“Soluzio irabazleak, karga hoztuta garraiatzea saihesten duenez, % 10 murrizten du kilometroko kostua, eta, gainera, kamioi bakoitzeko urtero 64 tona CO2 gutxiago isurtzen laguntzen du”
TECNALIAren azpiegitura logistiko jasangarrietan anomaliak monitorizatzeko eta detektatzeko soluzioak irabazi du Connect for Good Challenge lehenengo saria
Ivan Arakistain TECNALIAko ikertzailea buru duen proiektuak soluzio berritzaile bat aurkeztu du produktu galkorren garraio jasangarrirako; hozte-sistema duten garraio-ibilgailuen beharra ezabatzen du, eta, ondorioz, energia-kontsumo handiak saihesten ditu.
Adimen artifizial txertatua
Proposamenak IoT gailu bat dakar, sentsore-multzo batez eta GPSz hornitua, eta, horri esker, salgaien jarraipen eta monitorizazio eraginkorra ahalbidetzen du. Soluzioaren gakoa adimen artifizial txertatua da, zeinak inguratzen gaituzten objektu askotan txertatutako txip txikietan adimen artifizialeko ereduak aplikatzen baititu. Teknologia horri esker, proposamenak produktu galkorren logistika hobetzen du, hotz-kateari eusten baitio.
Era berean, konposatu organiko lurrunkorrak monitorizatzeko eta detektatzeko, “sudur elektroniko” motako sentsore bat du. Hala, elikagai bat egoera txarrean egotera pasatu dela detekta dezake, adibidez.
Soluzio horrek, karga hoztuta garraiatzea saihesteari esker, % 10 murriztu dezake kilometroko kostua, eta, gainera, kamioi bakoitzeko urtero 64 tona CO2 gutxiago isurtzen lagundu.
Proiektuak zuzenean eragiten die garapen jasangarriko 7., 11. eta 13. helburuei, zeinak lotuta baitaude energia eskuragarri eta garbiarekin, hiri eta komunitate jasangarriekin eta klimaren aldeko ekintzarekin. Azken batean, proiektu horren arrakastak industria logistiko jasangarriago baterako bidea erraztu lezake, eta nabarmen murriztu karbono-isuriak eta kostu operatiboak.
Connect for Good Challenge-ri buruz
Connect for Good Challenge Nordic Semiconductor, Mouser Electronics, Soracom eta Crowd Supply erakundeen ekimen bateratu bat da. Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen laguntzen duten kontsumo txikiko haririk gabeko soluzio onenak saritzen ditu.