Berria

Bilboko Udalarekin batera 4.0 ibilgailu elektrikoak garatzen ari gara, kerik gabeko hiriak sustatzeko

2021ko otsailaren 8a
I-bike

Bi motatako ibilgailu adimendunak dira, gidatzen laguntzeko sistema aitzindari batez hornituak; paketeak entregatzeko eta mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko erabiliko lirateke

Mugikortasun-tresna berriak garatzen dihardugu, Bilboko Udalarekin batera, espazio osasungarriagoak, atseginagoak eta irisgarriagoak sortzeko. Bi motatako ibilgailu adimendunak eta elektrikoak diseinatu ditugu. Lehenengoa paketeak entregatzeko erabil liteke, eta bigarrena, berriz, mugikortasun urriko pertsonak garraiatzeko.

Bi kuadrizikloek gidatzen laguntzeko sistema aitzindari bat darabilte, 3D sentsore batez eta ingurunetik biltzen dituen datuak aztertzeko sistema batez hornitua, oztopoak detektatu eta talkak saihesteko, oinezkoentzako eremuetan edo norbait hurbil dagoenean abiadura mugatzeko, gidatzeko modua aztertzeko eta zakarra edo atsegina den jakinarazteko, eta, azkenik, seinaleak automatikoki aktibatzeko (esaterako, keinukariak edo balazta-argiak). 4.0 ibilgailuak dira, eta erraz gidatzen dira, bizikleten antzera.

Mugitzeko modu berri bat

Mugitzeko modu berri hau errealitate bihurtzeko, bi erakundeok elkarlanean jardun dugu azken urtean. Gure zentroa gidatzen laguntzeko sistema garatzeaz arduratu da. Udalak, berriz, mugikortasunarekin eta jarduera ekonomiko jasangarriarekin bateragarriak diren hiri-ingurune osasungarriak sortzen duen esperientzia ekarri du.

Halaber, aste honetan Bilbon egingo den pilotuaren garapenaren buru izan da. Bergamoko Udalak eta zenbait enpresak (Bosch VHIT, Energy and Sustainable Development Agency, Axiro Group eta One Less Van, besteak beste) ibilgailuak probatuko dituzte, haien gaitasunak eta onurak egiaztatzeko.

E-Bike Europako ekimena

Ekimen hau Europako E-BIKE proiektuaren esparruan garatu da, zeinak helburu hauek baititu: azken miliako garraioak hirietan duen inpaktua murriztea, irisgarriak ez diren tokietan mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei joan-etorrietan laguntzea, eta, azken batean, ingurune atseginagoak, irisgarriagoak eta kerik gabeak lortzea.