"Lehen esku-hartzeko taldeen jardunaren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzen dugu larrialdietako langileentzat"
Ukipen-biofeedbackaren bidez larrialdietako langileen osasuna in vivo monitorizatzeko sistema bat garatu dugu.
TECNALIAn teknologia osasunaren eta pertsonen zerbitzura jarri dugu, larrialdietako langileei zuzendutako prebentzio-sistema bat garatuz. Profesional horiek egunero aurre egin behar dieten egoeretan, garrantzitsua da beren funtsezko parametro fisiologikoak kontrolatuta edukitzea, informazio egokia eta prozesagarria eman dezaten, eta beren gaitasun operatiboa oztopatu gabe.
Hondamendi naturalen kopurua gora doa, eta haietako asko landa-eremu iritsezinetan izaten dira. Eta, egoera horien ondorioz, larrialdietako langileen lanak gero eta esposizio handiagoa du muturreko egoeretara, askotan baso-suteek edo alpinistak bilatzeko eta erreskatatzeko misioek eraginda. Gaur egun, gero eta arrisku handiagoak dituzte profesional horiek.
Goraipatzekoa da larrialdietako langile horien heroitasuna, baina nork zaintzen ditu gure erreskatatzaileak?
Lehen esku-hartzeko taldeen jardunaren eraginkortasuna eta segurtasuna
Horrela sortu zen SIXTHSENSE, diziplina anitzeko berrikuntza bat, zeinaren helburua baita lehen esku-hartzeko taldeen (larrialdietako langileak) jardunaren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzea ingurune arriskutsuetan , taldeen koordinazioa optimizatzea misioetan eta langileen osasun-egoera une oro ziurtatzea.
SIXTHSENSE osasuna monitorizatzeko sistema eramangarri bat da, ukipen-biofeedbacka duena: profesionalen osasuna ebaluatzeko ahalmena ematen du azalari atxikitako txaplata "adimendun" baten bidez. Horri esker, garaiz detekta daitezke pertsona baten osasuna edo jarduna arriskuan jar dezaketen faktoreak. Arriskutsuak izan daitezkeen egoeretan, sistemak aukera ematen du profesional horiek izan ditzaketen osasun-arazoei aurrea hartzeko eta haiei buruz ohartarazteko, baita lantaldeari lankide baten osasunaren narriaduraren berri emateko ere.
TECNALIAk garatutako biosentsore multimodalen datuetan oinarritutako eredu prediktiboak erabiltzeari esker egin daiteke hori; zenbait biosentsoreren datuetan oinarritutako eredu prediktiboak ere baliatu dira: laktatoa, ioiak (hala nola sodioa edo potasioa), kortisola, bihotz-maiztasuna eta tenperatura.
Sistemak, gainera, aukera ematen du operatibo guztiak denbora errealean gainbegiratzeko, eta horrek ekipoaren eraginkortasuna eta segurtasun operatiboa handitzen laguntzen du. Izan ere, larrialdietako langileen datu fisiologikoak edukitzea izan daiteke misio baten emaitzaren gakoa.
“Lan honetan, larrialdietako langileen egoera dugu ardatz, ingurumen- eta bizi-parametro kritikoetatik harago; gure sentsoreen helburua da nekearekin, deshidratazioarekin eta estresarekin lotutako biomarkatzaileak monitorizatzea, ingurune arriskutsuetan eta muturreko tentsio fisiologiko edo psikologikoaren eraginpean baitaude larrialdietako langileak”, azaldu du Goran Bijelic-ek, TECNALIAko proiektu honen koordinatzaileak.
Profesional horien kasuan, muturreko kondizioetan lan egiten baitute, nekeari, estresari edo deshidratazioari buruzko informazioa izatea edo ez izatea izan daiteke gakoa misio bat arrakastatsu edo tragiko izateko.
Biosentsore berriak larrialdietako langileentzat
Muturreko lanbide horietan kondizio fisiko ezin hobeak behar dira. Langile horiek estres handia jasaten dute lan-jardunean, eta arrisku oso handiak bizitzen dituzten beren ongizaterako. Gero eta estres handiagoa izateak eragin zuzena izan dezake haien errendimenduan, eta arriskuan jar dezake bai haien osasuna, bai larrialdi batek (sutea, elur-jausia…) eragindako pertsonena. “Funtsezko parametro fisiologikoak, hala nola nekea, estresa eta deshidratazioa, datu egokiak eta zehatzak emateko moduan monitorizatu behar dira”.
Testuinguru horretan, sentsore anitzeko gailuetarako zenbait erronkari aurre egiten ari zaizkie aurrerapen teknologiko berriak. Puntako teknologiak bilatzen dira, misio horien eskakizun operatiboekin bateragarriak diren laginketa-metodoak aurkitzeko. “Ezin da planteatu profesional horiek erreskate-misio batean odol-lagin bat hartzea edo ahoko lagin-zotz bat erabiltzea".
