Prentsa-oharra

TECNALIAK eta UPV/EHU-k afiliazio bikoitzeko ikertzaile programa bat abiarazi dute

2020ko azaroaren 10a
Jesús María Blanco y Estibaliz Garrote

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak beste urrats bat eman dute elkarrekin lankidetza estrategikorako duten harremanean, programa berri bat abiarazi baitute. Horrek ikertzaileen afiliazio bikoitzerako formulak jasotzen ditu, lankidetza bultzatzeko mekanismo gisa, eta interes komuneko gaietan jarduera eta posizionamendua indartzeko aukera ematen du.

Erakunde horietako bakoitzak formula egokiak ditu afiliazio bikoitz horretarako: batetik, TECNALIAri lotutako ikertzaile elkartua unibertsitateko pertsonentzat, eta bestetik, ikerketarako lankide akademikoa UPV/EHUn Teknologia Zentroko pertsonentzat.

Jesús María Blanco, TECNALIAri lotutako ikertzaile elkartu gisa, eta Estibaliz Garrote, ikerketarako lankide akademiko gisa UPV/EHUn, afiliazio bikoitzeko lehen bi ikertzaileak dira.

Jesús María Blanco, UPV/EHUko irakasle titularra Ingeniaritza Energetikoaren Sailean, Tecnaliari lotutako ikertzaile elkartu izendatu dute, Energia Berriztagarrien Joint Research Lab taldean (JRL-ORE) eta Eraikuntzako Energiaren esparruan egindako jarduera nabarmenagatik.

2009az geroztik hona, Blanco doktorea irakasle gonbidatua da Cranfieldeko Unibertsitatean, baita ikerketa talde honetako ikertzaile nagusia: «Minimización de los efectos del cambio climático en el edificio y su entorno: desde la eficiencia en el uso de la energía a la generación mediante fuentes renovables E-CLEDER».

Besteak beste, Erasmus Mundus REM (Renewable Energy in the Marine environment) masterreko koordinatzailea da 2018tik eta REM+ berrikoa 2021etik. 2023an EWTEC (European Wave and Tidal Energy Conference) biltzarraren antolatzaileetako bat izango da Bilbon, Tecnaliako ikertzaile José Luis Villaterekin batera.

Blancoren ustez, «TECNALIAri lotutako ikertzaile elkartua izateak esan nahi du nire E-CLEDER ikerketa taldeko kideen eta Tecnaliaren arteko ikerketa loturak areagotu ahal ditugula, bai eraikuntza jasangarriaren esparruan, bai energia berriztagarriak ezartzerakoan (zehazkiago, itsas energia berriztagarrien arloan). Ekintza horrek osatu egiten du lehendik ere bi erakundeen artean jada estua zen lankidetzari, eta hainbat argitalpen eta kongresutan islatu da egilekidetzan».

Estibaliz Garrote Contreras, cum laude doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean, nazioartean aipatua, baita Zientzia Fisikoetan lizentziatua –zehazki, Elektronika eta Automatikako espezialitatean– eta elektronika ingeniaria ere; UPV/EHUko ikerketarako lankide akademiko izendatu du Garrote Biologia Zelular eta Histologia Sailak, aplikazio biomedikoetarako irudi prozesamenduaren esparruan egin duen jarduera aintzatetsiagatik.

Estibaliz Garrotek 20 urte baino gehiagoko esperientzia du irudi prozesamenduaren ikerketaren arloan, deep learningeko teknikekin bat egin duten irudi bioinspiratuak prozesatzeko algoritmo berrien garapenean jarrita arreta. Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT), Cambridgeko Unibertsitateko, Montrealgo Unibertsitateko eta beste hainbat zentrotako ikerketa taldeetan lan egin du. Gaur egun, Tecnaliako Computer Vision & Visual Interaction teknologiaren arduraduna da.

Estibaliz Garrotearentzat, «UPV/EHUko ikerketarako lankide akademiko izatea aukera paregabea da jada UPV/EHUko María Dolores Boyanoren ikerketa taldearekin existitzen zen lankidetza sendotzeko eta zabaltzeko, irudi biomedikoen prozesamenduaren esparruan, minbizia eta beste patologia batzuk aztertzeko egiten ari diren ikerlanen lagungarri gisa».

 

Lankidetza hezkuntzan, prestakuntzan eta ikerketan

2018an, UPV/EHUk eta TECNALIAk lankidetzarako esparru hitzarmen berri bat sinatu zuten, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako EAEko Sistema osorako onuragarria izango den harreman ireki eta integratzaile bat bultzatzeko, EAEko Sisteman gauzaturiko jarduerek gure gizartean askoz ere eragin handiagoa izan dezaten lortze aldera.

Horrela, elkarrekin, prestakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta ezagutzaren dibulgazioko jarduerak sustatzen dituzte, lankidetzarako guneen –edo jakintzaguneen– bidez, gizartearen erronka handien inguruan eta Espezializazio Adimenduneko EAEko Estrategiaren alde jokatuta.

Ikertzaileen afiliazio bikoitzeko programa hori abian jartzea urrats handia da bi erakundeek duela urte batzuetatik finkatuta duten lankidetzan, zeinak Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren garapenak indartu eta areagotu egin baitu.