Prentsa-oharra

TECNALIAk parte hartu du zero emisioko eremuetan hiri-zerbitzuak emateko mikrobus hibrido bat martxan jartzen

2019ko azaroaren 26a
  • Repsol, Lancor, Infranor, Masermic eta CIE Automotive enpresen lankidetzaren eta Tecnaliak bazkide teknologiko gisa egindako lanaren emaitza da ekimena.
  • Go Mobility azokan aurkeztuko da ibilgailua, eta, horretaz gainera, TECNALIAk hauek ere erakutsiko ditu: gidatze birtualeko postu bat; ibilgailu baten simulazio integraleko sistema bat; erresistentzia-probak egiteko aukera ematen duen motor-bankada bat; eta gurpilean sartutako motor bat, ibilgailuen pisua nabarmen arintzen duena.

Irun, 2018ko azaroaren 26a. Propultsio hibridoko mikrobusa errealitate bat da jada, eta hiri-zerbitzu batzuen emisioak murrizteko merkaturatu da, hala nola pertsonen garraioarenak eta banaketa-lanenak. Repsol, Lancor, Infranor, Masermic eta CIE Automotive enpresen lankidetzaren eta Tecnaliak bazkide teknologiko gisa egindako lanaren emaitza da ekimena, eta Go Mobility ekimenean aurkeztuko da: Europako hegoaldean mugikortasun jasangarriaren inguruan egiten den ekitaldi garrantzitsuena da, eta azaroaren 27an eta 28an egingo da FICOBAn (Irun).

3.500 kilogramo baino gehiagoko ibilgailu hibrido entxufagarri bat da, eta motor elektrikoaren propultsioa eta errekuntzako motorra konbinatzen ditu martxan dabilen artean bateriak kargatzeko. Gasolinazko motorra, hala, bateria kargatzeko bakarrik erabiltzen da, eta motor elektrikoak mugitzen du ibilgailua baterian dagoen energiarekin. Horri esker, aukera ematen du, batetik, elektrizitatea bakarrik erabiliz gidatzeko, emisiorik eragin gabe, eta, bestetik, ibilbide luzeak geratu gabe egiteko, sorgailu-motor multzoaren bidez kargatzen baitira bateriak, gidariak ezer egin gabe eta, hala, multzoaren eraginkortasuna maximizatuz.

Hibrido horrek badu beste berrikuntza bat ere: erregai berri bat erabiltzen du, Repsolek garatua, ibilgailuaren eraginkortasuna areagotu eta partikulen emisioa murrizten duena; oso erronka konplexua da, teknikari dagokionez. Helburua izan da gasolina arin berriak eta eraginkortasun handiko lubrifikatzaile berriak diseinatzea, motorren sutze aurreko fenomenoak murrizteko.

Plataforma hori ibilgailuan txertatuta dago, eta emisioak eta kostuak murrizten ditu; beraz, aukera zabalak eskaintzen ditu hiriguneetara sartzeko zabaltzen ari diren arau gogorretara egokitzeko. Izan ere, gero eta eremu gehiago ari dira ezartzen zero emisioko ibilgailuak bakarrik onartzen dituztenak, jada Stockholmen, Berlinen, Londresen, Parisen eta Erroman egiten ari diren ekimenen bidetik.

TECNALIA Go Mobility azokan

Mikrobus hibrido hori Go Mobility azokan aurkeztuko da, baina TECNALIAk beste berritasun batzuk ere eramango ditu mugikortasun jasangarriaren inguruko ekimen horretara. Ibilgailu birtual bat gidatzeko postu bat ere jarriko du TECNALIAk bere standean, probatzeko. Gainera, HIL (hardware in the loop) armairuaren sistemari esker –ibilgailu baten osagai guztiak birtualizatzen ditu–, TECNALIAk garatutako kontrol-sistema guztiak egiazta daitezke: propultsioa, bateriak kargatzea eta hibridazio-moduen kudeaketa. Ibilgailu erreal batean egotearen sentsazioa ematen duenez, murriztu egiten dira garapenaren eta baliozkotzearen kostuak.

Motor-bankada bat ere probatu ahalko da frenoaren kontra, errepideko erresistentziaren aurka garatutako trakzio-sistemak egiaztatzeko; eta, azkenik, gurpileko motorraren teknologia, ibilgailuei pisua kentzen diena eta egonkortasuna kontrolatzeko algoritmo hobe eta eraginkorragoak kalkulatzeko aukera ematen duena.

Gidatze adimendunaren aldeko apustua

Ibilgailuen eta haien ingurunearen arteko komunikazioa aurrerapauso handiak ematen ari da. Gaur egun, autoek informazioa partekatzen dute beste unitate batzuekin eta beren inguruko azpiegiturekin. TECNALIAk aktiboki lan egiten du etorkizuneko mugikortasunaren inguruko aldaketa handi horien alde egiten duten sektoreko enpresentzat irtenbide berritzaileak garatzen. Hain zuzen, elektrifikazioa eta automatizazioa lantzen ditu, produktuak kostuaren, pisuaren eta prestazioen inguruko espezifikazio berrietara egokituz, eta material eta prozesu berriak erabiliz.

Ibilgailuen elektrifikazioa errealitatea da gaur egun, eta, alderdi horri dagokionez, TECNALIAk ibilgailuetarako trakzio elektrikoko sistemak, hibridazio-sistemak eta energia kudeatzeko sistemak garatzen ditu, hasi prototipoetatik eta ibilgailu funtzionaletaraino. Gidatze automatizatuan ere aurrerapauso handiak egiten ari dira, eta TECNALIA lanean ari da ibilgailuak gidatzeko irtenbide automatizatuen eta azpiegitura adimendunekiko integrazioaren arloetan. Gainera, ahaleginak egiten ari da lehengaiak eta kostuak murrizteko eta produktuak arintzeko.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com