Prentsa-oharra

TECNALIAk "biki digitala" erabiliko du industrian, produktuak optimizatzeko

2017ko azaroaren 20a

Enpresetan prozesu industrialen erreplikak ezarriz akatsak iragartzea, batetik, eta, bestetik, denbora errealean optimizatutako sistemak eta produktuak lortzea, hori da "bikiaren" eginkizuna

Digitalizazioa fabriketara iritsi zenean sortu zen industria 4.0; paradigma berria, berriz, hau da: bi mundu horien arteko konexio iraunkorra lortzea, eraginkortasun- eta lehiakortasun-eragile izan dadin etorkizunean. Horretarako sortua da "biki digitala" deritzona, hau da, produktu edo prozesu baten eredu birtuala, zeinak digitalki erreproduzitzen baitu bertsio errealaren portaera eta errendimendua; bertsio birtuala zehazki lotzen zaio bertsio errealari. Etengabeko atzeraelikaduran oinarritzen da "bikiaren" funtzionamendua. Bakoitzak bere ingurunetik (fisikoa eta erreala; optimoa eta birtualizatua) jasotzen du informazioa eta, hala, azkar eta eraginkorki pasatzen dira "zero akastun" bertsioak izatera, eraginkorragoak eta inguruari hobeto egokituak.

Testuinguru horretan ari da TECNALIA, ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa fabriken eta haien ekoizpen-prozesuen erreplika birtualak industrian ezartzen, akatsak eta portaera anomaloak iragartzeko eta denbora errealean lortzeko produktu eta prozesu aurreratuak, zeinahi egoerari egokituak. Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak antolatuta azaroaren 22an Kursaal Jauregian egingo den Basque Industry 4.0 biltzarrean aurkeztuko da berrikuntza hori. Laugarren iraultza industrialaz gogoeta egingo dute euskal enpresek biltzar horretan.

Tenologia berri horren arabera, produktu baten diseinuan sortzen den sistema ziberfisikoa aprobetxatzen da, aktibo hori martxan dela sortzen den informazioarekin elikatzeko, zenbait estimulurekiko zer erreakzio dituen ikusteko eta ondorioak aztertzeko, gerora ondasunak aberastu eta produktu-unitate berriak optimizatzearren. Sentsoreen eta komunikazioen bidez, produktuaren ziklo osoan etengabe lotuta dago mundu digitala mundu errealari, ondasun edo prozesu hori baldintza optimoetan nola jardungo litzatekeen jakiteko eta, hartara, hobetzeko eta aberasteko.

Biltzarrean, pieza metalikoen "biki digitalak" egingo ditu TECNALIAk bere standean. Horretarako, lankidetzako robot bat baliatuko du. Besoaren muturrean 3D eskaner bat izango du robotak, eta haren bidez sortuko piezaren eredu birtuala. Eredu hori oinarri hartuta, biltzarrera inguratzen direnek bi digitalak beren negozioetan zer ekarpen egin dezakeen azter dezakete.

Beste zenbait ekimen

"Biki digitala" deritzon ekimena ez ezik, Spyro konpainiarekin elkarlanean sortutako VIXION enpresa berria ere aurkeztuko du TECNALIAk Basque Industry 4.0-n. Enpresaren xedea: 4.0 soluzio industrialak sortzea, eta makina-fabrikatzaile eta -erabiltzaileentzako zerbitzu aurreratuak eraikitzea. Start up berri horrek badu dagoeneko produktu bat merkatuan: monitorizazio-sistema berritzaile bat, hodeian, makinetatik atzitzen dituen datuak automatikoki erregistratu eta aztertzeko. Fabrikazio-makinak kontrolatzen dituzte datu horiek.

Halaber aplikazio bat ere aurkeztuko dute: diesel motorretan erabiltzen diren iragazki zentrifugoak muntatzeko eta desmuntatzeko prozesua gidatzen du, errealitate areagotuaz baliatuz. 

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.