Prentsa-oharra

TECNALIAk ETA CTAG-ek beren gaitasun berritzailea ekarri diote mobility city proiektuari

2021ko ekainaren 23a
Firma CTAG, TECNALIA e Ibercaja
  • Bi zentro teknologiko liderrekin bat eginda, Ibercaja Fundazioaren plataformak aukera gehiago izango ditu mugikortasuneko berrikuntza eta jardunbide egokienak biltzeko, elkarlanean sortzeko eta zabaltzeko gune bat izateko

 

Zaragoza, 2020-10-21.- Fundación Ibercajak Aragoiko Gobernuaren laguntzaz sustatutako Mobility City ekimenak bere proiektura bildu ditu CTAG eta Euskal Herriko TECNALIA zentro teknologikoak. Hitzarmen bat sinatu dute José Luis Rodrigo Fundación Ibercajako zuzendari nagusiak, Agustín J. Sáenz TECNALIAko Merkatuko zuzendariorde nagusiak eta Luis Moreno Diéguez CTAGeko zuzendari nagusiak, bi zentro teknologiko horiek Mobility City proiektuan parte har dezaten. Proiektu hori Fundación Ibercajaren nazioarteko proiektu bat da, Aragoiko Gobernuak lagundua, helburutzat hauxe duena: Espainia mugikortasun berriaren eta hari loturiko industria eta sektoreen eraldaketaren inguruko eztabaidaren buruan kokatzea.

Partaidetza horri esker, sinatzaileek mugikortasuneko berrikuntzari, ekintzailetzari eta dibulgazioari loturiko proiektuak garatuko dituzte elkarlanean, eta, era berean, gizartea sentikortuko dute mugikortasun berriak dakarren erronkaren inguruan, bakoitzak bere ekosistema hobetu dezan.

Duela gutxi, CTAGek eta TECNALIAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bi zentroen gaitasunak batuz fabrikazio aurreratuak eta robotikak automobilgintzaren arloan dituzten erronkei aurre egiteko; horrez gain, konpromisoa hartu zuten aliantza berriak bilatzeko, Espainia mugikortasunaren sektore sortu berrian aitzindari izan dadin.

Bi ekimenek Mobility City proiektuarekin bat egitea da lankidetza horren adibide; hala, Aragoiko plataforma horrek aukera handiagoa izango du mugikortasun berrirantz igarotzeko berrikuntza eta jardunbide egokienak biltzeko, elkarlanean sortzeko eta zabaltzeko.

Berrikuntzaren arloan duten esperientzia baliatuz, zentro teknologikoek aplikazioak eta potentzia-elektronika integratzen dituen ezagutza jarriko dute, eta Fundación Ibercajaren ekarpena, berriz, informazioa eta jardunbide egokiak trukatzea izango da.

Hiru erakundeek konpromisoa hartu dute lankidetza-hitzarmenaren barruan I+G eta Berrikuntzako proiektuak heldutasun teknologiko handiarekin dinamizatu eta garatzeko; horretarako, benetako pilotuak eta kontzeptu-probak baliatuko dituzte mugikortasun jasangarri eta adimenduneko soluzioak garatzeko, hiri eta lurraldeek beren negozio-aukerak handiagotu ditzaten.

Hitzarmenaren beste helburuetako bat da erakunde sinatzaileek beren aurrerapen eta berrikuntzak Puente de Zaragoza pabilioiko erakusketa-gunean erakustea; gune hori berritzen ari dira, eta 2021ean irekiko dela aurreikusten da.

TECNALIA

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kidea eta erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.

CTAG

CTAG zentro teknologiko pribatu bat da, automobilgintzari soluzio teknologiko aurreratuak eskaintzeko sortua. 800 profesional baino gehiagoko lantalde bati esker, automobilgintzari laguntzen dio, produktuak eta prozesuak modernizatzen eta teknologia berrietara egokitzen. CTAGk berrikuntza eta proiektu industrial handiak garatzen ditu. Garraioaren arlo hauek jorratzen ditu, besteak beste: fabrikazio-prozesuak, materialak, segurtasuna, balidazioa, elektronika eta sistema adimendunak.

MOBILITY CITY

Mobility City Ibercaja Fundazioaren nazioarteko ekimen bat da, Aragoiko Gobernuak eta mugikortasunari loturiko sektoreetako hainbat erakundek eta enpresak lagundua: besteak beste, automobilgintzako, telekomunikazioetako, energiaren alorreko eta azpiegituretako enpresek; tokiko zein Estatuko erakundeek; ikerketa-institutuek; eta elkarteek eta unibertsitateek. Ekimen horren helburua da mugikortasun berriaren eta hari loturiko industria eta sektoreen eraldaketaren inguruko eztabaidan lider izatea.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Itziar Blanco (681 273 464)