Berria

200 aditu baino gehiago sare elektrikoen etorkizuna aztertzen

2019ko urriaren 8a

Energiaren Euskal Erakundeak, Orkestrak eta Tecnaliak antolatutako Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVI. Jardunaldian

Sare elektrikoak energia-sistemaren bizkarrezurra dira, eta funtsezkoak trantsizio energetikoa efizientziaz egiten dela bermatzeko. "Trantsizio energetikorako sare elektrikoak. Teknologia, elektrifikazioa eta eragile berriak" izenburupean, Ekipo Elektrikoen Nazioarteko XVI. jardunaldia egin zen Bilbon (JIEEC 2019), eta 200 aditu baino gehiago elkartu ziren, sare adimendunak izaten ari diren garapen garrantzitsua zenbait ikuspuntutatik aztertzeko. 

Besteak beste, kongresuan aztertu zuten nola eragin duten —eta eragiten ari diren— kontsumoaren elektrifikazioak (ibilgailu elektrikoak, berokuntza), baliabide energetiko banatuen kudeaketako malgutasun-zerbitzuen garapenak  eta digitalizazioak sare adimendunen garapenean.

Nazioarteko adituak ados agertu ziren esatean sare elektrikoak funtsezkoak direla deskarbonizazioko eta energiaren deszentralizazioko helburu desiratuak lortzeko eta, aldi berean, trantsizio energetiko eraginkorra ziurtatzeko; eta esan zuten, halaber, horretarako asmo handiko erronkak dituztela, eta teknologiak asko lagundu dezakeela erronka horiek gauzatzen.

Sistema energetikoa aldatzen ari diren garapen teknologikoko adibide batzuk ikusi dira kongresuan. Teknologia digital berriei esker, sareen eraginkortasuna eta energiaren kalitatea handitu daitezke, energia berriztagarrien integrazioa areagotu, eta sare elektrikoak deszentralizatu.

Teknologia horiek aukera ematen ari dira eragileen arteko interakzio- eta integrazio-modu berriak garatzeko; eragile horien artean ez ditugu ahaztu behar agregatzaileak, ez eta azken erabiltzaileak ere, haien papera erabat aldatzen ari baita: kontsumitzaile huts izatetik ekoizle eta kontsumitzaile izatera pasatzen ari dira.

Argibide gehiago prentsa-oharrari buruz