"Auto-fabrikatzaileak lanean ari dira bidaiarien segurtasuna arriskuan jarri gabe autoen pisua murrizteko"
Osagai forjatuetarako dentsitate txikiko altzairu berrien garapena gidatzen ari gara, Sidenor I+Gren eta EHUren laguntzarekin
Azken urteotan, TECNALIAk ABADE (dentsitate txikiko altzairuak) eta COFADEN (dentsitate txikiko altzairuen tenperatura altuko faseen kontrola) proiektuak gidatu ditu. Haietan osagai forjatuetarako dentsitate txikiko altzairu berrien garapena ikertzen da, Sidenor I+Drekin eta EHUrekin lankidetzan.
Proiektuan garatutako dentsitate txikiko altzairuak altzairuaren ohiko dentsitatea murrizten duten aleazioak dira. 1.100 MPa-etik gorako erresistentziak lor ditzakete harikortasun onargarri bati eutsiz. Altzairu horiei esker, osagai forjatuaren pisua % 30 inguru murriztuko litzateke, nahiz eta tenperatura altuan gertatzen diren prozesu termokimikoen konplexutasunak oso ikerketa zehatza eskatzen duen industrian inplementatu ahal izateko.
CO2-emisioei buruzko Europako politika zorrotzak betetzeko, automobil-fabrikatzaileak autoen pisua murriztu nahian dabiltza, bidaiarien segurtasuna arriskuan jarri gabe. Gaur egun, hainbat estrategia baliatzen ari dira, hala nola erabiltzen duten materialaren dentsitatea murriztea. Altzairua material arinagoekin lehian dabil, hala nola aluminioarekin eta magnesioarekin, baina altzairuak badu abantaila handi bat: materialik birziklagarriena da.
TECNALIA nazioarteko erreferentzia
Etorkizunean altzairu horiek garatzeko ondorioek eta gomendioek nazioarteko irismena izan dute, eta hiru argitalpenetan jaso dira. Gainera, lan horien ondorioz, CIRMETAL plataformako ikertzaile-taldea (Idurre Kaltzakorta eta Teresa Gutiérrez) nazioarteko bi kongresutan hizlari gisa parte hartzera gonbidatu dute aurten.
Joan den abuztuan, “The 5th International Conference on Material Strength and Applied Mechanics” (MSAM 2022) kongresuan parte hartu genuen, Txinan, eta joan den astean, “3rd Edition of International Conference on Materials Science and Engineering” (MAT2022) konferentzian izan ginen; online egin zen Scopusek bultzatutako ekitaldia.
Osagai forjatuetarako dentsitate txikiko altzairua garatzeko ditugun gaitasunei buruz gehiago jakin nahi baduzu, jarri harremanetan gure aditu-taldearekin.
*ABADE eta COFADEN proiektuak Eusko Jaurlaritzaren ELKARTEK programak finantzatzen ditu.