"Udalerriei, gobernuei, industriei eta azpiegitura-kudeatzaileei neurriak aurrez hartu ahal izateko aukera eskaintzen dien plataforma bat da"
TECNALIAren partaidetzapeko deeptech startupak baliabide berritzaile bat merkaturatu du, uholdeei aurrea hartzen eta kalteak minimizatzen dituena plangintza hobetuz eta muturreko gertaerei hobeto erantzunez
TECNALIAk eta Team Ingeniería y Consultoríak 2023an sortutako IntelliAlert enpresak amaitutzat eman du adimen artifizialaren laguntzaz uholdeak iragartzeko bere plataforma. Horri esker, udalerriek, gobernuek, industriek eta azpiegitura-kudeatzaileek aukera izango dute neurriak aldez aurretik, 8-24 ordu aurretik, hartzeko eta, hala, kalteak minimizatzeko muturreko gertaerarik bada.
Plataformak Fast Flood Advisor System Technology du izena, eta soluzio aitzindaria eskaintzen du merkatuan; izan ere, uholdea noiz gertatuko den iragartzeaz gain, uholde horrek izan ditzakeen ondorioak ikusteko aukera ematen du eredu bidimentsionalen bidez.
Baliabide horrek informazio garrantzitsua bildu eta plataforma intuitibo batean zentralizatzen du. Plataforma horrek gorabeheren historia sortzen du, eta arduradunei alertak bidaltzen dizkie maiztasun jakin batez. Gainera, aukera ematen du plangintza era eraginkorragoan egiteko eta, gertaera bakoitzaren ondoren, uholde-arriskuaren analisia bidaltzeko udalerriei, azpiegitura-operadoreei eta industriei, ondo kudea dezaten eta dagozkion jarduera-protokoloak aktiba ditzaten.
Segurtasuna eta erresilientzia natur hondamendien aurrean
Baliabide horri esker,IntelliAlert-ek natur hondamendien aurreko segurtasuna eta erresilientzia sustatzen duten teknologia berritzaileak sortzen ditu, klima-aldaketaren aurka egiteko. Hala, jarraipena ematen dio larrialdien kudeaketara bideratutako soluzio teknologikoak garatzeko eta zerbitzu digitalak eskaintzeko proiektuari.
Enpresak zenbait bezero ditu dagoeneko, hala nola Adif, bai Málagan duen trenbide-linearen ekimen pilotuan, bai EAEko zenbait udalerritan, besteak beste, Durangon eta Muskizen.