- Tecnalia da estatu mailan ziurtagiria eman dezakeen erakunde bakarra, eta Bruno Mauricio Zabala kalean egongo den eraikin hau izan da lortzen lehena.
23 de abril de 2020. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak etxebizitza jasangarrien lehen HQE ziurtagiria eman dio Bilboko Viuda de Sainz etxebizitza-sustapen berriari. HQE ziurtagiriak eraikin baten errendimendu orokorra babesten du, eta energian, ingurumenean, osasunean eta konfortean duen inpaktua ebaluatzen du, pertsonen konforta bermatzeko eta eraikinaren errentagarritasuna optimizatzeko. TECNALIA da Espainian ziurtagiri hori eman dezakeen erakunde bakarra, eta eraikin horrek lortu du lehen ziurtagiria.
Sustapen berriaren izena Kosta Zabala da, eta berroneratze-lanetan bete-betean ari den ingurune batean dago, Bruno Mauricio Zabala kalean, Abandoko geltoki berriaren ondoan. Garajea eta trastelekua dituzten 46 etxebizitzaz osatua dago. TENCALIAk diseinu-fasean ebaluatu du eraikina eta egin dio auditoretza, eta dagoeneko badu ziurtagiria. Diseinuan, ArrutiArk arkitektura-estudioak parte hartu du.
Eraikin jasangarri bat da, eta bermatzen du etxebizitzak osasungarriak eta produktiboak direla eta konfort-maila handia dutela pertsonentzat. HQE ziurtagiria izateko bete behar diren jasangarritasun-irizpideak beteta, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten dira, eta eraikina hobeto egokitzen da klima-aldaketara.
Jasangarritasuna materialetan eta energian
Proiektuan proposatutako neurri jasangarrien artean dago, besteak beste, produktuaren ingurumen-adierazpena (PIA) duten materialak erabiltzea egiturako eta fatxadako elementuetan. Kalitate-eskakizun teknikoak, ingurumenekoak eta osasunekoak betetzen dituzten obrako materialak aukeratzea lehenetsi da.
Horretaz gain, eguzki-energia termikoaren ordez energia aerotermikoa erabiltzen da proiektuan. Aerotermia ere energia-iturri berriztagarria da: kanpoko tenperatura aprobetxatzen du. Bilbon tenperatura oso egokia denez, besteak baino emaitza hobeak ematen ditu klima-ingurune horretan. Halaber, etxebizitza-blokeak A kalifikazio energetikoa lortu du.
Garraioa jasangarria izatea ere jasotzen du proiektuak. Horregatik, bizikleten aparkaleku bat izango da beheko solairuan, eta aparkatzeko plaza guztiek izango dute ibilgailu elektrikoak kargatzeko hargunea.
HQE ziurtagiria
HQE (High Quality Environmental) ziurtagiria eraikuntzetan, hiri-plangintzan eta azpiegituretan jasangarritasuna ebaluatzeko eta ziurtatzeko metodo bat da; orain dela 20 urte baino gehiago merkaturatu zuten, eta bizi-ingurune osasungarriagoa lortzea du helburu. Ziurtagiriak lau kategoriatan ebaluatzen ditu inpaktuak: osasuna, konforta, ingurumena eta energia. Hobekuntza-tresna bat da; pertsonen osasuna eta konforta lehenesten ditu, eta eraikinaren produktibitatea eta errentagarritasuna optimizatzen. Hala, eraikinaren balio-bizitza luzatzen da, eta jasangarritasun-helburu globalak lortzen laguntzen.
HQE etxebizitzen ziurtatze-eskema ezartzeak onurak dakartza eraikuntza-enpresa eta sustatzaileentzat eta, halaber, etxebizitza horiek erabiliko dituztenentzat; ingurumen-inpaktua mugatzeko eta karbono-aztarna urritzeko beharrari erantzuten dio.
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.