"Ebaluazio Batzordean, TECNALIAko teknologia-, merkatu eta estrategia-zuzendariek eta TECNALIA Ventures-ek hartu dute parte, baina baita inbertsioaren eta ekintzailetzaren arloko kanpo-eragileen ordezkariek ere"
Omegan aurkezturiko zortzi aukerak hautagai dira TECNALIAren azelerazio-programaren parte izateko, zeina TECNALIA Venturesek kudeatzen baitu
Maiatzaren 26an egin zen lehenbiziko OMEGA 2022 saioa. Han, TECNALIAko ordezkariek deep techekin loturiko zortzi negozio-aukera aurkeztu zituzten, eta, Ebaluazio Batzordeak balioetsi ondoren, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroaren barne-azelerazioko programaren parte izango dira.
TECNALIA Ventures da azelerazio-programa horren kudeatzaile (TECNALIAren Deep Tech Venture Builder-a), eta haren esparruan sortuko dira etorkizuneko spin-offak. Aurkeztutako oinarri teknologikoko negozio-aukerek negozio-hipotesi garrantzitsuak ez ezik balio teknologiko bereizgarria duten proposamenak ere eskaintzen dituzte, zeinak patenteekin edo software-erregistroekin babesturik egon ohi baitira.
Ebaluazio Batzordean, TECNALIAko teknologia-, merkatu- eta estrategia-zuzendariek eta TECNALIA Ventures-ek esku hartu dute, baina baita inbertsioen eta ekintzailetzaren arloko kanpo-eragileetako ordezkariek ere. Haien artean, hauek dira nabarmentzekoak: Guillermo Delclaux, Tekpolioko bazkidea; Murli Bhamidipati, inbertsiogile pribatua; Jorge Aranzabe, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateko zuzendariordea; eta Garbiñe Manterola, Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) jakintza-transferentziako zuzendaria.
Deep tech negozio-aukerak
Zehazki, deep tech negozio-aukera hauek aurkeztu dira:
- BROKEL: finantza-puzzlea osatzen. Bezeroek ez ordaintzeko arriskuaren scoringa lortzeko pribatutasun-teknologiak, haien izen onaren azterketa orokorra oinarri hartuta.
- NEWRO: garun barneko errehabilitazioa istripu zerebrobaskularretan. Goiko gorputz-adarren neurorrehabilitaziorako gailu mediko robotikoa, datu elektrofisiologikoak eskuratzeko hainbat sistema konbinatzen dituena.
- RECY-BATT: LIB baterietatik kobrea, nikela eta litioa berreskuratzea. Baterien hondakinak aldez aurretik tratatzeko prozedura adimenduna, haien jatorria edo tipologia kontuan hartuta, eta material kritikoak efizienteki berreskuratzea hidrometalurgia aurreratuko prozesu baten bidez.
- CirRobBat: circular robotics for battery dismantling. Bateriak desegiteko prozesua automatizatzea sistema robotikoen bidez, ondoren berrerabiltzeko eta birziklatzeko.
- PV-LIGHT: energia fotovoltaiko disruptiboa, etorkizuneko mugikortasunaren erronkei erantzuteko. Eguzki-panel ultraarinak eta efizienteak, lurreko eta aireko mugikortasunean balio erantsi handiko aplikazioetara bideraturik.
- KONBUS+: best thermal spray technologies for the best coating solutions in every application. Gasez elikatutako proiekzio termikoko ekipamendu alternatiboak (HVOAF eta HFPDneo), era guztietako materialak kalitate eta errendimendu handiarekin estaltzeko.
- AHT 2.0: industriaren deskarbonizazio lehiakorra. Xurgapen itzulgarri bidezko bero-ponpa, tenperatura baxuko hondar-bero industrialari balioa emateko, zeinak bero edo hotz moduan aprobetxatzeko aukera ematen baitu. Produktu erakargarria ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik.
- AXLEFIX: going from 2 to 1 articulations. Ibilgailu artikulatuen maniobragarritasuna hobetzeko direkzio-sistema.