Prentsa-oharra
ASPAPELek eta TECNALIAk berrikuntza sustatzen dute paper-industrian
Prentsa-oharra
2019ko apirilak 15. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIA Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak, beren lankidetzan beste aurrerapauso bat eginez, zenbait proiektu landu dituzte 2019ra begira, hala nola laborategi berriak sortzea, teknologia-ikasgelak irekitzea eta nazioarteko proiektuetan lankidetza indartzeko tresna bat aktibatzea. Asmo horrek jarraipena ematen dio 2018an egindako lanari. “Oso urte emankorra izan da, eta elkarrekin egindako lanaren emaitzak hobetuz joan dira urtez urte”, baieztatu dute gaur goizean Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak, elkarlanaren balantzea eta aurrera begirako erronkak aurkezteko ekitaldian.
Aurreko ekitaldian, 50 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan parte hartu dute biek, eta gutxi gorabehera 9 milioi euroko aurrekontua erabili dute bien artean. Horrez gainera, 6 patente eskatu eta 116 argitalpen egin dituzte elkarrekin, eta 86 doktoretza-tesi prestatzen ari dira zuzendaritzakidetzan. Datu horiek esan nahi dute TECNALIAk % 10 handitu duela (2017ko datuekin alderatuta) ekoizpen zientifikoa, EHUrekiko lankidetzari esker. 2019an % 10 gehiago handitzea da helburua.
Erakunde bien artean zenbait urtetik hona izan den lankidetzaren ondorio dira emaitza horiek, eta esan behar da lankidetza hori asko indartu eta sendotu dela Euskampus Bikaintasunaren Nazioarteko Campusa garatu zenetik. 2018an hitzartu zuten lankidetza hori hitzarmen estrategiko baten bidez, zeinaren helburua baita harreman ireki eta integratzaile bat sortzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osoaren alde, gizartean inpaktu handiagoa izan dezan. Erakunde biek dute helburu trebakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta jakintzaren dibulgazioa, eta, horretarako, hainbat lankidetzagune dituzte —jakintza-polo deritzenak— gizartearen erronka handi diren eta Espezializazio Adimendunaren Euskal Estrategiarekin bat datozen gai hauek lantzeko: itsas energia berriztagarriak; 4.0 industria, osasuna eta zahartzea; digitalizazioa, eta material jasangarri eta funtzio anitzekoen garapena.
Nekane Balluerka errektoreak azpimarratu duenez, “Euskal Herriko Unibertsitatearentzat gizarteari jakintza —enpresen bidez edo beste gizarte-erakunde batzuen bidez— transmititzea oinarrizko helburu bat da, baina TECNALIArekin dugun harreman estrategikoa harago doa, eta beste lan-ildo batzuk ere jorratzen ditu, hala nola irakaskuntzaren arloa —praktiken bidez, gradu amaierako edo master amaierako lanen bidez—, eta ikerketaren arloa —doktoretza-tesien bidez eta lankidetzarako talde mistoen bidez—. Horregatik uste dugu TECNALIA, Europako zentro teknologiko garrantzitsuenetako bat, funtsezko aliatua dela gure unibertsitatearen helburua garatzeko”.
Iñaki San Sebastianek, bere aldetik, hau erantsi du: “Euskal Herriko Unibertsitatearekin dugun lankidetza-hitzarmena estrategikoa da, eta lagungarri zaigu jakintzaren ekosistemak —hezkuntza, ikerketa eta garapenekoak— sortzen jarraitzeko. Asmoa da ingurunearen garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala indartzea, eta horrek nazioartean proiekzioa izatea. Garapen horri esker, I+G+Baren balio-kate gehiago, inpaktu eta iraupen handiagokoak, sortzen ari gara ikuspegi osagarrietatik begiratuta, eta erakunde bien sinergiak indartuta”.
Erakunde bien lankidetzaren ondorioz, EHUko ikasleek aukera dute TECNALIAn hezkuntza-praktikak egiteko (enplegua sustatzen da, hala), eta posible da elkarrekin jardutea trebakuntza-jardueretan. Lankidetzaren beste helburuetako bat da hezkuntza-eremu berriak sortzea, hala nola Bordeleko Unibertsitatearekiko Mugaz Gaindiko Campusa, TECNALIA teknologia-ikasgelak edo elkarren arteko ikerketa-laborategiak.
TECNALIA teknologia-ikasgelak helburu honekin sortu ziren: lankidetza sustatzea arlo zientifiko-teknikoan, I+G+Bko jardueretan elkarrekin parte hartuz eta ikertzaileen trebakuntza partekatuaren eta etengabekoaren bidez. Gaur egun, hiru TECNALIA teknologia-ikasgela daude, —ingeniaritzaz, ekonomia eta enpresaz, eta zientzia eta teknologiaz—, eta 2019an Gipuzkoa eta Arabako campusetan beste batzuk irekitzea da asmoa.
Elkarren arteko ikerketa-laborategiek, berriz, lankidetza baliatu nahi dute epe luzeko ikerketa- eta transferentzia-programak garatzeko, erakunde bietako ikertzaileen atxikimenduarekin, eta beste ikerketa-zentro batzuk ere onartzen dituzte. Une honetan, tankera horretako hiru laborategi daude gai hauei eskainiak: datuen analisia, itsas energia berriztagarriak eta, iaztik, matematika aplikatua. Aurtengo beste helburu bat da Bordeleko Unibertsitatearekin nanomaterial jasangarrien laborategi berri bat sustatzea.
2018an, martxan jarri dute elkarrekin industria farmazeutikoari eskainitako Euskadiko lehen 4.0 laborategia. Basque PharmaLabs 4.0 du izena, eta Arabako Teknologia Parkean dago. Arlo horretan TECNALIAk eta EHUk 20 urtez baino gehiagoz egin duten lanaren emaitza da.
2019ko erronkei dagokienez, nabarmendu behar da martxan jarri nahi dela EUSKAMPUS Joint Research Unit, nazioarteko proiektuetan lankidetza sustatzeko tresna. Europar Batasuneko ikerkuntza programetako elkarlaneko baliabide honek, erakundeei entitate bakarra balira bezala jokatzeko aukera emango die.
Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 unibertsitate onenen artean dago, Shangaiko sailkapenaren arabera. Graduko eta graduondoko 43.000 ikasle baino gehiago ditu, eta 7.400 langile inguru, zerbitzua emateko goi-mailako hezkuntzan, ikerketan eta transferentzian. EAEko ikerketa-agente nagusia da.
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.