Berria

Ekonomia zirkularra bultzatzen dugu, makineria tradizionalaren bizitza baliagarria luzatuz

2019ko azaroaren 25a

Instalatutako industria-ekipo handiak birdiseinatzen eta moldatzen ditu Reclaimek, irtenbide teknologiko berrien bidez haiek egokitzeko eta estandarizatzeko

Reclaim ekimena joan den urrian sortu zen, makineria tradizionalaren bizitza baliagarria luzatuz ekonomia zirkularra bultzatzeko Europako Batasunak egindako apustuari erantzuteko.

Nieves Murillo arduradunak azaldu duenez, ekimen honen helburua da fabriketan instalatuta dauden ekipo industrialak moldatzeko eta birdiseinatzeko paradigma berri bat bultzatuko duten teknologiak eta estrategiak erakustea.

Modu horretan, baliabideak aurreztea lortuko dute, ekipo horiek bota beharrean berrerabiliz. Harms & Wende GMBH ETE alemana du lidertzat partzuergo horrek, eta haren erronka da makinen mantentze-lanak % 40 murriztea eta ustekabeko kostuak % 10-15 artean jaistea. Makinen osagaiei dagokienez, mantentze-lanetan kostuak % 35 jaitsi nahi dira, eta ekoizpen-lerroetan, berriz, % 20-25.

Proiektu pilotuak bost industria-ingurunetan

Reclaimek garatu beharreko paradigma berria bost industria-ingurunetan erakutsiko da. TECNALIAk horietako bitan hartzen du parte.

Lehen erabilera-kasua Muchos oinetako-enpresan egingo da. Errioxako Asociación para la Promoción, Investigación, Desarrollo e Innovación Tecnológica de la Industria del Calzado y Conexas (Ctcr) elkartearekin lankidetzan, oinetakoen kontrahormak egiteko mozketa-makinen ekoizpen-prozesuak optimizatzen saiatuko gara: sentsore heterogeneoak diseinatuko ditugu, sentsore-teknologiak eta elektronika- eta komunikazio-teknologiak konbinatuz, neurrira egindako soluzio bat emateko. "Ez gara automatizazioaz bakarrik ari, baizik eta pauso bat harago joan nahi dugu, makina modu osagarrian digitalizatuz", esan du Murillok.

Bigarren proiektu pilotua Turkiako Zorluteks enpresan gauzatuko da, zeina herrialde hartako ehungintza-enpresa handienetako bat baita, eta Advantic Sistemas y Servicios enpresa espainiarrarekin lankidetzan arituko da.

Ehunak zuritzeko tamaina handiko makina batean egingo dute ekimena, monitorizatu egin behar baita. Jarduera horretarako makinaren kontrol-parametroak optimizatu beharko dira, ikusizko sentsoreen bidez; sentsore horiek prozesuko desberdintasunak kontrolatuko dituzte, zuria monitorizatzeko aldagai batzuk kontuan hartuta (hala nola uraren kontsumoa, kontsumo energetikoa eta fabrikazioan botatzen diren gehigarriak).

TECNALIAk ekoizpen-eredu tradizionaletik ekonomia zirkularrerako trantsizioan lagunduko du, Europako 21 erakunderekin batera Reclaim proiektua abian jarri ondoren.