Berria

Datu-espazioak energiaren sektorean.

2022ko abenduaren 23a
Red de energía y espacio de datos

“Energiaren sektorean Europa mailako datu-espazio federatu baten oinarriak ezartzen eta garatzen dihardu TECNALIAk”.

Egungo energia-sistemek balio handiko datu asko sortzen dituzte, baina ez da haien potentzial guztia ateratzen

Energia-trantsizioak sistema deszentralizatu baterantz egin du, eta sistema hori hainbat energia-bektorek (argindarra, hidrogenoa, baliabide malguak...) eta hainbat eragilek (prosumitzaileak, agregatzaileak edo energia-komunitateak) osatzen dute. Datuen balorizaziorantz eta sistema deszentralizatu horretarantz aurrera egiteko, beharrezkoa da datuak ekosistema batean partekatzea, energia-balioaren kateko eragileen arteko elkarreragingarritasuna eta konfiantza bermatzeko.

Gaur egun ez dago argindar-sektoreko sorkuntza-, transmisio-, banaketa- eta kontsumo-arloetako datuak konektatzen dituen plataforma bakar bat. Halaber, ez dago datu-truke segurua, subiranoa eta bidezkoa bermatzeko mekanismo eta politika egokirik.

Europako Batzordeak datu-ekonomiako estrategia baten alde egiten du, eta hori bat dator pribatutasunari, lehiaren ekitateari eta autodeterminazioari buruz dituen oinarrizko ideiekin, Datuen Europako Estrategian deskribatzen denez. Apustu horren erakusgarri dira Europako Batzordeak energia-sektoreko datu-espazioekin lotuta finantzatu dituen ekimenak. Horietako batzuetan parte hartzen du TECNALIAk, beste euskal enpresa batzuekin batera.

Energia-sektorerako Europako datu-espazio bat.

Europako beste bazkide batzuekin batera, Sener, Meteo For Energy, Hine eta Euskadiko Energia Klusterra Euskadiko bazkideak energia-sektoreko Europa mailako datu-espazio federatu baten oinarriak ezartzen eta garatzen ari gara, OMEGA-X eta ENERSHARE ekimenen bidez. Proiektu horiek, ATOS eta ENGINEERING buru direla, bizkortu egingo dute energia-sektorearen digitalizazioa, zenbait osagai teknologikoren aukera zabalduz, besteak beste elkarreragingarritasuna, konfiantza, datuen balioa eta gobernantza, Europako estandar komunetan oinarrituta —hala nola GAIA X eta IDSA—.

Ekimen horien bidez, negozio-eredu berriak sortuko dira datu-ekonomiaren inguruan: erakutsiko dute baliagarriak direla hainbat erabilera-kasutarako —hala nola sorkuntza berriztagarri banaturako, malgutasun-hornidurarako eta energia-komunitateetarako—, eta datu-zerbitzuak garatuko dituzte, eragileek partekatutako datuak konbinatu eta haien balio guztia aterako duten analisi-teknikak erabiliz. Zerbitzu horien bidez, hauek garatuko dira, besteak beste: biki digitalak —turbina eolikoen eta instalazio fotovoltaikoen eragiketa eta mantentze-lana optimizatzeko—, energia-komunitateak modu eraginkorrean kudeatzeko algoritmoak, eta malgutasun-zerbitzuak emateko tresnak —eraikinak, biltegiratze-sistemak eta ibilgailu elektrikoa erabiliz, adibidez—.

Eskalagarritasuna eta elkarreragingarritasuna

Funtsezkoa da garatutako soluzioek datuen espazioko beste ekimen batzuekiko eskalagarritasuna eta elkarreragingarritasuna bermatzea, ez soilik energiarako, baita sektore arteko ekimenetarako ere. Int:net ekimenaren helburua da —TECNALIAk parte hartzen du ekimen horretan— Europako energia-datuen etorkizuneko gunea garatzeko ekimenak koordinatzea.

Sistema eta zerbitzu energetikoen heldutasun-maila elkarreragingarritasunaren ikuspuntutik ebaluatzeko aukera ematen duen eredu bat garatuko da. Elkarreragingarritasun-probak egiteko esparru komun bat ere sustatuko da, eta laborategi-sare bat sortuko da. Azkenik, elkarreragingarritasunarekin eta datu-espazioekin lotutako Europako agenteen sare bat osatuko da, proiektua amaituta ere elkarte nahiz erakunde gisa jarraituko duena.