Berria

Gasteiz aurrera doa klima-egokitzapenean, gure laguntzarekin

2025ko otsailaren 4a
Vitoria-Gasteiz avanza en su adaptación climática

“Antzeko klima-erronkei aurre egiten dieten beste hiri batzuetara eraman daiteke garatutako metodologia, betiere kalitatezko datuak edukiz gero”

Gasteizko klima-mehatxuen azterketa bat egin dugu, jarduketa berriak non egin behar diren identifikatzeko, eta zenbait soluzio jakinen eraginkortasuna ebaluatu dugu.

Klima-aldaketaren mehatxuei erantzuteko, klima-aldaketara egokitzeko neurri berritzaileak garatzen jarraitzen du Gasteizek LIFE IP Urban Klima 2050 ekimenaren barruan, eta TECNALIAren laguntza du horretan.

Ekimenaren barruan egindako azterketak Gasteiz hiria du ardatz, eta funtsezko lau fasetan banatzen ditu lanak:

  1. Dagoeneko ezarrita dauden edo egin bidean dauden naturan oinarritutako soluzioak (NBS) identifikatzea eta erregistratzea.
  2. Klima-mehatxuak modelizatzea: tresna aurreratuak erabiltzen dira klima-mehatxu nagusiak mesoeskalan (hiria) mapatzeko.
  3. Modelizazioaren emaitzetan oinarrituta NBS (Nature-based Solutions) berriak diseinatzea eta gauzatzea.
  4. Esku-hartzeak etengabe ebaluatzea, haien eraginkortasuna eta optimizazioa ziurtatzeko.

Klima-mehatxuen modelizazioa

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) Gasteiz hiriko NBSen katalogoa egin ostean, TECNALIAk klima-mehatxuak mapatu ditu mesoeskalan.

Horren ondorioz, Gasteizko hiri-klimaren eta estres termikoaren azterketari eta azaleko jariatze-uraren (euri-uholdea) ondoriozko uholde-arriskuari buruzko mapa kartografikoak lortu dira. Horretarako, “Euskal Autonomia Erkidegoko klima-aldaketaren bereizmen handiko eskualde-agertokiak” azterlana erabili da (Ihobek 2019an egin zuen).

Simulazioek erakusten dute Gasteizko hiri-morfologiak eragin nabarmena duela estres termikoan eta kutsatzaileen sakabanaketan (hala nola nitrogeno-oxidoak —NOx—). Alde Zaharraren inguruko auzoek tenperatura altuagoak izaten dituzte arratsalde eta gauetan, landaretza faltaren eta eguzki-esposizio etengabearen ondorioz. Eremu horietan naturan oinarritutako soluzioak eta emisioak murrizteko estrategiak ezartzeak hiriko beroa arindu lezake.

Jundiz eta Gamarra industrialdeak eta Lakua-Arriaga auzoa identifikatu dira euriak eragindako uholdeak izateko arrisku handia duten puntu kritiko gisa, eta uholdeek funtsezko azpiegituren eraginkortasunari eragingo liokete. Naturan oinarritutako soluzioak (drainatze naturaleko sistemak hobetzea, adibidez) funtsezkoak izango dira kalteberatasun hori murrizteko eta lurzoruaren eta airearen kalitatea hobetzeko.

Azterlanak ondorioztatzen du naturan oinarritutako soluzioek, klima-aldaketarekiko erresilientzia hobetzeaz gain, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onura ugari dakartzatela.

Gainera, antzeko klima-erronkei aurre egiten dieten beste hiri batzuetara eraman daiteke garatutako metodologia, betiere kalitatezko datuak eta modelizazio zehatzak egiteko baliabide egokiak edukiz gero.

Esku-hartzeak diseinatzea eta gauzatzea

Klima-mehatxuen analisian lortutako emaitzak oinarri hartuta, TECNALIAk identifikatu du hiriko zein esparrutan den lehentasunezkoa NBSen bidezko beste esku-hartze batzuk egitea.

Ondoren, CEArekin elkarlanean, lehenespen-lana egin da, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren eta esku hartzeko aukeraren irizpideetan oinarrituta, LIFE Urban Klima 2050 ekimenaren epearen barruan.

Horren ondorioz, bi kokaleku hauek hautatu dira mikroeskalako modelizazio-ariketak egiteko eta naturan oinarritutako zenbait soluzioren eraginkortasuna ebaluatzeko konfort termikoaren eta azaleko jariatze-uren ikuspegitik, klima-aldaketaren agertokietan:

  • Harategi kantoia, Erdi Aroko Hirigunean.
  • Luis Elejalde / Rogelia de Alvaro ikastetxe publikoko patioa.

Ekimenaren azken fasean, ardatza izango da berdatzeko soluzioak zehaztu, diseinatu eta gauzatzea, aldez aurretik modelizatutako Erdi Aroko Hirigunearen esparruan. Ondoren, ebaluatuko da nolako eragina duen eraldaketa horrek konfort termikoan, biodibertsitatean eta eremuaren pertzepzioan.