Ekimen berritzaile bat garatzen ari da beroa eta ur beroa (EUBa) ekoizteko sistemak modernizatzeko soluzio moldakorrak, eskalagarriak eta erreplikagarriak lortzeko
HAPPENING ekimenak proposaturiko soluzio teknologikoan, bero-ponpa deszentralizatuak ondoz ondo instalatzen dira, katean lan eginez: instalazioa erraza da, eraikinean dagoen jendeari ez dio eragozpen handirik sortzen eta eraikin-mota askotara egokitu daiteke. Soluzio horri esker, dirua aurrezten da, handitu egiten da eraikinaren barneko erosotasuna eta nabarmen gutxitzen dira CO2-aren emisioak; horrek, gainera, Europar Batasunak jarritako helburuak lortzen laguntzen du. Europan, izan ere, eraikinetan erabiltzen da energiaren % 40 eta haietan isurtzen da CO2-aren % 36.
HAPPENING ekimenak (HeAt PumPs in existing multi-family buildings for achieving union’s ENergy and envIroNmental Goals), TECNALIA buru duela, familia askoko eraikinetan CO2-isuriak gutxitzea du helburu, eta, horretarako, bero-ponpak erabiliko ditu. Teknologia aproposa da energia berriztagarriak integratzeko eta airea girotzeko eta ur beroa (EUBa) sortzeko sistemetan erabiltzeko. Bero-ponpak, abantailak dituzten arren, gutxitan instalatzen dira gaur egun etxebizitza-eraikin kolektiboetan.
HAPPENING ekimenaren bitartez hiru proiektu pilotu erakusle egingo dira, Europako hiru herrialdetan: Espainia, Italia eta Austria. Gure adituek koordinatuko dituzte hiru proiektu pilotu horiek, eta, Barrizar enpresarekin elkarlanean, haietako bat gauzatuko dute Ispasterren (Bizkaia). Proiektu pilotuok soluzioen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa frogatzeko balioko dute, kasu honetan negozio- eta finantziazio-eredu berriak sortuz eta sustatuz.
Eraikinetako energia-sistemak
Eraikinetako energia-sistemak modernizatzeko soluzio-multzo bat landu eta ebaluatuko da, moldagarria, eskalagarria eta erreplikagarria. Garapen horiei esker, hau lortuko da: energia berriztagarria % 70etik gorakoa izatea eraikinetan; energia primarioan eta berotegi-efektuko gasetan % 30 baino gehiago aurreztea; plangintza-denbora % 50 eta instalazio edo operazio-denbora % 30 murriztea; eta azkenik, zerbitzu energetikoen enpresei eta inbertitzaileei amortizazio-epea zortzi urtetik behera jaistea.
Informazio gehiago
- HAPPENING ekimenean, Europako lau herrialdetako hamabi erakundek parte hartzen dute: Espainian, TECNALIA, Girotze, Barrizar, ANESE eta Green Building Council España; Italian, EURAC, Tecnozenith, INNOVA eta RINA-C; Austrian, AEE INTEC eta GWS; eta Alemanian, Fraunhofer.
- Proiektuaren martxan jartzearen berri emateko prentsa-oharra.
Este proyecto ha recibido financiación del programa de investigación e innovación Horizon 2020 de la Unión Europea en virtud del acuerdo de subvención N° 957119.