Prentsa-oharra

UMILES Next aerotaxiak hiri bateko aire-espazioan hegan egin du

2022ko urriaren 3a
El aerotaxi de UMILES Next vuela por primera vez en el espacio aéreo urbano europeo

UMILES Nexten aerotaxi-prototipoak, zeinak TECNALIAk garatutako FlyFree teknologia baitu, arrakastaz egin du hegan Tolosako zeruan (Frantzia), non hirietako aire-mugikortasunari buruzko eskala handiko erakustaldiak egiten baitira, tripulaziorik gabeko aireontziekin aire-trafikoaren kudeaketa baliozkotzeko U-spacen.

  • Probak baldintza errealetan egin dira, eta arrakasta izan dute. Horrek erakusten du halako teknologia gai dela hegaldi irekiko ingurune batean txertatzeko.
  • Erakutsitako eVTOL Concept Integrity 2019an aurkeztu zen lehen bertsioaren diseinu aurreratua da; sistema guztiek izan dute bilakaera bat. Hirietan modu autonomoan ibiltzeko gai den Espainiako lehena da, eta pertsona bat garraiatu eta 15 kilometroko hiri-distantziak egiteko diseinatuta dago. Etorkizuneko hegaldi horiek hurbileko errealitate bihurtzeko UMILES Nexten gakoa da eredu hori.

2022ko irailaren 28a.  UMILES Nexten aerotaxiak, Concept Integrityk, arrakastaz egin du hegan Tolosako (Frantzia) zeruan, Onera Test Field-en. Aerotaxi horrek TECNALIA ikerketa-zentroak garatutako FlyFree teknologia du, eta TindAIR proiektuaren eskala handiko hegaldi-erakustaldien barruan jardun du (TindAIR Tactical INstrumental Deconfliction And In-flight Resolution). Gertaera hori aurrerapauso handia izan da aireontzi-mota hori aireko espazioan erabiltzeko, Europako TindAir proiektuan. Proiektu horren helburua da tripulaziorik gabeko aireontziekin etorkizuneko hirietako aire-trafikoaren kudeaketa baliozkotzea (U-space), eta, horretarako, aerotaxiarekin batera beste UAV (tripulaziorik gabeko ibilgailu) batzuek ere hegan egin dute geruza desberdinetan, erakusteko posible dela etorkizun hurbilean "trafiko" hori hiri-eremuetan sartzea.

Hegaldi-kanpainan, UMILES Nextek bere eVTOL aireontzian probatu ahal izan ditu hegaldi automatikoaren kontrola eta lurreratze eta aireratze autonomoak, eta ezaugarri horiei esker txertatu ahal izan da aerotaxia U-space-n. eVTOL aireontzia elektrikoa da, eta bertikalean aireratu eta lur har dezake.

Etorkizuneko mugikortasuna gero eta adimentsuagoa eta jasangarriagoa dator. Sistema eta garapen berriei esker, garraio-soluzio alternatiboak egongo dira hiri gero eta masifikatuagoetan.  UMILES Nextek eta TECNALIAk arreta jarri dute horretan beren aireko eta lurreko mugikortasun-soluzioekin, zeinak aurreikusten baita benetako alternatiba izango direla 2028. urtearen inguruan.

Concept Integrity prototipoa 2019an aurkeztu zen lehen bertsioa baino eboluzionatuagoa eta dimentsionatugoa da. Gai da hirietan modu autonomoan mugitzeko, eta diseinatua dago pertsona bat garraiatzeko eta 15 km-ko hiri-distantziak 15 minutuan egiteko.

Aireontzi autonomo horiek, martxan jartzeko behar dituzten ziurtagiriak lortzeko, pilotatuta joan behar dute, oraingoz. Hori dela eta, Integrity 3 aireontzi pilotatua —FlyFree teknologia patentatuan oinarritua— diseinatzen ari da UMILES Next, eta aurreikusten du datozen urteetan hegan egingo duela.

Carlos Poveda, UMILES Group-eko CEOa: “Gure helburua laster merkatuan egotea da, eta, horretarako, aire-mugikortasunean esku hartzen duten enpresa guztiekin batera, guztiok bete beharreko arauak, estandarrak eta baldintzak zehaztu behar ditugu. Horrelako ekimenei esker, besteak beste segurtasunak esku hartzen duen kasu guztiak kontuan har ditzakegu. Hori aurrerapauso handia da UMILES Nextentzat, mugikortasun berrira gero eta gehiago hurbiltzen baikaitu”.

TindAir 2022ri buruz

TindAIR proiektuak aireontzi tripulatuen eta tripulatu gabeen proba-hegaldi batzuk antolatzen ditu; lehenengo probak Tolosan (Frantzia) eta Bordelen egin dira. TindAir Frantziako, Italiako, Espainiako eta Erresuma Batuko enpresa berritzaile eta ikerketa-laborategi batzuk elkartuta sortu da, Innov'ATMk koordinatuta SESAR Enpresa Komunaren babesarekin, Europan etorkizuneko hirietako aire-trafikoaren kudeaketa baliozkotzeko (U-space).

Funtsezko fasea da teknologia probatu eta hegaldi-orduak gehitzeko. Garrantzitsua da ibilgailu horiek aireratu aurretik modu seguruan integratzea zeruan, lehendik existitzen diren tripulazioarekin eta aireko trafiko-kontrolarekin batera. Helburu horrekin, horrelako hegaldiak antolatzen dituzte, gatazkak atzeman eta konpontzeko aukera ematen baitute, etorkizunean aireko espazioa erabiltzaile guztiek partekatu ahal izan dezaten, segurtasun handiena bermatuz.

UMILES Nexti buruz

UMILES Next UMILES Group-en konpainia da, eta aireko eta lurreko mugikortasun aurreratuko soluzioak garatzen ditu. Aitzindaria da operadoreei bidaiarien eta kargen garraioa modu seguru eta jasangarrian egiteko gaitasun berritzailea eskaintzen, bere teknologia propioaren sinergiei esker.

Bide horretan, UMILES Nextek TECNALIA du ondoan, bere bazkide teknologiko nagusia, aireko eta lurreko mugikortasunean buru izateko, nazioartean kapital eta teknologia erabat nazionalarekin lehiatu ahal izateko.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea.

Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen, eta teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, Fabrikazio adimenduna, Trantsizio energetikoa, Mugikortasun jasangarria, Hiri-ekosistema eta Osasun pertsonalizatua.