“Mintz-teknologia horren helburua da beste bide batzuetatik mugatu ezin daitezkeen CO2-isurien arazoari irtenbidea ematea”.
TECNALIA CO2-a bereizi eta atzitzeko soluzio teknologiko bat garatzen ari da, mintzetan oinarritua, energia-kontsumoa murrizten duena.
Proposamen horren helburua da beste bide batzuetatik mugatu ezin diren CO2-emisioetarako irtenbide batean aurrera egitea, eta, horretarako, industriako ekoizpen-prozesuetan integratzeko prestatuta dauden sistemak garatzea.
Abantailak beste aukera batzuen aldean
Bereizte-matrize mistoko mintzetan oinarritua dago teknologia hori, eta zenbait abantaila ditu eskura dauden beste aukeren aldean:
- Teknologia modularra da, trinkoa, eta edozein eskalatan aplika daiteke. Ondorioz, askoz leku gutxiago behar du. Hori oso garrantzitsua da CO2-a atzitzeko, oso gas-kantitate handia sortzen baita industrian, eta oso leku gutxi izaten baita ekoizpen-prozesuak egiten diren guneetan.
- Ingurumenari dagokionez ere baditu abantailak. Aminen bidez egindako adsortzioarekin alderatuta, ez da hondakin toxikorik sortzen; izan ere, eragiketa-fasean, mintzen teknologiak ez du konposatu kimiko arriskutsurik erabiltzen.
- Mintz-teknologiak energia gutxiago kontsumitzen du; izan ere, prozesu jarraitua da eta ez du tenperatura handirik behar desortziorako. Hala, lortzen den CO2-a atzitzearen kostua erakargarria gerta daiteke industrian aplikatzeko.
- Gaur egun mintzetan erabiltzen diren materialek (polimeroak) berezko mugak dituzte iragazkortasunean eta selektibitatean. TECNALIAren proposamenaren oinarria matrize mistoko mintzak sortzea da, eta polimeroan COFak (Covalent Organic Frameworks) sartzea efektu sinergiko bat lortzeko.
Espero diren onurak
TECNALIAk 10 urte baino gehiago daramatza CO2-a atzitzeko mintzak eta materialak garatzen, eta Europa-mailako ondoz ondoko zenbait proiektutan hartu du parte. Gaur egungoa une erabakigarria da merkaturatu daitekeen produktu bat sortzeko jauzia egiteko. Horretarako, laguntza bilatu du All4Zero industria-berrikuntza teknologikoko hubean, zeina Arcelor Mittalek, Holcim Españak, Iberiak eta Repsolek bultzatzen baitute.
Espero da teknologia hori funtsezkoa izatea industria-sektore nagusien deskarbonizazioan oinarritutako negozio berriak sortzeko. Gainera, zeharka, kualifikazio handiko lanpostu berriak sortuko lirateke.
All4Zero industria-berrikuntza teknologikoko hubak hautatutako proposamena
All4Zero berrikuntza teknologiko industrialeko hubak proposamen teknologiko hori hautatu du trantsizio energetikoaren eta industriaren deskarbonizazioaren erronka handiei aurre egiteko.
All4Zerok open call batean abiarazitako lehenengo erronkari erantzuten dio proiektu horrek, eta karbonoaren atzipen efizientearekin eta isurien murrizketarekin lotua dago. Helburua da teknologia disruptiboak bilatzea, haien bidez 2050ean zero emisio garbi izateko helbururantz aurrera egiteko.