Berria

Azpiestazio eoliko flotatzailearen kontzeptu berri bat aurkeztu dugu

2022ko azaroaren 21a
Presentación de ensayos de WIND2GRID

“TECNALIAk top-sidea eta egitura flotatzailea diseinatzen lagundu die IDOMi eta NAUTILUSi”

CEHIPARen instalazioetan aurkeztu ziren WIND2GRID ekimenaren emaitzak, eta diseinatutako azpiestazio flotatzailearen eskala txikiko ereduarenak.

Urriaren 26an egin zen WIND2GRID proiektuaren kanaleko saiakuntzen emaitzak aurkezteko ekitaldia CEHIPARen, El Pardoko Esperientzia Hidrodinamikoen Zentroaren, instalazioetan. TECNALIAk top-sidea eta egitura flotatzailea diseinatzen lagundu die IDOMi eta NAUTILUSi. Kanaleko saiakuntza-kanpaina prestatzen ere parte hartu dugu, zeina azken aste hauetan egin baita.

WIND2GRID ekimena 2020an abiatu zen, prestazio berriak dituzten itsas zabaleko azpiestazioetarako teknologia, osagai eta sistemen ikerketa eta garapen kolaboratibo eta integratzailea bultzatzeko, azpiestazio flotatzaile baten garapenaren inguruan. Itsas zabaleko sektore eolikoarentzako azpiestazio flotatzaile baten prototipoa lantzen aritu da partzuergoa azken urteotan, eta azken asteotan egin dituzte saiakuntzak.

Kanaleko saiakuntzen emaitzen aurkezpena

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Espainiako erakundeetakoak izan ziren, baita itsasoko sektore eolikoan esperientzia handia duten 15 enpresa baino gehiagotako kideak ere. TECNALIAren izenean, Germán Pérez eta Iñigo Mendikoa itsas zabaleko energia berriztagarrietako adituak izan ziren.

Jardunaldiak erakutsi du sektoreak interes handia duela garatzen ari diren etorkizuneko itsas parke eolikoen hub gisa balio dezaketen azpiestazio flotatzaileetan. Ekitaldian, diseinu kontzeptual eta eredu murriztu hori Espainiako eskala errealeko lehen azpiestazio flotatzaile bihurtzeko eman beharreko lehen urratsak aipatu ziren.

WIND2GRID partzuergoa

WIND2GRID proiektua IDOM ingeniaritzak koordinatzen du. Partzuergoaren kide dira hauek ere: ASTILLEROS MURUETA, CREDEBLUG, ERREKA FASTENING SOLUTIONS, GALVANIZADOS SALA, NAUTILUS FLOATING SOLUTIONS, NAVACEL, OGERCO eta VIUDA DE SAINZ enpresak; TECNALIA eta BCMATERIALS zentro teknologikoak; eta IBERDROLA, aholkulari tekniko aditu gisa.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (HAZITEK Programa) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzaturiko proiektua.