“Sistema fotovoltaiko integratuak egoki ebaluatzea funtsezkoa da eraikinen segurtasunerako”
TECNALIAk parte hartzen du Nazioarteko Energia Agentziak eraikuntzan integratutako energia fotovoltaikoaren mapatzea egiteko abiarazi duen ekimenean
Suteen aurkako Segurtasun Laborategitik, TECNALIAk Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA TASK 15) ekimenean parte hartu du, mundu mailan eraikuntzan integratutako energia fotovoltaikoarekin (BIPV – Building Integrated Photovoltaic) lan egiten duten ikerketa-zentroak eta laborategiak mapatzeko.
Txosten batean jaso dira azterlanean lortutako emaitzak. Txosten horretan, eraikuntza-produktuen suteen aurkako segurtasunari buruzko I+G zentroen, laborategien, arauen eta araudien ikuspegi orokorra azaltzen da, munduko 18 herrialderi dagokienez: Alemania, Australia, Austria, Brasil, Kanada, Txina, Korea, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia, Norvegia, Zeelanda Berria, Portugal, Singapur, Suedia eta Suitza.
Sistema horiek hiri-azpiegituraren gero eta zati integralago bihurtu ahala, ezinbestekoa da arau-esparru bateratuak garatzea, sistema horiek osatzen dituzten eraikinen segurtasuna bermatzeko berariazko saiakuntza-metodoak eta baldintzak zehazte aldera.
IEA TASK 15 txostena
Txostenak suteen aurkako nazioarteko segurtasun-arauen, eraikuntza-kode nazionalen eta BIPV moduluen eta sistemen suteen aurkako segurtasunarekin lotutako araudien deskribapen laburra ematen du, eta produktu horiei aplika dakizkiekeen saiakuntza-metodoak eskaintzen dituzten laborategi egiaztatuak gomendatzen ditu.
Azterlan horrek oinarri erabilgarria eskaintzen du etorkizunean BIPV produktu eta sistemen suteen aurkako segurtasuna ebaluatuko duten nazioarteko saiakuntza-metodo bateratuak garatzeko, eta, horretarako, laburki planteatzen ditu etorkizuneko saiakuntza-prozedura berrien garapena eta suteen aurkako segurtasunarekin lotutako aukerak.
Azterlanaren azken txostenetik ondorioztatzen denez, eraikuntzako produktuetarako suteen aurkako segurtasun-arauak bateratu egin behar dira nazioartean. Besteak beste, BIPV sistemak eraikingintzan integratzeak dakartzan berariazko erronkei heldu beharko zaie.