Berria

BTU Cottbus-Senftenberg-ekiko hidrogenoaren aliantza sendotu dugu

2024ko apirilaren 8a
Alianza sobre el hidrógeno con BTU Cottbus-Senften

"Nazioarteko aliantza hau funtsezkoa da hidrogenoaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzeko"

Hidrogenoari buruz ikertzeko aliantza berria Brandenburgoko Cottbus-Senftenberg Unibertsitate Teknologikoarekin

TECNALIAk Elkar Ulertzeko Memorandum bat (MoU) sinatu du Brandenburgoko Cottbus-Senftenberg Unibertsitate Teknologikoarekin, bien arteko lankidetzaren baldintzak indartzeko. TECNALIAko Hidrogenoaren Teknologien arduradun Ekain Fernándezek hau adierazi du: "Hidrogenoaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzeko egiten ari garen bidean, funtsezkoak dira nazioarteko aliantzak. Akordio honi esker, gaitasunak bateratu, talentu-hutsuneak bete eta baterako garapen teknologiko berriak bilatu ahal izango ditugu hidrogenoaren eta elektrolisiaren arloan".

BTU Cottbus-Senftenbergeko Hidrogenoaren Ikerketa Zentroko zuzendari eta Energia Termikoaren Teknologiako katedradun Lars Röntzsch irakasle doktoreak hau adierazi du: "Gure baterako lankidetza zabaltzen jarraitu nahi dugu, baita egungo CLEANHYPRO proiektutik harago ere. I+Gko baterako proiektuak egitea eta gure ikerketaren esparruan ikasleak eta doktoregaiak trukatzea dira helburu nagusiak. Potentzial handia ikusten dut bi alderdientzat."

Brandenburgoko Unibertsitate Teknologikoko Nazioartekotzeko presidenteorde Wolfram Berger irakasleak, berriz, hau azpimarratu du: "Akordio honek ezin hobeto erakusten du nola ari garen sarean lan egiten ikerketaren arloan eta gure zientzialari gazteei dagokienez. Halaber, proiektu aplikatuek hainbat harreman-gune eskaintzen dituzte ingeniaritzaren arloko gure irakaskuntza eta ikasketetarako, Espainiako ikasleek Brandenburgoko Unibertsitate Teknologikoa eta gure azterketa- eta ikerketa-baldintza onak ezagutzeko aukera ona."

TECNALIAri eta Brandenburgoko Unibertsitate Teknologikoari buruzko informazio gehiago

TECNALIAk ibilbide luzea egin du BTUrekin lankidetzan. Bi erakundeak CLEANHYPROren parte dira, Europako elektrolizagailuei buruzko I+Gko proiekturik handiena, TECNALIA buru duela. Proiektua EBk finantzatzen du, eta 28 bazkide ditu. Berriki, bilera bat antolatu du Brandenburgoko Unibertsitate Teknologikoan, elektrolizagailuen funtsezko osagaiak ekoizteko eta probatzeko ildo pilotuen garapenaz eztabaidatze aldera.

Berrikuntza irekiko saiakuntza-bankua harremanetarako gune nagusi bat da alderdi interesdunentzat, eta aukera ematen du nazioarteko enpresek parte har dezaten. CLEANHYPROren parte diren aldetik, erakusleihoek aukerak eskainiko dizkiete bazkide industrial egokiei lau elektrolisi-teknologia nagusietarako elektrodo, mintz, zelula eta material berriak fabrikatzeko eta probatzeko.