Berria

Aurrera ari gara osasuntsu zahartzeko soluzio teknologiko berriak sortzen

2017ko azaroaren 24a

Adineko pertsonek ahalmen funtzional fisiko eta kognitibo egokia izaten jarrai dezaten

TECNALIA, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko ahaleginean, osasuntsu zahartzeko neurri berriak ari da ikertzen, hauskortasunaren prebentzioa eta funtzioen narriaduraren prebentzioa oinarri hartuta; izan ere, hala, behera egingo dute mendekotasun-tasak eta adinekoen erorketenak, besteak beste. 

“Hauskortasuna”, zahartzeaz ari garela, gertaera kaltegarriak jasateko arrisku handia duten adineko pertsona kalteberak izendatzeko erabiltzen da. Adinari loturiko sindrome bat da; bereizgarri du funtzio-erreserba urritzea eta lotura estua du sarkopeniarekin, erorketen ondorioz desgaitu bihurtzeko, ospitaleratua izateko edo hiltzeko arriskuan jartzen baititu adinekoak. Prebalentzia handia du 65 urtetik gorakoen artean. Adin horretan, % 7tik % 16ra igotzen da tasa, eta ehuneko horrek gora egiten du adinak aurrera egin ahala.

Hauskortasunak, mendekotasunak ez bezala, badu nolabaiteko konponbiderik; esku har daiteke hauskortasuna gainditzeko edo haren eraginak mantsoago agertzeko. Hala, bizi-kalitate hobearekin zahartzen da, eta mendekotasunik ez da izaten zahartzean. Mendekotasuna prebenitzeko, ezinbestekoa da hauskortasuna detektatzea eta tratatzea ospitaleetan eta, oro har, gizartean.

Premia horri erantzuteko, FALCO ekimenaren bidez elkarlanean ari dira zenbait erakunde —hala nola TECNALIA, BIODONOSTIA, VICOMTECH, CIDETEC, MATIA, TEKNIKER eta EHU—, metodo eta soluzio teknologiko berriak ikertzen hauskortasun-egoeran eta hauskortasun-egoeraren aurrekoan dauden pertsonen ezaugarriak finkatzeko eta pertsona horiek baloratzeko eta tratatzeko.  Ikerketaren ardatza, gaur egun, hau da: entrenamendu-programak, zenbait alde fisiko (indarra, erresistentzia, oreka eta ibilketa) eta kognizioa lantzeko. TECNALIAk, ikerketa horretan, soluzio teknologiko berriak ikertzen ditu adinekoen oreka eta postura-kontrola baloratzeko eta entrenatzeko.

Informazio gehiago: iraitz.manterola@tecnalia.com