"Ikaste automatikoko teknologiari esker, orain arte erabilitakoek baino ezaugarri hobeak dituzten aleazioak aurkitu ahal izan dira"
Ikaste automatikoko sistemak bide berri bat ireki du elementuen konposizio berriak aurkitzeko
El País egunkariko teknologia-atalak Jon Mikel Sánchez aleazioen, produktuen eta zirkulartasun metalikoaren plataformako adituaren laguntza izan du. Gure ikertzaileak entropia handiko aleazioei buruzko doktore-tesia egin zuen. El País egunkarian argitaratutako artikuluan dioenez, “aleazio berriak aurkitzeko adimen artifiziala erabiltzea nahiko berria da; metodo horien bidez material berriak aurkitzea aurrerapauso nabarmena da”.
Tradizionalki, aleazio bat metal nagusi baten eta taula periodikoko beste elementu batzuen kontzentrazio txikien arteko nahasketa izan da funtsean. Ikaste automatikoak bide berri bat ireki du dozenaka elementuren eta haien askotariko kontzentrazioen konposizio berriak aurkitzeko. Horrek iraultza ekarri du entropia handiko aleazioen garapenean.
Entropia handiko aleazio berriak
Makinek zenbait aleazio aurkitu dituzte, gizakiek sortutakoen parekoak edo hobeak direnak propietate batzuetan. Taula periodikoko elementuen arteko milioika konbinazio arakatuz, 1.000 hautagai inguru aurkitu dituzte interesatzen zitzaizkien propietateekin, eta analizatu egin dituzte, teorikoki hedapen termikoaren koefiziente txikia (materiala dilatatzea edo uzkurtzea hotzean edo beroan) izango luketenak bilatzeko.
Science aldizkarian argitaratu zenez, lau aleazio berri aurkitu ditu ikertzaile-talde batek makinen kalkuluari eta analisiari esker. Aleazio horien koefizientea orain arte gehien erabili diren eta tenperaturarekiko immunitate handiena duten konbinazioen berdina edo txikiagoa da. Hedapen termikorako baliagarriak direla frogatu ondoren, zientzialariek beste material batzuetan beste propietate batzuk ikertzeko erabil dezakete ikaste automatikoa; adibidez, magnetismoa ikertzeko.