150 espezialista baino gehiago bildu ziren BECen, sare elektrikoen nazioarteko jardunaldien (JIECC) 18. edizioan parte hartzeko.
Sare elektriko adimendunak aztertu ditugu sektore elektriko eta energetikoko adituekin batera, aintzat hartuta deskarbonizazioaren funtsezko faktore direla
Jose Luis Elejalde TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendariak, Ivan Martén ORKESTRAko presidenteak eta Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusiak egin zuten ongietorria sare elektriko adimendunei buruzko jardunaldien (JIECC) edizio berrian.
Jose Luis Elejaldek adierazi zuenez, “Euskadi erreferentziazko lurralde bihur daiteke trantsizio energetikoan eta deskarbonizazioan”. Halere, nabarmendu zuenez, “garrantzitsuena da gure lurraldeko enpresek mundu osoan sal ditzaketen proiektuak eta irtenbideak garatu ahal izatea. Horrek ekarriko du gure herriak egitura industrial askoz handiagoa eta egitura ekonomiko handiagoa izatea. Eta sare elektrikoak horretarako bide bat dira”.
- Ekitaldiak arreta berezia jarri zuen sektore elektrikoaren garapenean eragina izan dezaketen alderdi geopolitiko eta estrategikoetan, bai maila globalean bai Europan.
- Sarearen digitalizazioari buruzko esperientziak eta iritziak trukatu ziren, bai eta eskaria elektrifikatzen laguntzen ari diren proiektu eta soluzioei buruzkoak ere.
- Bestalde, kongresuak gune berezi bat eskaini zien Espainiako banaketa elektrikoko enpresen ordezkariei, sektore elektrikoak dituen aukerak eta erronkak partekatzeko.
Sare elektrikoak, energia-sistemaren funtsezko osagai
Sare elektrikoak energia-sistemaren funtsezko osagai bat dira, eta giltzarriak trantsizio energetikoa jasangarritasunez egiten dela bermatzeko.
TECNALIAk, ORKESTRAk eta EEEk elkarrekin antolatutako JIECC jardunaldien helburua da topagune bat izatea, non zenbait herrialde eta eremutako adituek aukera izango baitute ideiak trukatzeko eta sektore elektrikoko teknikaren egoerari eta aurrerapenei buruz eztabaidatzeko.