko bat sinatuta. Hitzarmen horren azken xedea da soluzio teknologikoak garatzea elkarrekin Akitania Berria- Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko enpresen merkataritza-beharrak asetzeko eta haien lehiakortasuna handitzeko. Gaur sinatu dute hitzarmena, Euskampus Fundazioaren Patronatuaren bileran, bi erakundeak Patronatu horretako kide baitira.
Eremu hauek ditu ardatz hitzarmenak: fabrikazio aurreratu eta aditiboa, neuroteknologia, material aurreratuak eta Euskampusen ezagutza-poloak (itsas energia berriztagarria, material berriak, uretako eta lehorreko ekosistemak, 4.0 industria, osasun-zientziak eta -teknologiak, eta datuen zientzia eta digitalizazioa). Horrez gainera, eta ezagutza BPG bihurtzeko xedez, hitzarmen horrek hainbat jarduera aurreikusten ditu: enpresen garapena, balio bateraturako proposamena, ikerketa-programa bateratuak, negozioen eta ekintzailetzaren arloko programak eta ekimenak, eta abar.
Hitzarmen hori dela eta, TECNALIAK eta BUk proiektuz eta jarduerez betetako 2019a dute aurrez aurre. Enfasi berezia jarriko zaie industria-teknologiaren transferentzia-proiektuei, baliabide teknologikoen ikerketa eta garapen bateratuari, eta negozioak batera garatzeko jardueren sistematizazio eta sustapenari.
Ikuspegi hori gauzatzen duten fabrikazio aurreratuaren eta aditiboaren arloko bi proiektu detektatu dira dagoeneko. Lehen proiektuak fabrikazio aditiboko prozesuen in situ analisiak jorratzen ditu. Analisi horiek aldizka egin behar izaten dira, eta, industriaren behar horrek bultzatuta, BUk neurketa-kanpaina bat egin zuen, TECNALIAk kasu-azterketa baterako egindako muntaketa bat oinarri hartuta. Bigarren proiektuak industriaren beste eskaera bat du oinarri: muturreko baldintzak jasateko gai diren material iraunkorren garapena. BUk lehengai jakin batzuen garapenari buruz duen ezagutza aplikatuko da ingurune industrial batean, bai eta TECNALIAK kasuan kasuko propietateei buruz eta parametroen konfigurazioei buruz duen jakintza ere.
Bi izan dira TECNALIAREN eta BUren arteko lankidetza indartu duten eta akordio hau bultzatu duten faktore nagusiak. Bata, Tecnaliak BUrekin duen harreman luzea; harreman hori Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren testuinguruan jaio zen. Tecnaliak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta DIPC-ek osatzen dute Euskampus. Bestea, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluak eta TECNALIAK aurten sinatu duten lankidetza-akordio estrategikoa da.
Eskualde horrekin sinatutako hitzarmenaren xedeak dira berrikuntza-ekosistemak indartzea, eta enpresa txiki eta ertainen (ETE) lehiakortasuna hobetzeko baldintza egokiak sortzea. Hori dela eta, TECNALIAK datozen hilabeteetan bulego berri bat irekiko du Bordelen, eta horrek, era berean, BUrekiko harremana azkartuko du.
Manuel Tunon de Lara BUko presidenteak esan zuen “aliantza hau Bordeleko Unibertsitatearen eta TECNALIAren arteko epe luzerako harremanetan eratu da. Aurrerapauso handia da konpromisoari dagokionez, batez ere Euskampus partzuergoaren barruan, eta Euroeskualdeko lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialerako baliabidea izan nahi du. Aliantza honek erakusten du bere osotasunean zein den unibertsitate publikoen rola berrikuntzarako ekosistemetan eta, baita ere, Europan erakunde eta eragile desberdinen arteko sinergiek nolako etekinak dakartzaten.”
Iñaki San Sebastián TECNALIAKO zuzendari nagusiak honako hau gehitu zuen:
“I+G+B-ren arloko lankidetza-proiektuetan kide izatetik harago joan, eta Aliantza Estrategiko bat osatu nahi dugu. Aliantza horrek helburu partekatu bat izango du: ezagutza BPG bihurtzeko prozesua azkartzea, I+G+Brako gaitasuna handituz eta enpresei eskaintzen dizkiegun jarduera profesionalak eta zerbitzuak hobetuz. Horrez gainera, etekina atera nahi diogu gutako bakoitzaren lan-eremuko TRL mailen osagarritasunari, eta ekipamenduak, laborategiak eta instalazioak partekatuko ditugu horretarako, Akitania Berriko eta Euskal Herriko industria lehiakortasunaren mesedetan.”
Bordeleko Unibertsitatea, gaur egun, Frantziako unibertsitate handienetako bat da: 56.000 ikasle baino gehiago eta 6.000 langile ditu. Diziplina aniztasuna lantzen du, bai bihotzez, bai adimenez, eta askotariko prestakuntza eskaintzen du, teknologiako unibertsitate-diplomatik hasita doktoretzaraino, etorkizuneko herritarrak gaur prestatzeko, haiei beren proiektu pertsonal eta profesionala eraikitzen laguntzeko, eta gaur egungo erronka handiei aurre egiten laguntzeko. Begiradak, diziplinak eta ikuspegiak etengabe elkar trukatzeak eta gizartearekiko erantzule izateak elikatzen dute, neurri handi batean, Bordeleko Unibertsitatearen asmo handiko ikerketa-politika zorrotza. Frantziako gobernuak «initiative d’excellence» zigilua eman zion, eta Europako ikerketa-unibertsitate handien artean dago.
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.