Berria

Barajaseko 1., 2. eta 3. terminalen BIM ereduak egingo ditugu

2017ko abenduaren 4a

Aktiboak errazago kudeatzeko eta instalazioen mantentze-lanak behar bezala egiteko

TECNALIAk laser bidezko 3D eskanerra egingo du Adolfo Suárez Aireportuko 1., 2.,  eta 3. terminaletan (Barajas, Madril), eta haien BIM eredua sortuko du (Building Information Modeling). 3D eskanerrak egiten adituak diren TECNALIAko langileak hasi dira, dagoeneko, lehen neurketak egiten Barajasen (Madril). Hala, terminaletako elementuak egoki irudikatuko dira, eta unean uneko egoera xehea eta zehatza izango du AENAk, aktiboak eraginkortasunez kudeatzeko eta instalazioen mantentze-lanak egoki egiteko.                                    

Gaur egungo lankidetza-eredu berriek lankidetzarako prest egotea eskatzen dute, eta BIM teknologia lagungarri zaie proiektugileei, eraikitzaileei eta lankidetza-inguruneetan lan egiten duten gainerako agenteei, kostuak murriztuz eraginkorrago eraikitzeko aukera ematen baitu. BIM teknologia benetako iraultza izaten ari da eraikinen eta azpiegituren produkzioan eta kudeaketan. Ez da ahaztu behar proiektuaren eta eraikinaren bizi-ziklo osoan erabiltzen dela. Gaur egun, obra berrietan erabiltzen dira nagusiki BIM ereduak, baina birgaitzeetan eta eraldaketetan ere erabiltzen dira, eta oso beharrezkoak dira eraikin horien kudeaketa BIM metodologian sartzeko.

Eraikin guztietan egin dira zabaltzeak, birmoldaketak, erabilera-aldaketak, egokitzapen teknikoak, instalazio-egokitzapenak, etab.  Zoritxarrez, horietako asko ez dira behar bezala dokumentatu.  Arrazoi asko dago BIM ereduak dagoeneko badauden eraikinen 3D eskanerretan oinarrituta eraikitzen hasteko, besteak beste: haien egoera errealaren eguneraketa, mantentze-lanen kudeaketa eta birgaitze- eta handitze-lanen prestaketa.

Aktibo mugiezinen BIM ereduak sortzea sustatu behar da, ezin konta ahala abantaila baititu. Birgaitzeetan, ezinbestekoa da birgaitu behar diren eraikinen egoera errealaren eredu fidagarriak izatea.  Eta, bistan denez, BIM metodologia funtsezkoa da eraikinen eta azpiegituren balio-bizitzan.

Lan horiek kontratu honetan biltzen dira: “T123ren proiektua idazteko laguntza teknikoa eta arkitekturako laguntza teknikoa, diseinu funtzionalaren arabera. Adolfo Suárez aireportua (Barajas, Madril)”. Kontratu hori AENAk PROINTEC ingeniaritzari esleitutako DIN 3/2017 espedienteari dagokio, eta TECNALIAK ere hartzen du parte han, laser bidezko 3D eskanerra egiten eta BIM eredua eraikitzen. TECNALIAren lanarekin, puntu-hodei optimizatu bat, 360°-ko irudiak eta BIM eredu bat (bi garapen-maila edo LODetan) lortuko dira; ondoren, PROINTEC haietan oinarrituko da AENArekin duen kontratuko lanak egiteko.

Zerbitzu horiei buruzko informazio gehiago: ervicio de Escaneado Láser 3D 

Harremanetarako: Abel Capelastegui