"Teknologiak egokitu behar du, eta beren jantzietan eramateko moduko sistemak eskaini behar ditu, ekonomikoak eta erabiltzen errazak, beren osasunari eta lanari eragiten dieten arrisku-faktoreak detektatzeko”, adierazi du Bijelicek. Haien jantzietan integratutako sistemek potentzial handia dute: “Haiei esker, larruazala zuzenean ukitzea saihestu daiteke, eta modu ez-inbaditzailean atera daitezke biofluidoak, denbora errealean monitorizatzeko; nabarmen hobetzen dute bizi-kalitatea, datu egoki eta fidagarriei esker”.
Biosentsore eramangarri ez-inbaditzaile berritzaileak
TECNALIAk biosentsore eramangarri ez-inbaditzaile berritzaile batzuk garatu ditu; egokiak dira zenbait biomarkatzaile etengabe monitorizatzeko (hala nola laktatoa, sodioa eta kortisola), muturreko egoeretan eta denbora luzez (6 ordura arte). “Likido interstiziala eta izerdia aberatsak dira biomarkatzaile espezifikoetan, baina, haiek aplikatzeko dauden zenbait erronka teknologikoren ondorioz, esploratu gabeko arlo bat dira oraindik, neurri handi batean, sentsore janzgarrien testuinguruan. Hauek dira monitorizazio ez-inbaditzailearen erronka nagusiak, besteak beste: lagin-bilketa erreproduzigarria, analitoa sentsorera transferitzea, kutsadura gurutzatua eta analitoaren detekzio selektiboa denbora errealean, bai eta sentsorearen eta gorputzaren arteko interfazea eta sentsorearen ingurune-egonkortasuna ere”, azaldu du.
TECNALIAk landu dituen ikuspegiek askotariko teknologiak baliatzen dituzte, hala nola analitoak iontoforesiz erauztea, ioien sentsore elektrokimiko selektiboak, biosentsore entzimatikoak eta polimero eroale eta biofuntzionalak elektronika inprimagarri eta malguarekin konbinatuta. Teknologia horietan aditua da TECNALIAko biomaterialen taldea.
Proba gaindituta, mendiko erreskate-agertoki batean
Hilabetetan ikertu ondoren, ordua iritsi zen sistema lehen esku-hartzeko operazioen kondizio errealistetan probatzeko. Proiektu horretarako Europako partzuergoa Kopaonik mendian (Serbia) bildu zen; han, Serbiako mendiko erreskateko taldeek egin zieten harrera, sistema neguko erreskate-egoera batean probatzeko.
Tartean zen TECNALIAko osasun-ikertzaile Milos Kostic, 10 erakundetako 40 ikertzaile, garatzaile eta profesionalekin batera. Guztira, Serbiako Mendiko Erreskate Zerbitzuko eta Bosnia eta Herzegovinako Mendiko Erreskate Erakundeen Elkarteko 17 soroslek hartu zuten parte probetan, 4 saiotan.
Mendiko erreskatatzaileentzat garrantzitsuak diren lau ariketaz osatutako zirkuitu batean antolatu zen jarduera. Han, SIXTHSENSE elektroukipenezko komunikazio-sistemak bete-betean funtzionatu zuen lekuan bertan egindako proben kondizio gogorretan.
Larrialdietako profesionalek banakako 400 mezu baino gehiago jaso zituzten probetan. Elektroukipenezko komunikazio-sistema erabiltzen minutu bakan batzuetan entrenatu ondoren, jarduera fisiko biziak gorabehera, % 70etik gorako arrakasta-tasa orokorra lortu zen mezuak ezagutzen, eta profesionaletako batzuek % 90etik gorako puntuazioa lortu zuten.
Elektroukipenezko komunikazioak probatzeaz eta jarduera horietan datu fisiologikoak biltzeaz gain, karga kognitiboa ebaluatu zen, eta aztertu zen nekeak zer ondorio dituen erabakiak hartzeko prozesuan, ikertzaileek diseinatutako eta administratutako probetan.
21 erakundek osatutako Europako partzuergoa
SIXTHSENSE 2020an hasi zen, eta arrakastaz amaitu da. Europako partzuergo horretan, Europako bederatzi herrialdetako 21 erakundek hartu dute parte, TECNALIAk koordinatuta. Beste zenbait erakunde parte-hartzaile ere izan dira, hala nola Serbiako Mendiko Erreskate Zerbitzua, Bosnia eta Herzegovinako Mendiko Erreskate Erakundeen Elkartea, lau suhiltzaile-konpainia —Gumpoldskirchen (Austria), Postojna (Eslovenia), Rijeka (Kroazia) eta Pavia (Italia)— eta suteetako erreskateetako aditu bat eta arriskuen kudeaketako adituak: IFR (Austria).