"MOBILITY AWARDSetan lortutako sariak Bizkaia Connected Corridorren eragina eta garrantzia nabarmentzen ditu"
Bizkaia Connected Corridorrek bigarren saria jaso du 2024ko IoMOBILITY AWARDSetan
Bizkaia Connected Corridor ekimenak nazioarteko aintzatespen garrantzitsua lortu du, 2024ko IoMOBILITY AWARDS sari ospetsuetan bigarren postua lortu baitu, zehazki Smart Roads kategorian, Italian egin den ekitaldian.
Aste honetan egin da sariak emateko ekitaldia, Milango Zientzia eta Teknologia Museoan. Gure lankide Javier Coletok jaso zuen saria, TECNALIAren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren izenean.
Proiektu estrategiko eta berritzailea
Bizkaia Connected Corridor ekimen berritzaileak industria- eta ikerketa-sareari ateak irekitzen dizkio. Bizkaiko azpiegitura guztiak eskaintzen ditu agertoki errealeko proba-laborategi gisa (Living Lab izenekoa) gidatze konektatu, automatizatu eta mugikorrarekin (CCAM) eta azpiegitura adimendunekin lotutako teknologietarako.
Proiektu honek teknologia-sorta zabal bat biltzen du, hala nola materialekin, erresilientziarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, komunikazio aurreratuak eta mugikortasun kooperatibo konektatu autonomoa.
2024ko MOBILITY AWARDS sariak
Mugikortasun adimendunaren arloko lorpenak eta berrikuntzak aintzatesten dituzte nazioartean 2024ko MOBILITY AWARDS sari ospetsuek. Mugikortasun jasangarri, konektatu eta seguruak aurrera egiten nabarmen laguntzen duten proiektuak, ekimenak eta teknologiak aintzatestea dute helburu sariek.
Urtero antolatzen dira IoMOBILITY AWARDS sariak, eta adituak, industriako liderrak, ikertzaileak eta gobernu-ordezkariak biltzen dituzte mugikortasunaren arloan egindako ahalegin aitzindariak ospatzeko eta aitortzeko. Horrela, giza garapenerako eta garapen ekonomikorako funtsezkoa den arlo horretako ezagutzak eta jardunbide hobeak trukatzea sustatzen dute.